Herrikide askorengan arrastoa utzi zuen apaiza

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko api. 8a, 02:00

Mikel Goenaga Telletxea (Antigua, 1958) martxoaren 16an hil zen, gaixotasun larri baten ondorioz. Datorren apirilaren 24an omenaldia egingo diote Sorabillan. 

Erreportajea:

Astigarragako hilerrian lur eman zioten martxoaren 18an, eta  hileta elizkizuna arratsalde horretan egin zuten bertako Andre Mariaren Zeruratzearen parrokian. Apaiz gisa ezagutu zuten Andoain, Oiartzun eta Astigarragako herritarrekin eta gainerako adiskideekin jendez lepo bete zen eliza. 

Elizaren kanpoaldean, Aiurrik hainbat andoaindarren iritzia jaso ahal izan zuen. Denek ere, Goenagaren kristau baloreak nabarmendu zituzten.
Agin Laburu Astigarragako bertsolariak bertso ederra eskaini zion hileta elizkizunean, Mikel Goenagaren nortasuna eta ibilbidea ondotxo laburbiltzen zuena: 
“Inork laguntza behar bazuen
etzinan ibiltzen dudan.
Elizarekin kritiko eta
politikoekin mugan.
Zu pertsonekin kezkatzen zinan
norbere baitako gudan.
Ta garaipena bidean zegon
ez horrenbeste helmugan (bis).
Eskerrak eman nahi nizkizuke
nahiz ta orain berandu dan.
Elizan sartzen ez ginen askok
sinesten genuen zugan”.

HURKOA BERE BURUA BEZAIN BESTE MAITE ZUEN PERTSONA

Mikel Goenaga Telletxea apaizaren heriotzak samin sakona eragin du Andoainen. Ekintzaile porrokatua izan zen bertan apaiz gisa egin zituen urteetan (1984-1996), eta ahaztu ezineko oroitzapena utzi zuen belaunaldi ezberdinetako andoaindarren artean. Adiskide horietako batzuk datorren apirilaren 24rako Sorabillan omenaldi ekitaldia antolatu dutela iragarri dute.

Andoainen arrasto sakona utzitakoa da Mikel Goeanaga Telletxea. Martxoaren 18an Andoaindik Astigarragara herrikide ugari joan zen azken agurra ematera. Izan ere, bere bizitzan zehar gizarte lan bikaina burutu zuen herrian, bertan egin zuen hamabi urteko egonaldian. Zehazki, 1984 eta 1996 urteen artekoa. Denbora tarte horretan herritar askoren adiskidetasuna eta aitormena lortu zuen.

Bere nortasuna gogoratzeko garaian, miresmenezko hitzak baino ez ziren entzuten Astigarragako hileta elizkunera hurbildu ziren andoaindarren ahotan: “Apaizaren estereotipoa apurtzen zuen pertsona”, “Elizaren doktrina soziala azken muturretaraino eramaten zekien apaiza, koherentea erabat”, “pertsona baikorra eta ekintzaile etengabea bezain tematia”, “gizarteko pertsonik behartsuenen (toxikomanoak, kalean bizi direnak, preso ohiak, emigranteak...) ondoan egon dena beti”, “Andoainen gazte belaunaldi ugari zirikatzen eta mugitzen jakin zuena”.

Ekintzaile nekaezina
Bi helburu eduki zituen gogoan beti Goenagak: gizarte osoaren ongizatea eta beharrik handiena zuten pertsonentzat bizitza duina. Horretarako, makina bat ekimenen sortzaile edo bultzatzaile izan zen, eta horietan herriko jende anitz inplikatzen jakin zuen, Andoainen igaro zituen hamabi urteetan. Arlo ugari jorratu zuen (drogamenpekotasuna, kartzeletako pastoraltza, aisialdia, udalekuak, sendotza...) eta denetan erabateko inplikazioa eta konpromisoa erakutsiz.

1984an heldu zen Andoanera, bertan emanez lehen meza. Oso garai gogor eta nahasia izan zela hura aitortu zion Aurriri, 2009ko azaroaren 27an eskaini zion elkarrizketan. “Goiko parrokiko etxetik ikusten ziren yonkiak arkupetako koskan, egunero. Arazoa begibistan geneukan. Ni Andoainen izan nintzen bitartean, 60tik gora lagunen hiletak egin ziren Sorabilla, Santa Krutz edo San Martinen. Gaindosiak, HIESa... Soldaduskatik libratzeagatik hepatitisa pasa zuen lagunaren odola txertatzearen eraginez hil zirenak ere ezagutu genituen. Eta 60ko zerrenda horretan ez dira sartzen beste makina bat hildako, herritik kanpo hildakoak, alkoholak hildakoak…”.

