Eguzkitan burutu zen Andoaingo mendi ibilaldia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko api. 12a, 02:00

Euskal Herriko bazter guztietatik etorritako 300 bat mendizalek hartu zuten parte Andoaingo ibilaldian, Euskalduna mendigoizale taldeak antolatuta. Gogorra bezain polita gertatu zen txangoa, Aiztondoko paraje zoragarrietan barrena, eguraldi eguzkitsua lagun izan zutelarik mendizaleek.

[Argazkiak ikusgai]

 

Bi ibilbide antolatu zituzten antolatzaileek, Andoain irteera eta helmuga edukirik biek ere. Luzea, 42 kilometrokoa, Zizurkil, Alkiza, Ernio, Gazume, Andazarrate, Zarate eta Belkoain bezalako naturgune gozagarrietatik igaroaz. Motza, berriz, Zizurkil, Zarate eta Belkoainen barrena.

Mendizaleak goizeko 07:00etan irten ziren Andoaindik. Luzea osatzeko gutxienez sei ordu terdi beharko zirela aurre ikusi zuten Euskaldunako antolatzaileek, baina jada 12:00etarako iritsi zen lehenengo mendizalea elkarteak Kale Nagusian daukan egoitzara; haren atzetik beste zenbait korrikalari joan ziren iristen banaka banaka. Antolaketak 02:00etatik aurrera agindua zeukan helmugako kontrolaren eta hamaiketakoaren irekiera, eta pittin bat atean itxaron behar izan zuten mendizale bizkorrenek.

Istripurik edo min hartze larririk ez zuen jasan inork ibilaldi osoan.

Andoaingo ibilaldia, Euskal Herriko iraupen luzeko ibilaldien 15. Zirkuituan sartzen da. Hogeita bost ibilaldi dira guztira. Martxoaren 20an ekin zitzaion zirkuituari Aizkardik elkarteak antolatuta, eta urriaren 9an amaituko da Makean (Lapurdi).

 

Boluntarioen ezkutuko lana

Azpimarratzekoa da antzeko iraupen luzeko ibilaldiek mugitu ohi duten boluntarioen taldea. Mendi elkarteetako kideek makina bat xehetasun lotu behar izaten dute, dena egoki irten dadin eta mendizaleek ondo zainduak izan daitezen. Beste eginkizunen artean, bidea markatzearena dago. Bezperan eguraldi petrala egokitu zitzaien, eta nahiko lan eduki zuten aurre egiten haize erauntsei, zintak aidean eramaten baitzituen. Errazago eduki zuten igande arratsaldeko lana, zintak jasotzea alegia; lan horretan aritu ziren, besteak beste, Joxe Mari Iturrioz, Leire Martinez, Arantxa Garmendia, Lurdes Eskudero, eta Pili eta Arantxa Urola ahizpak.

Ez dugu ahaztu behar ibilaldiko parte hartzaileek biziki eskertu zituzten hamaiketako goxoak ere. Andoaina leher eginda iritsi ziren mendezaileek ederki nabaritu zuten Mari Isabel Santa Cruz, Rosario Artolazabal eta Nati Ariasen esku fina.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!