Eskualdeko gazteak, rallysprintetako gidari

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko api. 14a, 02:00

Ikusle gisa bizitu zituzten lehendabiziko rallyak. Autoa erosi, beharrezko moldaketak egin, eta barru-barrutik bizitzen dituzte orain lasterketak, gidari gisa. 

Bide bazterretan jarri, eta rallyetako motorren hotsekin zirrara sentitzen hasi ziren gaztetxotan Mikel Etxeberria asteasuarra, Xanti Loidi eta Aitor San Sebastian zizurkildarrak eta Jokin Urkizu amasarra. Zaletasun hori pasio bihurtzen joan zen lau gazteen kasuan, eta egun, rallysprint-etako gidari dira lauak ere. 

Mikel Etxeberriak oso garbi izan zuen bere zaletasunari eutsi behar ziola, “kosta ala kosta, rallyetan gidari aritu nahi nuen. Beti lagun eta ezagunei begira egoten nintzen eta ikaragarri gustatzen zitzaidan mundu hori. Azkenean, pausoa eman eta neroni hasi nintzen gidari”. Beste hiruek ere, modu beretsuan ekin zioten zaletasunari. 

 

Autoa egokitzea

Autoa erosi eta hura egokitzea da lehendabiziko pausoa. Mikelek, errepidean erabiltzen zuen autoa moldatzea erabaki zuen: “Arautegiak geroz eta eskakizun gehiago jasotzen ditu: eserleku bereziak, iraulketetan babestuko gaituzten barrak, babes-jantziak..., segurtasun neurri handiak eskatzen dituzte eta autoaren moldaketa nahiko garestia izan daiteke. Oinarrizko moldaketak egiten ditugu hasieran, eta pixkanaka gauzak gehitzen eta hobetzen joaten gara. Betiere, norberaren aurrekontuaren arabera”. 

Autoaren mantenimendua, batetik bestera mugitzeko behar duten erremolke edo atoia, lasterketetan izena emateko ordaindu beharrekoa..., zaletasun garestia dela aitortu dute lau gazteek. “Golperen bat hartuz gero, berriz, aurrekontua igo egiten da”, diote irribarretsu.

Laguntzeko prest dauden patrozinatzaileak ere izaten dituzte. “Batzuek diruz laguntzen gaituzte, beste batzuek mekanikako edo karrozeriako lanak eginez. Laguntza guztia ongietorria izaten da, zalantzarik gabe”, azaldu du Aitorrek. 

 

Mekaniko lanak

Baliabide ekonomikoez gain, denbora ere eskaintzen diote euren zaletasunari. “Autoari egin beharreko aldaketa eta konponketak gure eskuz egiten saiatzen gara. Ezinbestekoa denean soilik eramaten dugu autoa tailerrera, bestela aurrekontua ikaragarri handituko bailitzake. Horrez gain, halako poz berezia ematen du norberak moldatutako autoa gidatzeak. Ordu askotako lana da, baina gustura egiten dugu”, azaldu du Jokin Urkizuk.

Mekanika ikasketak egin zituen Jokinek, eta ordu asko igaro ditu bere autoa moldatzen, “ia bi urte. Nire kapritxora jarri nahi nuen, eta denbora asko behar izan dut. Asko ikasi dut nire autoa prestatzeko bidean, sortutako arazoei irtenbideak bilatuz”. Lasterketa eguna iritsi eta autoa errepidera ateratzeak, egindako lan guztiaren ordaina ekartzen die gazte hauei. 

 

Lehia

Rallysprintetan lehiatzen dira eskualdeko lau gazteak. Egun bakarreko lehiak izaten dira rallysprintak. Errepidea itxi, eta ibilbide bat zehazten dute. Maila ezberdinetan banatzen dute lehia eta eskualdeko lau gidariak formula librean aritzen dira: “Moldatutako autoak direla esan nahi du horrek. Maila horren barruan, era guztietako autoak aurki daitezke; 2000 euroan erositako auto moldatua, edo 50000 eurotik gorakoa. Oso zaila da auto garesti horien aurka irabazi ahal izatea. Nolanahi ere, gu gurea ematen saiatzen gara”, azaldu du Jokinek. 

 

Lagunartea

Ibilbidea ahal den ondoen bete, eta autoaz gozatzea da lau gazteon helburu nagusia. “Lasterketa pare bat egin ondoren uzteko asmoa nuen, baina ikaragarri gustatu zitzaidan, eta dagoeneko hiru urte daramat. Lagunarte polita osatzen dugu eta ondo pasatzen dugu. Motorrarekiko zaletasunak elkartu gaitu, eta gustura gabiltza”, azaldu du Mikelek. Sare sozial bidez etengabeko harremana dute beste herrietako gidariekin ere, “gure arteko lehia sanoa dugu, oso giro ona”, gaineratu du Aitorrek. 

 

Gidari eta kopilotu

Kopilotuaren laguntzaz ateratzen dira lasterketatan. Haren ardura izaten da ibilbidearen inguruko oharrak hartu eta gidariari beharrezko azalpenak ematen joatea. “Ibilbidea ezagutzeko aukera ematen digute lehiaren aurreko astean. Kopilotuek ere mundu honekiko zaletasun handia izaten dute. Batzuk, kopilotu gisa hasten dira lehendabizi, gero gidari izateko”. Xanti Loidi eta Aitor San Sebastian, esaterako, pilotu eta kopilotu izan ziren lehendabiziko lasterketatan; orain, gidari lanetan aritzen dira biak ere. 

 

Zaletasun handia

Geroz eta jende gehiago zaletzen ari dela uste dute lau gazteek. Gabirian jokatzen den lasterketa izaten da denboraldiko lehendabizikoa, “eta jendea zain egoten da. Asko eta asko izan ziren bi egun lehenago bide bazterrean jarri zirenak, lasterketa ikusteko tokirik onenak hartzeko. Zaletasun handia dago, zalantzarik gabe”, azaldu du Xantik. 

Etxekoen babesa aurkitu du Jokin Urkizuk bere zaletasuna garatzeko garaian. Lasterketak ikustera ere joaten dira gurasoak. Mikel, Aitor eta Xantiren kasuan ere, euren zaletasunarekiko errespetua jasotzen dute etxekoengandik. “Minik hartu gabe ibiltzea eskatzen digute bereziki”, aipatu dute. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!