Drogomenpekotasunaren fenomenoa aztertzeko herrian sortu zen Askagintzarekin borroka latza burutu zuen urte haietan. “Askagintzatik Udalari plangintza eskatzen genion, ez bakarrik prebentzio lanean, baita tratamendu eta gizarteratzearen arloan ere. Problematika latza zela eta neurriak hartu behar zirela adierazten genuen, baina gehiegikeriatan ari ginela erantzuten ziguten. Ez zegoen asmo txarrik erantzunean, baina nola errealitate hori ez zen datu ofizialetan islatzen, ez zen existitzen! Esku hartzea gainera, deserosoa gerta zitekeen botoa Jainkoaren pare jarri ohi duten alderdientzat”.
Sorabillako erretoretxean burutu zen bere eginkizunik ikusgarriena seguruenik. Harrera etxe bihurtu zuen hura, bertan kabida emanez laguntza behar zuten era guztietako pertsonei: Gizakia Helburua egiten ari ziren heroinazale ohiak, osasun mentaletik jotakoak, alkoholak eragindakoak... Errotik moztu zioten egitasmo guzti hura halako batean, baina urteek ematen duten perspektibarekin, baikorki baloratu zuen Sorabillan egindako lana:

“Nire apostu eta konbentzimendu batzuk errealitate bihurtzeko aukera eman zidan. Egia da bidean zoazen heinean gauzak ikasten zoazela, eta alde horretatik orain zenbait ahalegin ez nituzke modu berean bideratuko. Inguruko jendearekin ez nuke berdin jokatuko; izan ere, jendea inplikatu nuen egitasmo erakargarri batean, eta gero zer da eta Andoaindik atera nindutenean, hor geratu zen ‘honek liatu gaitu eta gero joan egin da’, esanez bezala.  Bestalde, orduko erromantizismoa aberasgarria izan zen arren, indar hori dena jaten duen sistema asistentzialista batean bizi gara, eta hori kontuan izanda jokatu behar dela iruditzen zait”.

Apaiz ezatsegina
Andoaindik aldendu beharra ez zen bere gustuko gauza izan, eta ahoan bizarrik gabe hitz egin zuen garai hartaz: “Pentsatzen dut izango zirela tristetu zirenak; baina aldi berean, baita poztuko zirenak ere. Azken horien artean, adibidez, udaletxeko jendea edo herriratu bezain pronto kargua hartuz niregana hurbildu zen jauntxo txiki edo ‘notableen’ kuadrila: nire janzkera, ibilerak, konpainiak…, ezin zitezkeen apaiz batenak izan”.

Elizaren goi estamentuetan ezinegona sortzen zuen apaiza izan zen beti, eta jakina da ez zela ondo moldatzen azken urtetan Donostiako gotzain den Jose Inazio Munillarekin. Modu ezkorrean baloratu zuen Munilla Gipuzkoako gotzain izendatu izana orduan: “Munilla ondo ezagutzen dugu Zumarragako apaiza izan zen garaitik; ez zuen batere parte hartzen pastoraltzako dinamikatan. Gero Palentziako gotzain izendatu zutenean ere, oso urrun jokatu zuen hango eliza osatzen zuten apaiz eta sinisdunen komunitatearekin. Bera hor jartzeak bi helburu ditu, bata politikoa eta bestea doktrinalagoa. Gipuzkoa ere ‘espainiartu’ egin nahi da, eta gainera, elizaren ideologiarik kontserbadoreena ezarri nahi da gaindituta zeuden praktikak berritzeko: mezak latinez eman, aitormenak bakarka egin…”.

Goenagak bat egin zuen Munillaren izendapena Gipuzkoa ‘birkonkistatzeko’ gogoz Antonio Rouco Varela kardenalak abian jarri zuen estrategiaren baitan sartzen zela zioten iritziekin. Berari gertatutako pasadizo esanguratsu bat kontatu zuen iritzi hori indartzeko: “Valde-Espinako markesaren lehengusua Fernando Altolagirrek, Astigarragan bertan eman zuen bere lehen meza. Donostiako aristokraziako kide eta autoritate zibil ugari bildu zen. Altolagirrek bere sermoian lehenbizi, eta mezara joandako askok gero, gauza berbera errepikatzen ziguten: ni bezalakoak ‘gainditu beharreko akats historikoak’ ginela Elizaren barruan”.     

Andoaingo Udalaren esker ona
Udalak ohar bidez atsegabetasuna adieraztearekin batera, Goenagak egindako lana txalotu zuen. Bereziki, Askagintza taldearekin eta Sorabillako erretoretxea harrera etxean drogamenpekotasuna eta bazterkeria egoeran aurkitzen ziren pertsonen alde egindako lan handiagatik.  

AKTORE LANETAN
Bitxikeria modura, aipagarria izan zen zineman egin zuen agerpena. Aktore lanetan aritu zen 2009an, Joxe Mari Orbe zuzendariaren aginduetara “Aita” filman. Estreinaldia Donostiako Zinemaldian egin zuten, 2010eko edizioan.

