Errepublika hizpide apirileko batzarraldian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko api. 14a, 02:00

Jorge Mourinho Irabaziko zinegotziak Errepublikaren aldeko mozioa aurkeztu zuen, bost puntuz osatua. Hona proposamenaren edukia, puntuz puntu:

  1.  1936ko altxamendua gaitzestea.
  2. III. Errepublikaren aldeko udalen sarearekin bat egitea eta Errepublikaren aldeko prozesu eraikitzailea bultzatzea.
  3. Egungo estatua agortua dagoela adieraztea eta estatu eredua erabakitzeko erreferenduma eskatzea.
  4. Mozioan agertzen diren balioen eta horien alde bizia eman zuten herritarren aitormen gisa, apirilean udaletxeko balkoitik bandera errepublikanoa zintzilikatzea.
  5. Mozioaren erabakia erakunde publiko eta komunikabideei helaraztea.

Ganemoseko Olga Hernandezek bat egin zuen puntu guztiekin, “Franco hil zenetik urte asko pasa dira eta oraindik justizia egiteko dago. Bada herriari zein sistema politikoa nahi duen galdetzeko garaia”. 

EH Bilduren izenean, Jon Zuluetak adierazi zuen bere taldea ez zegoela mozioaren ideia askorekin ados, III. Errepublika espainiarra ez baizik eta Euskal Errepublika nahi duelako. Baiezkoa iragarri zuen mozioaren lehenengo, laugarren eta bosgarren puntuari. Banderari zegokionez, ondo ikusten zuten  apirilaren 14an zintzilikatzea, herrian frankismoak zapaldu zituen herritar askoren sentsibilitatea ordezkatzen duelako.

EAJ-PNVko Marijose Izagirrek adierazi zuen bere alderdiak bost puntuen aurka bozkatuko zuela, ez zegoelako ados bere helburuekin: “Ez gara monarkia zaleak, ez duelako gure herriaren aitortza egiten. Urte asko daramatzagu altxamendu militarra salatzen, urte asko Euskal Errepublika lehenetsi nahian, eta ez dugu inoren leziorik onartuko. Balkoian zintzilikatu nahi dena espainiarra da, Espainiako Errepublikar bandera, baina inposatutakoa. Beraz bi bandera espainiar zintzilikatzea eskatzen da, bata legez behartuta, eta bestea tamalez, udabaltza honek erabakitakoa”. Izagirrek, bere azalpenean, Andoaingo udalak 1931ko apirilean onartutako mozioaren lehen hiru puntuak gogorarazi zituen. Hauexek: Espainiar Errepublika aitortzea, herritarren adierazpen legitimoa izan den heinean; Espainiar Errepublikari lotutako Euskal Gobernu Errepublikanoa eraikitzeko nahia adieraztea; eta, Erakunde publikoei eskatzea autodeterminazio printzipioa errespetatzea.

PSE-EEko Maider Lainezek baieztatu zuen bere alderdiak frankismoa gaitzetsiko zuela, baina ez zitzaion iruditzen egungo estatu sistema agortua dagoenik, eta beraz, ezezkoa emango ziela bigarrengo eta hirugarrengo puntuei. Bandera zintzilikatzeari zegokionez ere, ezezko botoa iragarri zuen Euskadiko Epaitegi Gorenak legez kanpokoa dela adierazia duelako.

Azkenean, soilik lehen eta bosgarren puntuak onartu ziren, EAJ-PNV ez beste guztien aldeko botoekin. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!