Aiztondoko liburutegi berria, eskualdeko herritarren zain

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko api. 8a, 02:00

Apirilaren 23an zabalduko ditu ateak Zizurkilgo plazan kokatuko den Aiztondoko liburutegi berriak. Gune berritzailea izango da eta dinamismoa eman nahi diote espazioari.

Arantxa Zabala Zizurkilgo liburuzaina, Ainhoa Larrea kultur teknikaria eta Maite Amenabar kultur zinegotzia Aiztondoko liburutegia aurrera ateratzeko buru-belarri lanean aritu diren kideetako batzuk dira. Bide luzea izan da eta oztopoz betea batzuetan, baina euren helburua betetzear dira: epe laburrean zabalduko baita herriaren erdigunean kokatuko den Aiztondoko liburutegi berria. 2014ko azaroan hasi ziren lehen bilerak egiten inguruko herrietako kideak elkartuta. Bailarako liburutegiak bateratzeko ideia Aiztondoko herri txikietan, Zizurkil barne, zeuden liburutegiak mailegurako espazio txikiak zirelako otu zitzaien eta bereziki, zeuden beharrak behar bezala asetzen ez zituzten liburutegiak zirelako. “Diru berdina gastatzen ari ginen herri desberdinetan liburu berdinak erosteko. Krisi garaian funtzionatzeko erak aldatu egin behar direla uste dugu eta denak berdina erosi beharrean, errekurtso horiekin gauza gehiago lortzeko saiakera egin behar dela”, azaldu du Ainhoa Larreak. Liburutegi bateratuaren proiektuak horretarako bidea ematen duela diote eta mailegu zerbitzuaz gain, beste zerbitzu batzuk bateratuko dituen espazioa eskaintzekoa, bailarako herritar guztientzako topagune izango dena. Ideia hori oso garrantzitsutzat jotzen dute, egungo gizarte ereduari begira; izan ere, herri dinamikan duen eraginagatik, komunitate ikuspegia landu beharreko kontua dela uste dute. “Horretara ohitzen ez bagara, zein herri edukiko dugu?”, galdegin dute. Horixe da, bada, liburutegiaren filosofia; liburutegi soziala deritzaiona. “Azken batean, herri honek sormen handia dauka eta sormena lantzen ari den gazte asko dago. Agian gazte bat ez da liburutegi batekin erlazionatuko, baina bai horrelako espazio batekin. Eta espazio horretan behar ezberdinak batuz, askoz ere proiektu interesgarriagoak sor daitezke, betiko programaziotik haratago joanez”, gaineratu du kultur teknikariak.

 

Kalitatezko lana irakurleekin 

Era berean, garrantzitsua iruditzen zitzaien aurrekontuekin dauden mugak ezagututa, bailarako herri txikietako liburutegiak haur liburutegi bihurtzea. Ezinbestekoa da elkarrizketatuentzat haurrek, –azken batean, etorkizuneko irakurleak edo idazleak izango direnek–, euren etxetik gertu kalitatezko eta ondo hornitutako azpiegitura edukitzea, ez haiek kentzea. Arantxa Zabalaren hitzetan, “kontuan eduki behar baita piramidean, haurrek, liburutegia askoz ere gehiago erabiltzen dutela eta adinean aurrera joan ahala, zoritxarrez urruntzen joaten direla erabiltzaileak”. Irakurleak murrizten joaten diren heinean, liburuzainaren ustez, egokiagoa da liburuaren eta irakurketaren inguruan interesa duten horiek guztiak bildu eta haiekin kalitatezko lana egitea; tertuliak, idazmen tailerrak, ikus-entzunezkoak edota bestelako ekimenak abian jarriz.

Bestalde, bailara mailako gabeziak aztertzerakoan agerikoena, gazteek ikasteko leku egoki baten falta zela sumatzen zuten. “Herri txikietan ez dago aukera hori eta zerbitzu hori bermatzea garrantzitsua iruditzen zitzaigun, azken batean ikasten ari den gaztea horrelako leku batera erakarri eta dinamika dagoela ikusten badu, dinamikako parte egin baitaiteke”, diote. Ikasteko espazio egokia jarri da, isiltasuna bermatuko duena. 

Bailarako liburutegiak bateratzearen beste alde on bat, Arantxaren aburuz, taldean lan egiteko aukera eskainiko duela, besteak beste, gaitasunak elkarbanatzeko abantailarekin. 

