Tokian tokiko, garaian garaiko

Urtaroak eta merkataritza

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko api. 7a, 02:00

Eizmendi kirol dendako saltzailea da Nerea. Eguraldiak salmentetan duen eraginaz aritu da.

Giroak eraginik izaten al du salmentetan?

Dudarik ez. Aurten ez du apenas negurik egin eta salmentak gelditu egin dira. Merkealdi garaian saldu da neguko generoa, hotza ere ia udaberriarekin batera iritsi baita. Denean nabaritu da, bai arropetan eta baita oinetakoetan ere. Gurea bezalako saltegientzat aspaldiko negurik txarrena izan da. Elurteren bat egin izan balu, oinetako, txapela edota eskularru bila etorri ohi da jendea arrapaladan, baina egin ez duenez, merkealdi garaian saldu da genero hori. 

 

Dagoeneko udaberri usainean al dabiltza bezeroak?

Hotz handienak udaberriarekin batera iritsi dira eta jendea neguko materiala erosten ari da oraindik ere. Eguraldi onarekin jendea produktu berrien bila etortzen da, baina hotzarekin ez da jantzi arinagoak erosteko gogorik izaten. Denboraldian denboraldiko giroa egiten ez badu, atzendu egiten da generoa. Ehizari dagokionez ere antzeko egoera. Hotzak mugitzen du hegaztien migrazio guztia eta hotzik egin ez duenez, ez da kontrapasik egon. Hegaztiak pasatzen hasi direnean bukatu egin da ehizeko denboraldia.

 

Belaunaldi aldaketa etorri da zuenean…

Duela 48 urte zabaldu zuten gurasoek armategi eta kirol denda eta haiek sortutako bideari jarraipena ematea erabaki dugu Mikel anaia eta biok. Internet nahiz merkatalgune handien aurrean konpetentzia handia da eta zaila da denda txikiok aurrera egitea, baina ilusio eta gogoz eutsi diogu eta saiatu egingo gara.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!