Z
aborrak biltzeko sistemaren baitan, berriki ekimen berria jarri dute martxan Larraulen, baserritarrei edota etxean animaliak dituzten herritarrei zuzenduta. Hain zuzen ere, ogi zaharrak jasotzeko edukiontzia. Larraulgo herri langile Joxean Altunak egin zuen proposamena eta harrera ona izan du orain artean. “Konposata egiteko material txarra da ogia, emaitza gogortu egiten baitu eta Larraul bezalako herri batean animaliei emateko ogi zaharra aprobetxa daitekeenez, edukiontzi hori jartzea proposatu nuen”. Asteasuko esperientzia ezagutzen zuen Joxeanek eta emaitza onak zituela jakinda, ondoko herrian ere bide bereri eustea erabaki dute. Animaliak dituzten herritarrek erabiltzen dute eta primeran etortzen zaie, izan ere, okindegietara joan behar izaten baitzuten ogi gogorraren bila aurrez. Edozein herritarrek eraman dezake ogia pilotalekuaren ondoko edukiontzi berezira eta edozein herritarrek erabil dezake. Hori bai, Joxeani eskaera egin behar zaio aurretik eta behar adina ogi bildu ondoren, bera arduratu ohi da herritarrei emateaz.
Denetariko edukiontziak
Edukiontzien artean, ogiarena da aukerarik berriena, orain pare bat hilabete inguru txertatu baitute. Baina joan zen udaberrian, elektrogailu txikiak jasotzeko edukiontzia jarri zuten. Harekin batera, badute beste berrikuntza bat ere; belarrak, kimatutako adarrak edota lorategietako zakarrak botatzeko kutxa handia. “Gurdi bat dugu udaletxean eta herritarren batek, kutxara ekartzeko lorategi edo baratzeko material asko balu, eskatzea besterik ez luke”, jakinarazi du Joxeanek. Modu txukunean antolatuta daukate herriko zaborren zerbitzugunea, herritik gertu, baina era berean, bereizita. Edukiontziak ilaran, ohikoekin batera, baita arropak, sukaldeko olioa edota pilak biltzekoa ere.
Errefusarentzako sistema berria
Errefusa botatzeko, giltzatutako edukiontzi bana dute hamar familiek elkarbanatzeko. Neurri ertaineko edukiontziak dira eta Joxean bera arduratzen da haietan bildutako hondakinak edukiontzi handiago batean pilatzeaz. “Errefusa edukiontzi ertainetik handira pasatzen hasi ginenetik askoz ere emaitza hobeak lortzen ditugu. Lehen sei edukiontzi jasotzen ziren astero eta sistema honi esker, errefusaren kantitatea erdira jaitsi da”, adierazi du. Oro har, herritarrek zaborra ondo bereizten dutela adierazi du Joxeanek, nahiz eta batzuetan norbait ‘nahastu’ egiten den.
Pili Urkola:
“Zaborra ondo bereizteko gogoa behar da”
Zaborra bereizita, bakoitza dagokion gunera ateratzea “batzuentzat erraza da eta beste batzuentzat zaila, batzuek errespetatu egiten dute eta beste batzuek ez”, Pili Urkola herritarraren ustez. Katillu Txulo elkarteko garbiketaz arduratzen da Pili eta zaborra ondo bereizteko kontzientzia oraindik elkartean guztiz txertatu gabe sumatzen duela adierazi du, “hainbatek nahasian botatzen du oraindik zaborra. Nik ez dut uste zaila denik ondo bereiztea, baina gogoa behar da”, azaldu du. Larraulen zaborrak jasotzeko sistema ondo antolatuta dagoela uste du, hondakinak ondo bereizteko aukera errazten duena. “Erabilitako olioa botatzeko edukiontzia ere badugu, hondakin mota guztiak sailkatzeko modua dugu hemen”. Zaborra sailkatu eta birziklatu egin behar dela esaten den arren, gero eta gutxiago sortu beharko litzatekeela uste du, baina oso zaila dela hori, “gero eta zabor gutxiago sortu behar bada, oso zail jartzen digute hori: Merkatalguneetako poltsak ez badira, produktu gehienak plastiko edo paperetan bilduta etortzen dira”, azaldu du.