Aberritzat euskara du

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko mar. 22a, 01:00

Aberritzat euskara duen pertsona da Ixiar Arin Arrieta. Frankismoaren garairik latzenean euskalgintzan jota ke aritu zen, Aita Larramendi ikastolaren sorreran, lehen euskara klaseak ematen, euskarazko antzerkigintzan... Egindako lan guztiaren aitormen gisa, Martxoak 8 emakume ekitaldiko izendatuetako bat izan da berriki.

Zer moduzko ekitaldia iruditu zitzaizun martxoaren 5ekoa?

Ixiar Arin: Gustura senitu nintzen, erabat. Urtero joateko ohitura daukat ekitaldira, baina ez da gauza berbera kanpotik edo barrutik bizitzea eguna. Egia aitortuko dizut, poztu egin nintzen eguraldia goibel samarra atera zelako eta ekitaldia formatuz laburtu egin behar izan zelako. Neure burua ez bainuen ikusten lekukoa eskuetan hartuta eta kalejiran; lotsa ematen zidan halako protagonismoa hartu beharrean izango nintzela pentsatzeak.

Beharrezkoak iruditzen al zaizkizu horrelako aitormen ekitaldiak?

I.A.: Jakina! Polita, xumea da ekitaldia, baina egundoko indarra dauka. Herriko emakumeak bistaratzen ditu, eta laguntzen du balorean jartzen horien jarduna. Izendapen guztietatik, nezakari arlokoa azpimarratuko nuke. Ahaztu egiten baitzaigu baserritik datozkigula sustraiak euskaldunoi. Milagros Sorarrain izan da nabarmendua aurten; baserrian bizi den, baserritik bizi den emakumea. Bezeroak ez gara ohartzen merkatuko baserritarren bizimoduaz, baina pentsatzen jartzen bazara, badute meritua. Gure amonarekin gogoratzen naiz; hark, bere ereduarekin, argi utzi zigun etxekoandrea izan dela familiaren baserria bideratu duena betidanik, bera izan dela benetako zutabea, eta geroaren eustaile, sukalde lanak eginez, seme-alaben heziketa eta etorkizuna ziurtatuz, udaletxean eta behar zen tokietan gestioak eginez...

Frankismoan euskararen alde ausarki jardun izanagatik izendatu zaituzte...

I.A.: Pertsona guztiek gauzak egiten ditugu momentu jakinetan, obligazioa ikusten dugulako eta kontzientziak eskatzen digulako, ez bestegatik. Horixe gertatu zitzaidan niri ere garai hartan. Ez da lan erraza frankismoa bizitu ez zuenari azaltzea euskarak orduan jasaten zuen zapalkuntza. Erdera zen nagusi, eta han ez zen ausartzen inor euskara euskaldunon hizkuntza zela aldarrikatzera. Egoera hartan, niri, euskaldun bezala, barrutik irten zitzaidan euskaraz ez zekitenei erakusten saiatzea. Gazte izateak ematen duen ausardia, errebeldia, indarra!

Nondik datorkizu euskaltzaletasuna?

I.A.: Etxean jasotakoa da. Gurasoak izan ziren euskararekiko kontzientzia anai-arrebei sartu zigutenak. Aitak beti kontatu izan zigun gerra aurretik euskara zenbat zegoen zabaldua, gerrarekin batera zenbat zapaldu zen... “Euskararik gabe euskaldunok ez gara ezer” ideia hezurretaraino sartu zigun. Beste etxeetan akaso seme-alabei trabak jarriko zizkieten pauso bat aurrera eraman ez zezaten, “arazoetan” sartu ez zitezen, baina geurean ez genuen halakorik sentitu.

Oso gaztetan hasi zinen euskara klaseak ematen...

I.A.: Gogoan daukadan lehenbiziko errebeldi ekintza txikia, Milagrosako mojen eskolan izan zen. Hamabi urte nituen eta bazen moja frankista Milagrosetan; kantuan entseiatzen ari ginen, eta ez dakit zer zela eta sutu egin nintzen, eta denen aurrean, “yo no soy española” ohikatu nuen. Armonioa jotzen ari zen moja zutitu, eta  jenio bizianesan zidan: “¡Te voy a dar un bofeton!”.

Garaitsu hartan, Mariaren Alabak izeneko elizaren aterpeko elkartean ibiltzen ginen, Juanita Alkain euskaltzaleak doaintzan eman zuen etxean. Erakundea zuzentzen zuten apaizekin geure borroka txikiak eduki ohi genituen, gogo jardunak-eta antzeko ekimenak euskaraz egin zitezen. Apaiza batek politika egitea leporatu zigun Donostiako gotzaintzaren aurrean, euskaraz aritzen baikinen neska batzuk kuadrilan. Izan ere, 17 urte bete berritan-edo erabaki genuen euskaraz hastea. Kalean euskaraz sentitzen gintuztenean, “!Qué ridiculas!” entzun behar izaten genuen batzuetan, baina harro jartzen ginen, bide horretatik segi behar genuela ikusten genuen. Orduantxe eman nuen pausoa erdaldun talde bat bildu eta haiei euskara erakusteko, Juanita Alkainen etxean bertan.