APIRILAREN 24AN SORABILLAN
Andoainen egin zuen lana eskertzeko eta bere oroitzapena bizirik mantentzeko asmoz,  bere zenbait adiskide ekitaldi publikoa antolatzen ari dira. Sorabillan jarri dute hitzordua, datorren apirilaren 24an.  Goizeko 11:30ean meza izango da, eta ondoren plazan ekitaldi publikoa. 
Ekitaldia edonorentzat zabalik izango da, eta antolatzaileek helbide elektronikoa jarri dute eskura: m.estanga@hotmail.com. Ekitaldian parte hartu nahi luketen pertsona edo taldeek email horren bitartez jarri beharko dute harremanetan. Argazkiak edota bestelako oroitzapenak ere email horretara bidaltzeko eskaera egin dute.

ARRASTO LUZEA UTZI DU

Iñigo Loiarte
“Badira ni baino askoz ere sakonago ezagutu zuten pertsonak Andoainen; nik esan dezakedana da bera herrira etorri berritan ezagutu nuela eta tratu dexente eduki genuela. 1986an edo izango zen, eta ikastolan erlijioaren ikasgaia ematera etorri zitzaigun ikasleei. 
Egia esan, gaiak ez ninduen gehiegi motibatzen eta ez nion arreta handiegirik jartzen, baina irakasle bezala definitu beharko banu, bi aurpegikoa izan zela esango nuke: zorrotza zen zegokion ikasgaia emateko orduan, baina denborarekin ohartzen zinen jendaurrean serioaren planta jarri nahi izaten zuela, ze tarteka  elkarren artean barreak eta txantxak egiteko testuinguru aproposak sortzen jakin bazekien.
Geroxeago, Zudaireko udalekuetan egin nuen topo berriro berarekin. Ni begiraleetako bat nintzen eta bera txanda bateko arduraduna. Aisialdiko testuinguru hartan umeak ere berehala ohartzen ziren markaz kanpoko apaiza zela, betidanik elizarekin zerikusi gutxi zuena... 
Elizaren doktrinarik herrikoiena eta pertsonen arazoetara itsatsitakoa aplikatzen saiatzen zen apaiza zen, edozertan laguntzeko beti prest zegoena, eta gainera, umorerako eta txantxarako lehenbizikoa zena. 
Gogoan dut haurrei askatasun handia ematen ziela nortasun edo irizpide propioa eduki zezaten; esate baterako, libre uzten zien mezetara joan ez joateko aukera, nahiz eta elizaren babeseko udalekua zela jakin”. 

Bea Amundarain
“Gaztetan, astebururo irteerak egiten genituen berarekin, eta era horretan eduki nuen aukera Mikel pertsona gisa ezagutzekoa. Pertsona zoragarria zen, eta bere egunerokotasunean zein izan behar lukeen sentimendu kristaua daukan pertsona baten jokaera erakusten zigun: hurkoa maitatu eta zerbitzatzeko espiritua, eta behar gehien dutenen ondoan egotea. Elizaren instituzioak eragiten dituen kontu burokratikoen gainetik jardutearen eredua zen bera.  
Azken aldian harremana mantentzen nuen berarekin, Andoaingo Caritasen bitartez. Astigarragako errumaniarren giza komunitearekin zebilen lanean aspalditik, eta tarteka laguntzen genion, arropak eta bestelako materiala eskura jarriaz. Buru-belarri ikusten zen errumaniarrekin, haien bizi baldintzak hobetu nahian. Egitasmo ugari zerabilen buruan, betiere errumaniarrek lortu zezaten gizarteratzea eta lanpostu duinak eskura zitzaten euren lan kualifikazioa kontuan hartuta. Ezinegona sentitzen zuen ikusten zuenean gure gizartean nahiko zabalduta daudela aurreiritziak eta haien kontrako borroka zeraman. Argi zeukan emigranteak ez direla kapritxoz etortzen guregana, egoera injustuek bultzatuta baizik; hemengoen aldetik ez dutela tratu txarrik, irainik edo kritikarik merezi. Esate baterako, haiek guk bezainbat eskubide daukatela kafe bat hartzeko gogoa edukiz gero, eta gu ez garela inor haiei ezer kritikatzeko, gutxiago egundoko kontsumo mailarekin bizi garenok”.

