Neska koxkorra zenean hasi zen Margarita korrika egiten. Baserri inguruan, lagun artean..., korrika apustuan ibiltzea gustatzen zitzaion. 22 urterekin, Donostiako Real Sociedad taldera gerturatu zen. “Jose Migel Irazu korrikalari asteasuarra oso laguna nuen eta hark animatu ninduen. Anoetara joaten zen entrenamenduak egitera, eta nire berri eman zion bere entrenatzaileari. Hara joan, froga egin, eta federatu egin ninduten”.
Donostiara autobusez
Igande eguerdiko 11:30etan izaten zuen entrenamendu saioa Margaritak. Luzea izaten zen etxetik Donostiarainoko bidea. “Ibiaga baserritik Asteasuko kalera oinez jaitsi, eta 09:15etan autobusa hartzen genuen, lagun batek eta biok. 10:00etarako Donostian izaten ginen. Igandea izanik, mezatara joaten ginen entrenamenduaren aurretik, Reparadoretara. Handik atera, eta Anoetara oinez. Hotza, izotza, euria... denetarik izaten genuen. Ez zegoen orain dagoen arropa aukerarik ere, eta hotz galantak pasatzen genituen entrenatzeko garaia noiz iritsiko zain”.
Korrika egitea ikaragarri gustatu izan zaio beti Margaritari, gimnasia egitea, ordea, batere ez. “Denbora galtzea iruditzen zitzaidan. Entrenatzera joandakoan, korrika egitea gustatzen zitzaidan niri. Luzaketak eta horrelako ariketak egitea, berriz, aspergarria egiten zitzaidan”.
Konpetizioa
800 metroko distantzian lehiatu zen Margarita eta hainbat txapelketatan hartu zuen parte. Donostian, Tolosako Berazubin eta Bartzelonan ere lehiatzera iritsi zen. “Bartzelonako hura izan zen nire azken txapelketa. Min hartu nuen gainera. Burnizko iltzeak izaten zituzten garai hartan korrika egiteko zapatilek. Iltze haietako batekin zauri handia egin nuen hankean. Orain dela gutxi arte gordeta izan ditut zapatila haiek”, azaldu du Margaritak.
Apustuzalea ere izan da asteasuarra, “gazte garai hartan, gustura jokatuko nukeen apusturen bat korrika, baina federatutako atletok debekatuta genuen apustuetan parte hartzea eta jokatu gabe geratu nintzen”.
Babesa
Herritarren babesa izan zuen Margaritak bere kirol ibilbidean. Asteasuko mutil koadrila joaten zitzaion animatzera txapelketaren bat zuenean eta horrek, ikaragarrizko poza ematen zion Margaritari: “Joxe Migel Maiz, Irazu, Irazusta..., oso lagunak izan ditut. Horrenbeste urte pasa diren arren, burura etortzen zait haiek emandako animoa”. Etxekoek aldiz, ez zuten Margaritaren zaletasuna oso begi onez ikusten. “Denbora asko galtzen zen. Donostiarako joan-etorriak, entrenamendu saioak..., garai hartan denbora-galtze hori ez zen batere ulergarria”. Gainerantzean, Margaritak argi du eta direla jendearen esamesak kontuan hartu behar, eta hori lagungarri egin zitzaion horren emakume gutxi kirol munduan murgiltzen zen garaian. “Ni ondo banabil, inorekin pasa gabe eta nire martxan, zergatik hartu beharko dut ba kontuan jendeak zer esaten duen? Besteekiko begirune gehiago behar genuke; gutxiago epaitu”, azpimarratu du.
Txandalik ez
Gaur egun, nahi adina arropa eta material aurkituko du korrika ibili nahi duenak, baina Margaritaren garaian ez zegoen horrelakorik. “Txandalik ere ez genuen. Federazioak utzitako txandal bat erabili nuen atletismoan aritu nintzen urteetan. Kirola uztea erabaki nuenean, txandala itzuli beharra izan nuen”. Korrikarako galtza motzak eta kamiseta bazituen Margaritak. “Donostiako Alzugarai kirol dendan erosi nituen. Huraxe zen hemen inguruko kirol denda bakarra”, gaineratu du.
Zaletasunari eutsi
Hiru urtean izan zen Margarita atleta federatu. “Gero gauzak zailtzen hasi ziren. Geroz eta entrenamendu saio gehiago eskatzen zidaten. Baserritik Donostiarako bidea egitea ez zen erraza eta horrez gain, ezkontzeko garaia ere iritsi zitzaidan eta azkenean, atletismoa uztea erabaki nuen”. Oraindik ere korrika saio ederrak egiten ditu Margaritak etxe ondoan. “Toki zelai samarretan ibiltzen saiatzen naiz. Oso gustuko dut oraindik ere. Lehengo batean, korrika nenbilela erori eta belaunak urratu nituen. Indarra dudan bitartean, ordea, zaletasunari eutsiko diot”, dio Margaritak umoretsu.
Dokumentala
Martxoaren 8ko ospakizunekin lotuta, emakume kirolarien inguruko dokumentala landu zuten Asteasun, eta bertan hartu zuen parte Margaritak. “Nik ez nuen horrelakorik espero, baina baietz esatea erabaki nuen”. Genero ikuspegiari dagokionez, Margaritak garbi dauka gizonek zein emakumeek eman behar dutela berdintasunerako pausoa. “Kirolean, tabernan..., elkarrengana biltzen ikasi behar dugu. Ez dugu besteek pausoa noiz emango zain egon behar, norberak eman behar du”.