Nola zegoen antolatuta eskola hori?

I.A.: Nahiko ekimen pertsonala izan zen. Nik ez neukan prestakuntza akademikorik, eta borondate hutseko gauza izan zen, klandestinoa, orduan Oñatibiak eta Altunak argitaratutako material bakarrarekin.

Euskarak Andoainen mendeetan bizi izan duen egoerarik penagarriena bizi zuen frankismoan...

I.A.: Halaxe zen. Erreala zen euskara galtzera zihoanaren sentzazioa, eta hil ala biziko erreakzioa izan zen hura. Egia esanda, eskola horrek ez zuen askorik iraun, eta geroxeago Iñaki -nire anaia gaztea-, Iñake Beraza eta Arantxa Irulegi etorri ziren; horiek antolatuago jardun zuten.

Aita Larramendi ikastolaren sorreran ere topatzen zaitugu...

I.A.: Esango dizut nola izan ziren lehen pausoak: Goena abizeneko Labordeko injenieri batek bertako bi langile euskaltzaleei, Joxe Mari Huiziri eta Joakin Esnali, ikastola sortzea tentatu zien. Hauek On Eugenio Arregi apaizarekin jarri ziren harremanetan; honek ere egitasmoa buruan zerabilen ordurako. Bada, Arregik, Jose Luis Aresori, Joseba Agirreri, Moises Larrañagari, Mari Paz Artolazabali eta bostoi gonbitea zabaldu zigun, eta horrela osatu zen lehen zuzendaritza batzordea. Ahalegin handiko urteak izan ziren, eta batik bat gurasoena izan zen meritua aurrera egin zezan ikastolak 1963az geroztik.

Aitortu behar da On Eugenio Arregi salbazioa izan zela Andoaingo herriarentzat eta euskararentzat.

Zeu ere irakasle izan zinen ikastola hartan...

I.A.: Mari Paz Artolazabal eta Marimi Ugalde izan ziren lehen andereñoak, ni laguntzailea baino ez nintzen orduan. Nolanahi ere, legez kanpoko ikastola zen, oso zaila zegoen irakaslerik erakartzea, eta niri irakasle gisa jarduteko proposatu zidan On Eugenio Arregik. Urte batzuk egin nituen beraz, harik eta haurdun geratu nintzen arte. Utzi egin nuen irakaskuntza; halakoa zen garaiko mentalitatea. Gerora damutu izan naiz hartutako erabakiaz.

Hori bai, euskarazko klaseak ematen jarraitu nuen gerora, hezkuntza formalaz aparte. Batetik ikastolako gurasoekin, eta bestetik Ondarretako ikastetxeko 12 urteko ikasleekin.

Urteen joanak ematen dizun eskarmentu eta ikuspegiarekin, nola dakusazu euskara? Nola bere etorkizuna?

I.A.: Nahiko ezkorra naiz. Mingarria egiten zait egungo egoera. Batetik, ezin da ukatu zenbat aurreratu den makina bat arlotan (hezkuntza, komunikabideak...), baina bestetik, aitortu behar dut etsita itzultzen naizela etxera, bilobaren bila ikastolara joaten naizen bakoitzean: ikastolan ibilitako guraso edo eta aiton-amona ugari gaztelaniaz sentitzen ditut barra-barra; euskara umeekin bakarrik darabilte. Orain hamabost urte gehiago entzuten zen euskara Andoaingo kaleetan, edo eta, esaterako, herri txiki euskaldunetan.

Bestalde, ezinegona eragiten didate gizartea gidatzeko agindua daukaten politikoek ere. Ez ditut ulertzen Baztarrika, Urkullu eta antzekoen diskurtsoak. Kontzientziaz eta ausardiaz jokatu beharko litzateke, euskara benetan normalizatzea nahi badugu. Jai daukagu “inposizioa” hitza entzun orduko kikiltzen bagara, eta kalkulu elektoralen arabera jokatzen badugu. Benetako inposizioa, euskaraz bizi nahi dugun euskaldunok jasaten duguna da.

Euskara eta emigrazioaren inguruko mahai-inguruan parte hartu duzu berriki, 400. urteurrenaren harira...

I.A.: Konplexua da emigrazioaren gaia, egiatan. Ezin da generalizatu, baina bi arotan bereiztuko nuke. Gerra ostekoa eta 60 hamarkadaz geroztikakoa. Lehenengoan, tartean baziren errepublikanoak izateagatik zapalduak izan zirenak, eta isil-isilik, bizimodua ateratzera soilik, eta etorri zirenak. Baina baita ere, irabazle sentitu eta “habla en cristiano” botatzen zizutenak hitzetik hortzera. Min handia egin zuten azken horiek, eta bereziki gure gurasoek sufritu zuten horien “inbasioarekin”.

Bigarrengo uholdeak nekazari xumeak ekarri zituen batez ere, traktorearen asmakizuna zela eta beren jaioterrian lanik gabe geratu zirenak. Horiek Andoain erabat erdaldundua topatu zuten; beren kulturari eutsi zioten, eta batzuk euskal mundura integratzen saiatu ziren, gau eskoletara janaz, umeak ikastolara bidaliz...

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!