Eskubaloian hirugarrenez Portugal aldean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko api. 7a, 02:00

San Joao Da Madeira taldeak Portugalen “Andebolmania” nazioarteko eskubaloi txapelketa antolatzen du eta Urnieta KE taldeko kideak hirugarrenez bertan izan dira, esperientzia gogoangarria biziz. Denera iberiar penintsulako eta Frantziako 1700 jokalarik parte hartu zuten, eta urnietarren parte hartzea ez zen txikia izan.

Jokalari, prestatzaile eta familiak zenbatuta, denera berrehun herrikide izan ziren Portugal aldean, lau eguneko egonaldian.
Urnietako sei talde lehiatu ziren, infantil, kadete eta jubenil mailatan. UKEtik oso balorazio ona egin dute: “Balorazio oso positiboa egiten dugu. Helburua gozatzea, ikastea eta elkarbizitzan sakontzea zen eta hirurak ederki bete dira. Eskubaloiko sekziotik gurasoen taldeari esker ona adierazi nahi diogu, bidaia prestatzen hilabeteak eman baitituzte. Entrenatzaileen lana ere nabarmena izan da. Gure jokalariak nekatuta iritsi ziren, baina dagoeneko datorren urteko edizioa buruan dute”.

Kirol emaitzak
Kadeteen mailan finalaurrekoetara iritsi ziren. Portugalgo Aguasantasen aurka galdu zuten, gerora txapelketako garaile izan zirenak. Infantil mailako neskei gauza bera gertatu zitzaien Leganes A taldearekin. Infantil mutilak indartsu hasi ziren, lehenengo hiru norgehiagokak irabaziz. Hogeitik zortzigarren amaitu zuten. Kadete neskak eta Jubenil neskak bederatzigarren tokian sailkatu ziren. Jubenil mutilak, berriz, hamalaugarren izan ziren hogeita bi talderen artean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!