Inbertsioak zehazteko hilabete erabakiorra

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko api. 7a, 02:00

Azken hilabeteotan inbertsio planei ekiteko Udalak sustatu duen parte hartze prozesua aro erabakiorrean sartuko da. Apirilaren 18ko astean Udalak hiru bilera deituko ditu, eta bertan 400.000 eurotik gorako hamaika proposamen aurkeztuko dituzte.

Aurkezpen horietan iragarriko dutenez, urnietarrek proposamen horien guztien artetik hiru lehenesteko aukera izango dute. Urnietarrek, beraz, azken urteotan pilatu diren 4.000.000 euroko remanente edo gerakina zertan inbertitu erabakitzeko ahalmena izango dute. Erabakia hartzeko garaia apirilaren 25ean irekiko da, maiatzaren 11ra bitarte.

Mikel Pagola alkateak astelehen arratsaldean Euskadi Irratiko Mezularia programan adierazi zuenez, “herritarrek etorkizuneko Urnieta nolakoa izan nahi duten erabakitzeko aukera izango dute, inbertsio estrategiko horiek etorkizuna baldintzateko aukera izango baitute”.

2016a inbertsio plana erabakitzeko urtea izango da. Otsailean Udalak egin zituen hiru bileretan zazpi inbertsio proposamen azaldu zituen. Hauexek: Eteneta elkartearen atzeko partea herriko elizarekin lotzeko igogailua, Idiazabal kalearen berrantolamendua, Errekalden etxebizitza sozialak, hainbat parke estaltzea, San Juan plazan oinezkoei lehentasuna ematea, aparkaleku kopurua handitzea edota kiroldegia eraberritzea.

Horiez gain, Udalak proposamen berriak jasotzeko aukera zabaldu zuen bilera horietan. Bada, alkateak irratian adierazi zuenez, 220 gutun jaso dituzte 440 idatzizko proposamenekin batera.

Hori guztia kontuan hartura, apirilean zehar urnietarrek hamaika egitasmoren artean erabakitzeko aukera izango dute.

Hamar egun barru, xehetasun gehiago emateko, hiru bilera deituko dituzte. Eta apirilaren amaieran eta maiatzaren hasieran hasiko da behin betiko aukeraketa fasea.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!