Aitor Mendiluze bertsolariak jarri dio letra abestiari; bi bertsoz osatzen da, zortziko handian.
Justizia denontzat
Isilik dago harri iluna
oihu mutu bat galgatzen
isilik paper orri askeak
hizki minak asaldatzen
isilik lotsak dituzten haiek
izana aski ez bazen
isiltasunak ez du ordea
gertatu zena aldatzen.
Isilarazi ziren ahotsek
inoiz baino ozenago
oihu egiten dute nahiz eta
larogei urte igaro
ezin ukatu, ezin ahaztu,
ezin isildu gehiago
herri hau bere galde ikurren
erantzunaren zain dago.
Abestiak, oinarrian, bat egiten du biktimek gaur egun lau haizetara zabaltzen jarraitzen duten aldarriarekin: hots, egia, justizia eta kalte-ordaina. Izan ere, 40 urteko diktaduraren eta beste hainbeste urteko demokraziaren ostean, erail eta desagertarazitako pertsonen familiarrek egiten dituzten galderak, Non dira? Nora eraman zituzten?... erantzunik gabe jarraitzen dute.
Injustizia, inspirazio iturri
Injustiziaren ideia horren inguruan egiten dute hausnarketa bi bertsoek, hain zuzen. Doinua osatzerakoan ideia horretan inspiratu dela aitortu du Joxe Mari Oiartzabalek. “Doinu solenmea itsasi nahi izan diot; ukitu funebrea eduki dezake akaso, baina azkenean abesbatzak ohikatzen duen “Justizia denontzat” garraxiak bizitasuna ematen dio abesti osoari”.
Iaz Oiartzabalek Errepubikanoen abesbatza eta musika banda zuzentzeko aukera izan zuen lehenbiziko aldiz, apirilaren 14an egin zen omenaldi ekitaldian. “Egun hartan biktimekin hizketan jarduteko aukera eduki nuen, herriko 25 fusilatuen omenez egiten den lore eskaintzan ere parte hartu nuen, eta aitortu behar dut hunkituta itzuli nintzela etxera bizitutako guztiarekin”.
Oiartzabalek frankismoko biktimen problematika etxean ezagutzeko aukera eduki zuen bere aita bizi izan zen artean. “Errepublikanoa izan zen nire aita, eta urtetan langile batailoetan eduki zuten prisionero, Afrikan. Hari inork ez zion aitortu biktima izan zela, inork ez zion barkaziorik eskatu. Iruditzen zait gure aitak eta Andoaingo gainerako biktimek instituzioetatik eskaini zaiena baino gehiago merezi dutela”.
Izenburua aukeratzeko orduan ere, berehala etorri zitzaioen insprirazioa: “Aitak justizia denontzat aipatu ohi zuen jenio bizian maiz, eta lema horri eutsi nahi izan diot, gaurkotasunik ez baitu galdu”.
Andoaingo Errepublikanoen musika eta abeslarien banda dagoeneko entseguetan murgilduta dabil. Ohikoa duen errepertorio zabalari (A las barricadas, Bella Ciao, Niña republicana, Internazionala, Eusko Gudariak...) abesti berria gehitu diote horrenbestez.
Ekitaldia apirilaren 16an burutuko da, Alfaro parkean kokatzen den eskulturaren parean, eguardiko 12etatik aurrera. Ekitaldia Andoaingo biktimen giza eskubideen alde diharduen Oroituz, Andoainen elkarteak antolatu izan du azken hamar urtetan. Elgoibar1936 da mintzaldia egiteko aurten gonbidatu den elkartea.