Dagoeneko 30 urte dira Angoaingo Gaztetxea sortu zela. Santa Krutz ermitaren ondoan izan zuen lehendabiziko egoitza. Mugimendu handiko urteak bizitu zituen egoitza hark. 1996an, Karrikako eskolako eraikin zaharra okupatu zuen Andoaingo gazte talde batek Gaztetxe gisa egokitzeko. Dagoeneko 20 urte pasa dira, eta Gaztetxeko martxa bizi-bizirik dago.
Ikastaro sorta zabala antolatu dute udaberriari begira. Andoni Alonsok eman du ekimen honen berri. “Gaztetxeak bizitza handia izaten du urteko zenbait garaitan. Udaran egiten diren pilota eta 3x3 basket txapelketa edota urteurreneko ekitaldiak, esaterako, oso arrakastatsuak izaten dira. Urteko beste zenbait garaitan, berriz, ez zen horrelako mugimendurik sumatzen gaztetxearen bueltan”. Joera horri buelta eman nahian, hainbat bilera antolatu zuten gaztetxean. “Azkenean, ikastaroak antolatzea erabaki genuen”, azpimarratu du Andonik.
Aukera zabalagoa
Iazko udazkenean antolatu zuten lehendabiziko ikastaro sorta. “Sukaldaritza, photoshopa eta soinu teknikaritzako ikastaroak egin genituen. Jendeak oso gustura hartu zituen, eta mugimendua sortu zen gaztetxearen inguruan. Erantzun hori ikusita, berriz ere antolatzeko erabakia hartu genuen”, azaldu du Andonik. Bideo edizioa, tela akrobaziak, eta gizartearen inguruko ikastaroak gehitu dizkiote aurtengo eskaintzari. Gaztetxean biltzen diren ekintzaileen artean erabaki dute zein ikastaro antolatu: “Jendearen interesak eta proposamenak kontuan hartzeaz gain, praktikotasunari ere begiratu diogu. Ikastaroak eskaintzeko prest dagoen jendea bilatzea izaten da lehendabiziko pausoa”.
Hastapenekoak
Interesa duen edonork du ikastaroetan parte hartzeko aukera. Hala azaldu du Andoni Alonso gazteak: “Aurreko ikastaro sortara adin guztietako jendea gerturatu zen. Gaztetxoenek 15 bat urte izango zituzten, eta helduenek 35etik gora. Interesa eta gogoa izatea da baldintza bakarra”. Ikastaroa martxan jarri baino astebete lehenago ixten da izena emateko epea. Gaztetxera bertara gertura daiteke horretarako, eta herriko zenbait tabernatan ere uzten dituzte izena emateko orriak.
Hastapeneko ikastaroak dira gaztetxean eskainiko direnak, “horregatik, inork ez du beldurrik izan behar”. Tela akrobazien kasuan, esaterako, “oinarrizko mugimenduak erakutsiko dituzte. Gorputzarekin landu beharreko posturak eta telen artean egiteko lehendabiziko mugimenduak”. Berdin gertatzen da gainerako ikastaroekin ere: “Bideo edizioaren kasuan, programa informatiko bat erabiltzen erakutsiko dute, oinarri-oinarrizko pausoetatik hasita”. Gaztetxeak antolatutako ikastaro hauen bitartez, zabaldu egin da Andoaingo herrian zegoen eskaintza.
Kontzertuak
Agenda zehatzik gabe, baina ia hilabetero antolatzen dituzte kontzertuak. Gaztetxearen inguruan dabiltzanek egiten dituzte proposamenak, “bilerara etorri, eta talde ezberdinak proposatzen ditu jendeak. Ez dugu maiztasun finkorik izaten, baina hilean kontzertu bat edo bi izaten dira”. Apirilean, esaterako, bi kontzertu izango dira. ‘Los chikos del maiz’ taldearen kasuan, Irunberrik antolatutako kontzertua da, eta bertan dituzte sarrerak salgai.
Auzolana
Urtean bizpahiru aldiz auzolanerako deialdiak egiten dituzte. Martxoaren 31n, ostiralez egin zuten azkena. “Ikastaroak hasi aurretik txukundu bat eman nahi genion gaztetxeari. Goiz eta arratsaldez aritu gara garbiketa lanak egiten. Bereziki garrantzitsua iruditzen zitzaigun, esaterako, sukaldea garbi edukitzea, sukaldaritza ikastaroa modu egokian eskaini ahal izateko. Urteurreneko ekitaldien aurretik ere egiten dugu mota honetako beste saioren bat”. Gaztetxea erabiltzen dutenen artean luzatzen dute auzolanerako deialdia, eta taldetxoa gerturatzen da lanera.
Giltza berria
Martxoaren 31ko auzolanak bazuen bigarren helburu bat ere. Izan ere, gaztetxeko giltza aldatzeko erabakia hartu baitute. Andonik eman ditu azalpenak: “Inolako kontrolik gabe zabaldu zen giltza eta ez zen ezohikoa gaztetxera sartu eta ezagutzen ez genuen jendearekin topo egitea. Aurrerantzean, giltza eskuratzen duenak konpromiso batzuk hartu beharko ditu gaztetxearekiko. Esaterako, ezinbestekoa izango da urtean zehar zenbait ekintzatan parte hartzea. Gainera, fidantza txiki bat ordaindu beharko da giltza eskuratzeko orduan eta zerrenda bat osatuko dugu giltza duten guztien izenekin. Gaztetxea txukun mantetzea da helburu nagusia”, azpimarratu du Andonik.
Gaztetxeko ikastaroak | apirila, maiatza eta ekaina
{{IMG-34778}} Kontzertu bat sonorizatzeko behar den guztia ikasteko saio teoriko eta praktikoak.
| {{IMG-34779}} Adobe Premier programa erabiltzen ikasteko saio praktikoak.
Prezioa: 20 euro. |
{{IMG-34780}} Oinarrizko mugimenduak ikasteko aukera, figura ezberdinak osatu eta esperimentatuz.
| {{IMG-34781}} Guztien artean jaki goxoak prestatu ondoren, dastatzeko aukera ere izango da.
|
{{IMG-34782}} Neska eta mutilen arteko ezberdintasunak eta desorekak ezagutu eta ulertzeko tailerra.
| Kontzertuak Apirilak 16, larunbata Siriako errefuxiatuen aldeko kontzertua.
22:30, Gaztetxea. Sarrera, 7 euro.
Apirilak 23, larunbata
22:30, Gaztetxea. Sarrera 8 euro (Irunberrin salgai). |