Beer Toki, Euskal Herriko Garagardo Artisauen Azoka larunbatean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko mar. 29a, 02:00

Bertako produktu artisauen kulturan eta bereziki garagardo artisauen munduan interesatuta dauden lau gaztek, Beer Toki izeneko Euskal Herriko Garagardo Artisauen Azoka antolatu dute larunbatean, apirilaren 2an Villabonan:

Pixkanaka Euskal Herrian produktu hori lantzen duten artisau desberdinak ezagutzen joan dira, “eta ez dira gutxi”, diote. Taberna eta denda gehienetan  dagoen eskaintza eskasa ikusita, eta orokorrean jendeak bertako garagardo artisauen esixtentziaz duen ezjakintasuna dela eta, orain bi urte, hauek ezagutzera eramateko, azoka bat antolatzeko ideia bururatu zitzaien.

Euren helburu nagusia bertako produktu artisauak aurkeztu eta eskaintzeko aukera ematea da, kasu honetan garagardoa. “Publikoari Euskal Herrian dugun aukera zabala eta kalitate altua erakustea. Era berean, garagardogile artisauei bultzada eman nahi diegu”. Ez dute ia herri guztietan antolatzen den ohiko garagardo azoka egin nahi. Artisau azoka, baizik; artisauek beraiek produktuak aurkeztea, bertan kontsumitzeko edo eramateko aukera emanez. Artisau bakoitzak bere stand-a edukiko du eta artisaua bera egongo da bertan. “Aukera paregabea iruditzen zaigu bai artisauentzat, eta baita publikoarentzat ere. Azokan hainbat garagardo mota probatu ahalko dira, denak bertakoak. Artisauekin kontaktu zuzena izateko aukera egongo da”, aurreratu dute. Antolatzaileek argi utzi nahi dute euren helburua ez dela dirua irabaztea, ez dutela inolako onura ekonomikorik aterako. Apirilaren 2an, beraz, hitzordu berezia izango da Villabonako pilotalekuan egun guztian zehar.

  • Apirilak 2, larunbata
  • 11:00-23:00
  • Villabonako pilotalekuan
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!