13-17 urte arteko gazteei zuzendutako lehiaketa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko mar. 22a, 01:00

Urnietako Gaztelekutik herriko gazteak “Instant1ean” programan parte hartzera gonbidatu nahi dituzte. Aldundiko Gazteria sailak sustatuta, nerabeen artean teknologia berrien arriskuak saihestu nahi dituzte. 

Helburua ez da txikia: Gazteek teknologiaren erabilerari dagozkion portaera eta jarrera egokiak barneratzea, Interneten ondo nola jokatu ikastea, eta sarean beren eskubideak eta betebeharrak zein diren argitzea.

Gai honi buruz azken asteetan Urnietan eta hainbat tokitan tailerrak landu dituzte, eta apirilaren 3ra bitarte 13-17 urteko gazteek #Instantean lehiaketan parte har dezakete.

Instagram sare soziala erabilita, gazteen artean irudimena esnarazi nahi dute. Gipuzkoangazte.eus webgunean lehiaketaren xehetasunak eskaintzen dituzte: “Lehiaketaren helburua da, Instagramen irudi baten bitartez, zure bizitzako istant bat azaltzea: zer duzun gustuko, musika, kirola…, nola bizi zaren, edo zure eguneroko une esanguratsuak zein diren azaltzea. Lehiaketa apirilaren 3an bukatuko da, eta bertan parte hartzea aukerakoa eta doakoa da”.

Doakoa, eta sari politak eskaintzen dituenak gainera. Besteak beste, bidaiak, eta 150-300 euroko erosketa-txartelak. Eta sariez gain, parte hartzaileen artean zozketak iragarri dituzte.

Lehiaketa honekin Aldundiak eta Udal erakundeek identitate digitalaren arriskuez informazioa zabaldu nahi dute, eta baita ciberbullyng eta antzeko gaitz berriez ohartarazi ere. Lehiaketaren atariko modura Urnietan egindako tailerrekin, Unai Esnal Gaztelekuko dinamizatzaileak inpresio ona hartu du: “Urnietan tailer ezberdinetan hasieratik ikusi dugu gai hauekiko alderdi teorikoa ondotxo ezagutzen dutela. Eta praktikan sorpresa atsegina hartu dugu. Nahiko arduratsuak direla esan daiteke, euren identitate digitala nahiko ondo zaintzen dutela esango nuke”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!