Urnietak apustu handia egiten du haur, nerabe eta gazteen aisialdi eskaintza aberasgarria izan dadin. Gaztelekutik adierazi dutenez, haurrek opor garaian ekintza ezberdinak egiteko aukera izatea eskertu egiten dute: “Askotan ez da erraza izaten denekin asmatzea, baina Aste Santu honetan guztiz lortu dugula uste dugu”.
Hezitzaileak oso pozik daude parte hartzearekin. “Luzatu genuen eskaintzaren ezaugarri nagusia ekintzen aniztasuna zen. Interes ezberdinak dituzten nerabeetara iristeko asmoa genuen eta lortu dugula esango genuke”, aitortu dute hezitzaileek. Aurreko urteetan baino gazte gehiago gerturatu dela gaineratu dute. Esate baterako, eskubaloi txapelketan 54 nerabek hartu zuten parte eta bubble futbolera 75 animatu ziren.
Ekintza guztien artean, bubble futbola eta Irrisarrira irteera nabarmendu dituzte. “Futbol normalera jolastu genuen, baina burbuila batzuetan sarturik. Gazte ugarik eduki zuten hori probatzeko aukera eta gustura egin genuen barre”. Irteeran ere ederki igaro zutela azaldu dute, tirolinan, eskopeten talde jolasean eta abentura ibilbidean 40 neraberekin aritu zirelarik. “Gazte batzuei galdezka ibili ginen eta orokorrean oso ondo pasa zutela adierazi digute; eskaintza anitza izanda, ekimen ezberdinetan ematen dute izena askok. Askok gustu handiz errepikatuko lituzketela esan digute”.