Zein da ikuskizunean kontatuko duzuen istorioa?
Garazi Egiguren: Maurizia ardatz hartuta, emakumeak izan duen garapena islatu nahi dugu. Emakumearen indarra eta dituen alderdi ezberdinak erakutsiko ditugu; emakumea bera, esparru guztietan: emakume langilea, sentimentala, sentsuala, ameslaria… Maurizia sinbolo bezala hartu dugu, beldurrei eta aurreiritziei aurre eginez, plazara ateratzeko kemena izan zuelako.
Ioritz Galarraga: Beste ikuspuntu bat ere gehi diezaiokegu emanaldiari. Emakumeen garapenaz gain, gizartearen eboluzioa ere erakutsiko dugu. Mauriziaren garaiari lotuta, gerra garaia eta elizaren eragina ikusiko dira.
Maurizia Aldeiturriaga, emakumearen ikuspegia azaleratzeko aitzakia al da?
G.E: Bai. Maurizia lehen aldiz plazara atera zen emakumea da. Plazaz plaza ezagun bihurtu zen panderoa jotzen eta izugarrizko kemena eta indarra erakutsi zuen.
I.G: Hasiera batean Maurizia agertzen bada ere, ikuskizunean segituan guztiok izango gara Maurizia. Pertsonaia banandu eta bere izaera eta pertsonalitate ezberdinak hartuta, rol ezberdinak interpretatuko ditugu. Momentu bakoitzean, dantzari bakoitzak hartuko du garrantzia eta Mauriziaren alor edo garai jakin bat transmitituko du.
Beraz, ikuskizunean bertan erritmo eta estilo aldaketak egongo dira...
G.E: Ardatz kronologiko batetik abiatuko gara; haurraren xamurtasunetik, panderoaren pasioa ezagutu zuen garaira. Amodioa, gorrotoa… Sentipen ezberdinak transmititzeko jokoa ematen du.
I.G: Plaza ere agertuko da, oso inguru animatua dena. Denetik erakutsiko dugu.
Panderoak agertuko badira ikuskizunean, instrumentua jotzen ere ikasi beharko zenuten, ezta?
I.G: Bai. Era nahiko autonomoan, bakoitzak bere aldetik, panderoa jotzen ikasi behar izan dugu.
Zer moduz doaz azken entsegu hauek?
G.E: Beti bezala, nahiko larri. Azken egunak gainera etortzen direnean, beti denbora gehiago nahi izaten dugu.
Urnietako aurre-emanaldiak zein puntutan dagoen ikusteko balioko al dizue?
I.G: Bai, finean, entsegu ireki bat bezalakoa izango da, eta zein akats ditugun ikusteko balioko digu. Jendaurrean egingo dugun lehen aldia izango denez, gure jarrera ere ezberdina izango da. Ez da gauza bera publikoarekin edo gabe dantza egitea. Egun horretan dena ematea lortuko dugu.
G.E: Jendea etorriko da ikustera eta jendearentzat ari gara lanean. Horregatik, jendea egoteak asko laguntzen du. Beraien erantzuna ezinbestekoa da. Gainera, kasu batzuetan, aurre-estreinaldiaren ondoren zenbait aldaketa egin behar izaten dugu, publikoarekin ez duelako zerbaitek funtzionatu edo zerbait beste modu batera egitea egokiagoa iruditu zaigulako.
Zer da ikasteko garaian zailena egin zaizuena?
G.E: Ainhoa Aierbe ari da eszena zuzendaritza lanetan eta bere laguntza eskertu beharra dugu. Istorioaren transmisioan laguntzen ari zaigu. Guk gure dantza eta istorioa oso barneratuta ditugu; gure pelikula eraiki dugu, baina, agian, jendeak ez du gure pelikula bera ikusiko. Barrutik ezberdin bizi dugu eta pauso bat harago joaten laguntzen digu berak. Asko nabaritu da bere lana; alde handia egin dugu eta helburua lortuko dugula espero dut.
Zein da zuen helburua emanaldiei begira?
G.E: Ikusle bakoitzak bere Maurizia aurkitzea lortu nahi dugu; emakumea edo gizonezkoa izan, bakoitzak gure baitan pertsonalitate edo izaera ezberdinak ditugulako.
I.G: Ikuslearengana iristen bagara, transmititzen badiogu eta sentitzen badu, helburua lortuta geratuko da. Horrez gain, Maurizia ezagutzera emateko aukera ere bada. Pandero jolea izateaz gain, emakume langilea zen, harremanak zituen, gerra garaia bizitu zuen… Ez zen plazara irteten zen emakume folklorikoa soilik. Neurri batean ikuskizuna emakumeen omenaldi bezala uler daiteke.