Beertoki, euskal artisau garagardoen biltoki

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko api. 7a, 02:00

Beertoki, Euskal Herriko artisau garagardoen azoka arrakasta handiz burutu zen larunbatean. Antolatzaileak pozarren, garagardozaleak ere bai.

[Argazki bilduma ikusi]

Goizeko 11:00tan zabaldu zituzten Beertoki azokako ateak, Euskal Herriko 17 garagardo etxek euren eskaintza zabala egiten zutela, Bearzana pilotalekuan. Denera 50 bat garagardo mota ezberdin, artisauak guztiak. Garagardoarekin batera, antolatzaileek gastronomiari ere garrantzia eman nahi izan zioten. Batean enpresako Javi Rivero eta Imanol Zubelzu sukaldariek, gustu handiz prestatutako pintxo eta razioak dastatu ahal izan ziren egun guztian zehar, baita Segurako talogileek eginiko talo goxoak ere. Garagardoak bezala, elikagaiak ere Euskal Herrikoak. Eguerdian nabari zen mugimendua dagoeneko eta arratsaldeak indartsu jarraitu bazuen ere, iluntzea izan zen momenturik jendetsuena. Giro ona nagusitu zen posturik postu, uneoro musikaz lagunduta. Garagardogileek edalontzi txikietan zerbitzatu zituzten garagardoak. Garagardo bereziak izanik, pisutsuagoak direnez, dastaketa moduan. Garagardoa probatu ondoren, gustukoa botiletan edo kaxetan etxera eramateko aukera izan zuten bertaratutakoek. Gaueko 23:00etan azokako ateak itxi zituztenean, tabernetan izan zuen festak jarraipena. 

 

Bertako garagardoa, kalitatezkoa

Jon Ander Artola, Eneko Calvo, Igor Fernandez eta Aitor Arregi, musikak eta garagardoaren kulturak lotzen dituen lau gazte billabonatarren ekimenez gauzatu da azoka, orain bi urte izan zuten burutazio batek itxura hartu duenean. “Irrintzi elkartearen Garagardo azokan euskal garagardoekin soilik azoka bat egitea polita izango litzatekeela pentsatu genuen. Gerora bere horretan utzi genuen gaia, joan zen irailean  ideiari forma benetan ematea erabaki genuen arte”, azaldu du Jon Ander Artolak. Garagardogileekin harremanetan jarri eta azoka antolatzen hasi ziren orduan. Eta ondo lotu dituzte hari guztiak, detaileak ondo zainduz. Euskal Herriko garagardo ekoizleak batu eta gisa horretako azoka antolatu den lehen aldia izan da Beertoki. Euskal Herrian kalitatezko garagardoa bazegoela ikusten zuten eta taberna gehienetan saltzen diren garagardo industrialen aurrean, bertako garagardoari garrantzia eman nahi zioten antolatzaileek. “Azokara 17 garagardo etxe gerturatzea lortu dugu, guztira 50 garagardo, zaporez oso ezberdinekoak. Garagardo ona erostera kanpora joan beharrik ez dagoela erakutsi nahi genuen, Euskal Herrian bertan garagardo onak baditugula”, adierazi dute. Gainera, Villabonako tabernatan bertako garagardoa bultzatzea ere bazuten helburu. “Orain artean herriko taberna bakarrean aurki genitzakeen artisau garagardo bereziak eta eskaintza hori herriko beste tabernetan zabaltzea ere interesgarria iruditzen zitzaigun. Euskal Herriko produktuari garrantzia eman eta, bertan garagardo ona edukita, ekoizleei laguntzeko aukera polita da”, argitu du Jon Anderrek.

 

Jarraipena

Azoka, garagardoarekin lotuta antolatu duten lehen ekimena izan bada ere, etorkizunean ere jarraipena eman nahi diote. Beertoki izena urtean zehar dastaketetara, bisitetara edota gastronomia gaietara lotzea gustatuko litzaieke eta hurrengo urtean ere azokaren edizio berria antolatzea. 

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!