Jokin Izagirre, Txirritaren defentsore

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko api. 8a, 02:00

Jokin Izagirre Goia, (Urnieta, 1949) gaztaroan antzerki munduan ibilbide luzea egindakoa da. Maria Arizmendik Egi billa taldean, lehenik; Lourdes Iriondo eta Xabier Letek sortutako Buruntza taldean, ondoren. Duela 34 urte, “Gabon Txirrita” obrarekin utzi zion antzezteari, orain obra berarekin eta orduko paper berdinarekin itzuliko da.

1968. urtean hasi eta hamabi urtez Urnietako Egi billa antzerki taldean aritu zinen. Herriko zaharrenek oraindik memorian itsatsita dituzte “Kalifornia” eta garai haietan eskaini zenituzten beste hainbat obra. Zuk nola gogoratzen duzu garai hura?
Jokin Izagirre:
Gazte batzuk bilera politikoak egiten hasiak ginen ordurako. Eta euskal antzerkigintza, diktadurari aurre egiteko tresna baliagarria zela ikusten zuen Maria Arizmendik deituta, Egi billa taldean hasi ginen. Labaien eta Begiristain bezalako idazleen obrak taularatzen genituen. Gaur egunerako ez lirateke ziurrenik oso egokiak izango. Orduan, kontuan izan behar da Francoren diktaduraren azken urteetan bizi ginela, eta testuarekin ere muga asko genituela, adibidez, “askatasuna” hitza ere ezin zen erabili, dena moldatu eta egokitu beharra izaten zen garaiko gobernadore zibilak emandako aginduetara.
 
Eta Egi billa desegindakoan Buruntza taldera pasa zinen...
J.I.:
Bai, taldeko bi pasa ginen, Lourdes eta Xabierren taldera. Buruntzan talde giro bikaina zegoen orduan, ni baino hamar bat urte gazteagoek osatutako lagun koadrila bat zela esan liteke.
 
Nolakoa zen Xabier Lete zuzendari moduan?
J.I.:
Oso exijentea. Esate baterako, “Gabon Txirrita” obran, buruan zeuzkan paper guztiak eta bere modura egin behar izaten ziren, den-dena berak esaten zuen moduan. Taldekideen sujerentziak ez zituen onartzen, oso garbi baitzeukan nola enfokatu, alegia, pulamentu gabeko juizio bat dela obrak erakusten duena, eta horrek umoreari bidea irekitzen diola.
 
Luzea izan al zen obraren prestakuntza fasea?
J.I.:
Ez zen denbora askorik erabili obra montatzeko. Hilabete gutxi batzuetako kontua izan zen. Taldekide batzuk soldadutzatik etorri berriak baitziren, nahiz eta besteok aurretik gure papera ikasten arituak ginen. Azken egunetako entseguetan urduritasuna nabaritzen zen, hari mutur asko baitziren lotu beharrekoak, hala nola dekoratua, eszenatokia, fokoak nork jarri eta abar luzea.
 
Eta estreinaldi eguna iritsi zen...
J.I.:
Bai, hiru egunez jarraian eskaini genuen orduko Eliz-ondo aretoan. Hiru saioetarako sarrerak agortu egin ziren eta ikusleek asko disfrutatu zuten. Ikusi zutenek, oroitzapen polita gordeko dute.
 
Ondoren, Euskal Herrian zehar ibili zineten batetik bestera. Nola gogoratzen dituzu emanaldi haiek?
J.I.:
Joaten ginen toki denetan aretoak bete egiten ziren. Baina, orduko egoeraz jabetzeko, kontuan izan behar da, euskaraz antzerkia egiten, hiru talde bakarrik ari ginela, Oiartzungo Intxixu, Debako Goaz eta gu. Gogoratzen dut, adibidez, Donostiako Antzoki Zaharrean jendeak zer nolako barre-algarak egin zituen. 
Bentako Tomaxen kamioian eramaten genituen gauzak. Itzulitakoan kamioia deskargatzen aritzen ginen goizaldeko ordu txikietan, batzuk alde eginda, beste batzuk malaletxean... 22-23 urteko mutil gazteak parrandarako gogoz izaten baitziren.
 
Herri batetik bestera asko aldatzen al zen ikusleen erreakzioa?
J.I.:
Bai, Eibarren, adibidez, barre gutxiago egiten zuten, beraientzat ulergaitza egiten zen eta esaldi batzuk ez zituzten ondo jasotzen. Ondorioz, publikoa nahiko isilik egoten zen, baina, esate baterako, Errenterian eta Oiartzunen jendeak izugarrizko algarak egiten zituen.

Zure azkeneko obra “Gabon Txirrita” izan zen, eta 34 urte geroago agertokietara obra eta paper berdinarekin itzuliko zara. Nola sentitzen zara?
J.I.:
 Bai, nire azkeneko antzezlana hauxe bera izan zen. Deitu zidatenean ezusteko handia hartu nuen, baina gero  “zergatik ez?” pentsatu nuen. Urte asko pasa dira eta ez da berdina 33 urtekin edo 67 urterekin agertokira igotzea, baina gustura sentitzen naiz defentsorearen paperean.
 
Nolakoa da Txirritaren defentsorea?
J.I.:
Ez da oso serioa ere, baina Txirrita defendatzeko argumentuak baditu, nahiz eta sarritan pulamentu handirik gabekoak diren. Eta noski, Txirritaren alde dena emateko prest.
 
Nola ikusten duzu taldea?
J.I.:
Oso giro polita ari da sortzen. Jendea gogoz ikusten dut lanean. Ikusten da Egi billa taldearen sorreratik 50 urtera ere, Urnietak herri antzerkizale izaten jarraitzen duela.
 
Antzezlan honek gaurkotasunik bai al dauka?
J.I.:
Kontatzen den istorioagatik baietz esango nuke, horrelako pertsonaiak Euskal Herrian beti egon dira: Izan liteke Txirrita, Lazkao Txiki edo beste hainbat. 
Eta horien inguruan sortzen den edozein istorio, berez, erakargarria dela iruditzen zait. Pertsonaia xelebreak dira eta ez dute gaurkotasunik inoiz galtzen.
Beraz, gauza tristeak tarte batez ahaztu eta barre batzuk egin nahi dituenarentzat oso gomendagarria da irailean eskainiko dugun antzezlana.

Zure azken lana izango al da?
J.I.:
Ez dakit. Lan honen ondoren beste aukerarik sortzen bada parte hartzeko prest izango naiz.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!