Errepideetako beharginak greba mugagabean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko api. 7a, 02:00

Greba mugabagabean murgilduta daude Gipuzkoako errepideen mantenimenduaz arduratzen diren langileak. Andoaindar ugari dago martxoaren 1ean grebari ekin zioten langileen artean.  ELA sindikatuko Manolo Tena langileen ordezkariak grebara jotzeko arrazoiak azaldu dizkio Aiurriri.

Zein izan dira zuen arrazoiak grebari ekiteko?
Manolo Tena:
Hiru enpresa elkarri lan baldintzak hobetzeko eta lan erreformaren aurkako klausulak onar ditzan eskatu diegu. Enpresekin lan hitzarmena negoziatzen hasi ginenean, oso baldintza lotsagarriak eskaini zizkiguten. Aditzera eman ziguten Aldundiak ez diela irabazirik uzten, eta oso-oso baldintza kaskarreko esleipenak hartu behar izaten dituztela.
Egia esan, lau urtero berritzen da zerbitzuaren lizitazioko prezioa eta aldi bakoitzeko aurreko diru partida mantentzen ari da. Horrek esan nahi du lau urtero okertzen doazela zerbitzuari dagozkion baldintzak, gizarteari zein langileei begirakoak.
Azken urteetan ohartu gara errepideetako zerbitzuen arloan Diputazioak jartzen dituen esleipen baldintzak miseriazkoak izaten direla.

Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikari nagusi Iñigo Zufiria berak ere aitortu digu, idatziz, perbertsoa dela esleipen politika.

Zergatik egiten duzue protesta Aldundiaren aurrean?
M.T.:
Azken batean bera delako adjudikatzailea. Enpresak ez badaukate marjenik langileen baldintzak hobetzeko, Aldundiari dagokio esleipeneko baldintzak hobetzea.
Gainera, esleipenaren baldintza ugari ez dira betetzen, eta Diputazioari dagokio horiek betearaztea. Egoera horiek salatu egin ditugu lan delegaritzan. Esate baterako, elurra kentzeko makinatan bi langilek joan beharko lukete, baina bakarra ibili ohi da; hamabi orduko lan-jardunak egitea dagozkie, baina hamahiru edo gehiago egiten dituzte; pliegoetan zehazten diren lanpostuen kategoriak ez dira inondik inora errespetatzen... Faktore asko dira pilatzen direnak, betetzen ez direnak, eta azkenean zerbitzu publikoaren kaltetan doazenak. Begibistakoa da Gipuzkoako errepideen mantenimenduaren zerbitzua lau urtetik lau urtera kalitatez kaskartzen doala.

Zein dira hiru enpresa-taldeak? zein euren ardura?
M.T.:
Autopistez Bidelan arduratzen da. Autopistak ez diren gainerako errepideez hiru enpresa arduratzen dira: UTE Miramon 2014, UTE Goierrialdea eta UTE Urola Deba.
Arlo elektrikoa darama lehenak; N1eko Andoan-Zegama tartea eta A15eko Andoain- Leitza tartea dira bigarrenaren lan eremua; eta hirugarrena, UTE Urola Deba, bailara hartako eskualde mailako errepideez arduratzen da.

Zenbat langile dituzte denera, eta zenbatek egin dute bat grebarekin?
M.T.:
90 bat langile izango dira denera, hirurak batuta. Bulegariak eta UTE Goierrialdeko lantaldeko bederatziak kenduta, gainerako 70 langileak ELA sindikatuaren planteamenduarekin bat egiten ari dira.

40 egun betetzera doa greba. Langile batek nola egiten dio aurre egoerari, ekonomikoki?
M.T.:
Gure sindikatuak erresistentzia kaxa dauka, zorionez, horrelako egoerei erantzun ahal izateko. Egunotan, sindikatuko zuzendaritzak  gurea egoera bereziko grebatzat jo du, eta horri esker, langileek ohiko soldataren ehuneko zati handi bat jasoko dute.   

Zein da langile baten soldata?
M.T.:
Errepideetako langileen soldatek ez dute zerikusirik, esaterako, Diputazioko funtzionariek daukatenarekin. Gaur egun, behargin batek 1.300 euro garbi jaso ditzake. Urrutira gabe, AP8 eta AP1 errepideak mantentzeaz arduratzen diren Bidelaneko langileek 1.900 euro jasotzen dute. Ez dugu ulertzen zergatik sortzen diren horrelako diferentziak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!