Atxur Azurmendi
“Apaiz ordenatzeko atarian zela etorri zen Andoainera; San Martingo elizako erretoretxean jarri zen bizitzen. Ez dakit nola, baina berarekin harremanetan hasi ginen eta orduak pasatzen genituen berriketan. Hasieratik utzi gintuen jokoz kanpo, apaiza baten kontzeptu tradizionaletik irteten baitzen.  Gazte jende askoren antzera, berak animatuta hasi nintzen ni ere herriko ekimenetan parte hartzen: begirale gisa Zudaireko udalekuetan, sendotza eta aisialdiko taldeetan, Askagintzan... 
Konformagaitza, etsigaitza  zen. Hitz egin eta predikatu bai, baina batez ere ekintza gogoko zuen. Eta jakina, nortasun horrek talka egiten zuen elizako jerarkiako zenbaitekin; pentsatzen dut horregatik bidali zutela Oiartzunera. 
Konta dezaket berarekin bizitako pasadizo bat: Gazte-gazteak ginen artean, eta sendotza taldeko bilera baten ostean, berak Pasusko jaietara abiatzea proposatu zigun. Normalean kontrakoa izan ohi zen, alegia gazteak parrandara joan nahi izatea eta hezitzaileek atzentzea; tipo harrigarria zen horretan ere. Gogoan dut bidean guardia zibilak atzetik segika genituela. Pentsatzen dut Mikelentzat ez zela guardiak atzean zituen lehenengo aldia izango. Kontua da Adunako bide zaharrean ginela, Bentako pare horretan gerarazi egin gintuztela. Autoa dena erregistratu, gauza guztiak atera..., denbora puska batean eduki gintuzten horrela, euria goran euria beheran blai eginda”. 

Patxi Nieto
“Mikel ez zen elizaren arauak hausten zituen apaiza, baina argi zeukan zein zen bere misioa eta zein zen hartu behar zuen bidea; bazekien kalea zapaltzen, baztertuenekin egoten... Niri, feliziano bat nintzela esaten zidan, baina egiazki bera zen halakoa: sekula ezetzik esaten ez zekiena, beti baikorki eta gauzak egiteko irrikitan begiratzen ziona bizitzari, etxeko ateak edonori irekitzen zizkiona nondik zetorren galdetu gabe. Orain urte batzuk arpegian gaixotasun bat jasan zuenean ere, ‘zer moduz, Mikel?’ galdetuz gero, ‘hau ez da ezer, aurrera egin behar da’ erantzuten zizun agudo.
Sendotzako taldeetan egin genuen bat, La Sallen talde mistoak sortu zirenean. Harrezkero, berarekin momentu eta bizipen asko partekatzeko aukera eduki nuen, Munillako udalekuetan lehenbizi eta Sorabillan Gizakia Helburu proiektuaren inguruan geroxeago. 
Udalekuetan-eta konfiantza hartu genuen, eta halako batean drogarekiko menpekotasuna uzten ari ziren gazteekin ibiltzea proposatu zidan. Sorabillako erretoretxean, Gizakia Helburuko sozializazio prozesuan murgilduta zebilen pertsonaren bat edukitzen zuen bere ardurapean beti, eta laguntzaileak behar izaten zituen berak ezin zuenean, hots, meza eman behar zuenean eta antzeko aldarteetan.
Azken batean, nerabezaroan eta gaztaroan ezagutu nuen Mikel, eta gerora baliogarri izan zaizkidan ikasgai asko hartu nituen berarengandik”.

Patxi Perez
“Izugarri ikasi nuen harengandik. Gaur, bera agurtzeko lagun ugari bildu gara Astigarragako elizan, baina seguru nago hurbildu ezin izan duten beste hainbati malkoren bat edo beste irten zaiela egunean zehar.
Egundoko ahaleginak egin zituen arazoak zituzten pertsonen alde. Ez nuke exajeratuko esango banu merezimenduak soberan egin zituela bere izena  herriko kale edo parke bati jartzeko.
Sorabillako erretoretxean Cristina Trutxuelo, Rita Diez eta hirurok ginen hezitzaileak Mikelekin batera, Caritasek kontratatuta. Ordu pila egin genituen elkarrekin, kezkak eta egitasmoak partekatuz beti: mutil honekin zer egin, harekin nola jokatu...
Sorabillan lau pertsona egoten ziren Gizakia Helburu programa osatzen; horiez gain laguntza eta bergizarteratzeko beharra zeukaten beste zenbait pertsona ere topa zitezkeen bertan, Mikelen eskuzabaltasunari esker: Preso ohiak, kalean bizi zirenak.... 
Boluntarioak ere etengabe ibiltzen ziren, kolaborazio lanak burutzen. Azken batean, bizitasuna zen nagusi Sorabillako etxean. Oso giro politean, bizikidetzan aberastasuna usaintzen zen han. 
Zoritxarrez, baina, Mikelek Sorabillan zutitu zuen proiektua ez zen Caritasek Gipuzkoan zeukan zuzendaritzaren gogoko, eta azkenean handik bidaltzea lortu zuten; Oiartzunera hain zuzen ere. Oso itsusia izan zen hura, gizarte humanoago baten aldeko egitasmo bat bete-betean hautsi baitzuten”. 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!