Familientzako gune berria, haurreskolan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko api. 8a, 02:00

Haur txikiak dituzten familiei zuzendutako ekimena jarriko dute martxan laster Asteasun.
Haurren gaitasunez jabetzeko gunea izango da.

Haurrek berez dituzten gaitasunez jabetu, zalantzak argitu, eta beste familiekin harremanetan jartzeko gunea jarriko dute martxan Asteasun, apirilaren 21ean. Jessi Gurrutxaga eta Ainhoa Aranburu hezitzaileak, Joselu Macarro irakaslea eta Juanjo Quintela psikologoa dira ekimen berriaren sustatzaile nagusiak. 

 

Haurren gaitasunak

Juanjo Quintelak azpimarratu duenez, umeak sekulako ahalmenak dauzka, eta askotan helduok ez diegu gaitasun horiek azaltzeko denborarik ematen. “Bigarren plano batean gelditu eta umeei begiratuz, gaitasun horiek ikusteko aukera izango dugu; nola mugitzen den, beste haurrekin nolako harremanak izaten dituen, arazoen aurrean bilatzen dituen irtenbideak, etab. Mundu honetan bizitzeko prest jaiotzen dira haurrak, eta gaitasun horiek euren kabuz garatzeko aukera eman behar zaie”. 

Emmi Pikler pediatra austriarrak garatutako teoria da, hain zuzen, ekimen honen zutabe nagusia. “Beste erreferentzia bat ere badugu; Estatu Batuetan sortutako RIE (Resources for infant educarers) mugimendua hain zuzen ere. Emmi Piklerren irakaspenak jarraitzen ditu talde horrek ere. Hemen ez dago oso hedatuta oraindik, baina geroz eta gehiago dira haurraren berezko gaitasunetan oinarritutako ekimenak”, azaldu du Joselu Macarrok. 

 

Zalantzak

Garai batean, familia bereko belaunaldi ezberdinetako kideak bizitzen ziren etxe berean, “horrek, babes handia ematen zien gurasoei haurrak hazi eta hezteko garaian. Gaur egun, ordea, familia eredu hori asko aldatu da eta bakardade handiagoa sentitzen dute gurasoek. Zer eta nola egin jakin gabe geratzen dira askotan”, aipatu du Jessi Gurrutxagak. Umea haurreskolara daramaten familiek bertan aurki dezakete zalantzak argitzeko modua, baina gainerakoentzat zailagoa da. “Haiei zuzendu diegu, bereziki, eskaintza berri hau, nahiz eta haurreskolara eramaten dituztenek ere izango duten, noski, etortzeko aukera”, azpimarratu du.  

Haurrei egokitutako jolas gune bat sortuko dute Asteasun. “Herriko haurreskolan jarriko dugu martxan gunea, bertan badirelako horretarako behar ditugun baliabideak. Gurasoek gozatu egingo dute haurrek jolasean azaleratzen dituzten gaitasun eta ahalmen horiek guztiak ikusten”, azaldu du Joselu Macarrok. 

 

Presioa saihestu

Haurraren garapenean guraso eta familiek sentitzen duten presioa ere aipatu dute hezitzaileek: “Adin bakoitzerako zenbait lorpen edo helmuga ezarrita dauzkagu sarri. Gurasoak urduri jarri ohi dira euren haurrak helmuga horiek erdietsi ez baditu. Haur bakoitzak, ordea, bere erritmoa du, eta ez da inolako helmuga zehatzik ezarri edo haurren arteko konparaketarik egin behar. Garapena ez da txapelketa bat”. Ekimen berriaren helburu nagusia, haurraren ahalmenak esnatzen joatea da, behartu gabe, bakoitzaren erritmoa babestuaz, helmugarik jarri gabe. Prozesu hori ikusten eta babesten ikasi ahal izango dute bertaratzen diren gurasoek. 

 

Konfiantza sustatu

Haur eta gurasoen arteko konfiantza sustatzea da ekimenaren beste helburuetako bat. Gaitasunak bere kasara garatzeko behar duen konfiantza erakutsiko diote gurasoek haurrari, eta horrek, umeak bere gurasoenganako konfiantza izatea ere ekarriko du. “Guraso eta haurren arteko harreman hori lasaitzeak izugarrizko onura ekartzen die haurrei”, azaldu du Jessik. Bide horretan familiei laguntzea da ekimenaren helburua. “Haurrak oraindik egiten ez dakiena kontuan hartu beharrean, egiten duen hura kontuan har dezaten sustatu nahi dugu gurasoen artean. Oso proposamen zentzuzkoa dela iruditzen zaigu”, azadu du Juanjo Quintelak. 

Bigarren helburu bat ere bete nahi du familien guneak: “Beste haurren gurasoekin elkartu eta kezkak elkarbanatzeko aukera ere emango du. Elkarrekin hitz eginez, elkar ezagutzeko modua izango dute familiek”, gaineratu du Joseluk.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!