Malkar plazako ikurra berriz ere margotzeko deia egin du Amasa-Villabonako Sortuk

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko api. 14a, 02:00

Amasa-Villabonako Sortuk gogor salatu zuen atzo, Villabonako EAJk Malkar plazako presoak Euskal Herriratzeko ikurra ezabatzeko erabakia hartu izana. Espetxeak hustu eta presoen eskubideak defendatzen jarraitzeko konpromiso irmoa dutela adieraziz:

Atzo iluntzeko batzarrean, presoen eskubideen defentsan atzera pausorik emango ez dutela adierazi zuen Amasa-Villabonako Sortuko kide Esti Amenabarrok. Amasa-Villabona beti izan dela presoekin solidario eta halaxe izaten jarraituko duela aurrerantzean ere. "Amasa-Villabonako ezker abertzaleak elkartasun hori erakusten jarraituko du hemendik aurrera ere. Villabonako alkate eta EAJri oso garbi esan nahi diegu ez dugula utziko presoen oroitzaren gainean barrerik egiten. Presoen eskubideen aldeko defentsan inoiz baino indar gehiagorekin lanean jarraitzeko gure determinazio osoa dugu eta haserrearen gainetik, defentsa hori azken muturreraino eramango dugu". Preso politikoek ere eskubideak dituztela nabarmendu zuen eta berriro Malkar plazako ikurra margotzeko deia egin zuen datorren astelehenerako, apirilak 18, arratsaldeko 19:00etan. Era berean, herritarrak gonbidatu zituen herriko kale, etxe, taberna nahiz dendatan sinbolo hori zintzilikatzeko, "gehiengo sozial eta politiko zabal batek bere egiten duen ikurra". Villabonako EAJri, berriz, ondoko mezua: "presoen eskubideen defentsan konpromisoa daukagun pertsonen arteko adostasuna nahi dugu eta ez krispazioa eta samina eragitea".

Batzarra amaitu aurretik, igandean 1600 preso eta errefuxiatu ohiek baino gehiagok Bilboko La Casillatik 'Preso eta errefuxiatua etxera' lelopean abiatuko den manifestaziora joateko gonbitea luzatu zuten. Amasa-Villabonako 17 preso eta errefuxiatu ohiek egin dute bat hitzorduarekin. Bestalde, ostiralean, apirilak 15, Nekane Txapartegiren atxiloketa salatzeko 20:00etan egingo den kontzentraziorako deia ere egin zuten; zeinak, Euskal Herriarekiko elkartasun taldeek Suitzan antolatuta daukaten kontzentrazioarekin bat egingo duen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!