Pailazoak eta musikariak elkarrekin

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko api. 13a, 02:00

Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek ‘Musika ari du’ ganbara kontzertua eskainiko dute Gurean, datorren apirilaren 28an. Ikusleak jolasean eta kantuan jarriko dituzte.

Aiurri aldizkariak, Villabonako Udalaren laguntzarekin, ‘Musika ari du’ ikuskizun bitxi bezain goxoa antolatu du apirilaren 28rako, ostegunarekin. Ez da ohiko emanaldia izango, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek, zuzenean arituko diren musikari laguntzaileak izango baitituzte aldamenean: Xabier Zabala pianoarekin eta eskusoinuarekin arituko da Euskadiko Orkestrako hari laukotea ere. Pailazoen kantu ezagunekin batera, musika klasikoko abestiak jo eta musikaren erritmoan, ikusleak jolasean eta kantuan jarriko dituzte.

Emanaldi berezi horren xehetasunak ikuskizunaren zuzendari Xabier Zabalak eskaini dizkio Aiurriri:

 

Nola definituko zenuke Gurean eskainiko duzuen ‘Musika ari du’ ikuskizuna?

Txikientzako ikuskizun berezia da. Pailazoak dira ardatza eta haien inguruan gauzatzen da istorioa. Musikari lotuta, Euskadiko Orkestrako kideek osatutako Kaabestri soka laukotea eta ni neu zuzenean aritzen gara. Pailazoen hainbat abesti formatu horretan jotzeko egokitu izan ditut eta haiekin batera, musika klasikoko abesti oso ezagunak tartekatzen ditugu. Besteak beste, Maurice Ravelen ‘Bolero’, Antonio Vivaldiren ‘Lau urtaroak, Leroy Andersonen ‘Plink, Plank, Plunk’, J. S. Bachen ‘Minuetto’… Kantu horiekin batera, azken diskoko Joxan Ormazabalen olerki musikatuak ere eskaintzen ditugu. Barre eta jolasen bidez, bizitzako egoera guztietan, egunero eta nonahi musika dagoela erakustea da ikuskizunaren asmoa. Jaiotzear den haurrari, haur jaioberriari, astoari, urtaroei edota euri tantari abesten diegu. 

 

Vivaldi, Rabel edota Bach pailazoen kantu ezagunekin  batera. Nola erantzuten dute txikienek?

Oso bitxia da antzeko emanaldietan 2-3 urteko haurrak ere zer nolako arretarekin egoten diren ikustea. Hain txikiak izan arren, adi egon ohi dira. Zuzeneko formatua da, zuzenean ikusten dituzte pailazoak eta zuzenean entzuten dute musika. Izugarri polita da Euskadiko Orkestrako lau kideek musika nola jotzen duten ikustea. Musika-tresna ezberdinak jotzen dituzte gainera, instrumentuak txandakatuz. Umeek musika sentitu eta estimatu egiten dute zuzeneko emanaldian. Beste era batera ikusten dute musika.

 

Donostiako estreinalditik Villabonako Gurea antzokira zatozte ikuskizuna eskaintzera…

Aurrez egin genituen emanaldietan jasotako erantzun ona ikusita, aurrera jarraitzea erabaki dugu. Musika adierazteko modu bat da eta entzun ez ezik, ikusi eta sentitu egin behar da. Ikuskizun honetan zehar, musikari esker, zentzumen guztiak martxan jarri nahi ditugu.

 

Haurrei, musikariei, familiei..., nori zuzenduta dago?

Jende guztiari, haur txiki-txikietatik hasita. Beste era bateko saioa da eta musika sentitu nahi duen orori egingo nioke gonbidapena. Guk musikari bezala, gozatu egiten dugu ikuskizunean zehar eta gure helburua, entzule nahiz ikusleek ere goza dezaten da. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!