Guneka banatuta

Liburuen mailegua baino zerbitzu gehiago eskaini nahi ditu, beraz, Aiztondoko liburutegiak. “Orain artean Zizurkilgoan ez da sekula egunkariak irakurtzeko aukerarik eskaini eta aurrerantzean hemerotekan bost egunkari eskainiko dira, aldizkariekin batera. Egunkariak, goizean jendea erakarri nahian jarriko ditugu. Horrekin orain arte etortzen ez zaizkigun erabiltzaileak erakarri nahi ditugu, jubilatuak esaterako”, azaldu du Arantxak. Txoko ezberdinak izango ditu: Txiki-txokoa, 0-3 urte bitarteko haurrentzat, ipuinez hornituta. Haur Txokoa, 4-12 urte bitarteko umeentzat, liburu eta lanerako mahaiez gain, bi ordenagailu eta DVD erreproduktorea izango dituena, aisialdia ere bultzatzeko. “Liburutegiak ez du ikasteko eta isiltasunean egoteko espazioa soilik izan behar, bizitza soziala bultzatu nahi dugu erakusketekin edo bideo proiekzioekin. Aisia zehaztutako ordu jakin batzuetan bideratuko da”, jakinarazi dute. Helduentzako guneak interneteko hiru puntu izango ditu. Liburutegiko mahai guztiak elektrifikatuta egongo dira ordenagailu eramangarriekin lan egin ahal izateko eta liburutegian beste ordenagailu eramangarri bat egongo da erabilgarri. Bailarako bilduma leku jakin batean kokatuko da, garrantzia berezia emango zaiolarik. “Bailarako sortzaileei lekua eman nahi zaie eta kolekzio lokala erakusteko gune bat prestatu da, eskualdean bertan sortzen diren liburu, musika CD, katalogo edo bestelako lanak erakusteko”. Erakusketa gela sortzaile berrien lanak erakusteko gunea izango da. Areto soziala edo erdiko gunean lau mahai egongo dira 24 eserlekurekin etxekolanak edo talde lanak egiteko. Pasilloaren bestaldean ikasteko gunea, elektrifikatutako mahaiekin, ADSL edo Wifi bidez konektatzeko aukerarekin. 30-35 bat lagunentzako balio anitzeko gela ere bai, proiektorearekin ekipatuta eta eskaera egiten duten herriko elkarte eta taldeei irekia. Sarrerako kristalean, eguneratuta egongo den bailarako kultur agenda bateratua. 

 

Bailara mailako dinamika

Aiztondoko liburutegiak ateak zabalik izango ditu erabiltzaile ororentzat, izan bailarako edo ez. Baina haratago joan nahi dute bultzatzaileek, dinamika sortu nahi baitute bailaran, agendak bateratu eta ekimenak antolatuz. Bultzatzaileek, pena dute Villabonaren parte hartzea oraingoz behintzat gauzatu ez delako,  “proiektuak indar handiagoa izango bailuke horrela”. Villabonak nahiko balu, proiektuarekin bat egiteko ateak oraindik ere zabalik daudela aipatu dute, baina haien erantzunik ezean, orain artean bezala Aiztondoko gainerako herri txikiekin soilik jarraituko dutela elkarlanean. Arantxa Zabalak, politikariek antzeko ekimen berrien aurrean bertigoa sentitzen dutela uste du, “kasu honetan ausardia eduki behar zela uste dut; bizilagunekin pedagogia egin eta proiektu honekiko apustua zergatik egin beharko litzatekeen ondo azaldu. Nik pena handia daukat, gaia hobeto aztertzeko denbora izan bagenu agian Villabonak beste erabaki bat hartuko zuelako sozializazio hori eginez. Baina oraindik ere ateak ez daude itxita eta badakite hemen gaudela”, argitu du. 

Buruan duten programazioa abian jartzeko Jaurlaritzatik espero zuten 150.000 euroko dirulaguntzarik jaso ez badute ere, asmo ugari dute buruan. “Hasiera batean, herriko hiru ikastetxeetako guraso elkarteekin hasiko gara lanean. Apirilaren 23ko inaugurazio egunean bertan, herriko hiru ikastetxeetako kideek ipuin kontaketak egingo dituzte, beraiek antolatuta. Garrantzitsua da gurasoak dinamikan inplikatzea”, adierazi dute.  Elkarrizketatuen iritziz, proiektu honek ez du udaletxeak herriari ematen dion espazio eta programazio bat izan behar. “Eragile desberdinekin batera osatu beharko litzateke eskaintza eta modu horretan, erabilera askoz ere aberatsagoa izango da. Ondorioz, jendea erabiltzaile gisa baino ideiak ekartzera animatuko genuke. Iradokizunen taula jartzeaz gain, dauden batzordeak ere horretarako aprobetxatu nahi ditugu”, jakinarazi dute Maite eta Ainhoak. Ikastetxeetako guraso elkarteekin bezala, herriko elkarte ezberdinekin harremanetan jarri eta haiekin batera programak osatzen saiatu nahi dute aurrera begira.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!