Udan Saharako haurrak hartzeko deia luzatu dute

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko mar. 21a, 01:00

Urtero bezala, ekainaren amaieran, haur sahararrak iritsiko dira Andoainera udara pasatzera. Haurrak hartuko dituzten familien bila dabil Hurria Sahara elkartea. 

Asteartean egin zuten aurkezpen ekitaldia udaletxean eta, oraingoz, pare bat familiak erakutsi dute interesa.

Orokorrean, eskualde mailan, inoiz baino familia gutxiago dagoela adierazi zuten: “Aurten inguruko herrietan ere familia gutxi dago prest. Hala ere, gogorarazi nahi dut haur horientzat beharrezkoa dela hona etortzea, elikadura eta osasun mailako baldintza egokiak jaso ditzaten”, azaldu zuen Ana Carrerek. Horregatik, haur hauei uda baketsu eta pozgarri bat eskaini nahi dien harritarren bila dabiltza.

Uda baketsua

Uztaila eta abuztuan, kanpamenduetatik ateratzeko behar handia dute haurrek: dituzten bizi-baldintzengatik, udako tenperatura altuengatik… Hona etortzen direnean, osasun-azterketa egiten zaie eta haur bakoitzari izan ditzakeen arazoak tratatzen zaizkio. Gainera, ekintza ezberdinak barnebiltzen dituen programa batean parte hartzen dute hemengo begiraleekin batera. Horretan guztian Hurria Saharak laguntza handia ematen du, eta antolakuntza aldetik, arazorik ez dagoela adierazi zuten.

Horrez gain, familiarentzat ere haurra etxean izatea oso aberasgarria zela nabarmendu zuten. “Zure seme edo alaba bat balitz bezala zaintzen duzunez, esperientzia oso ona da. Guztira, bost mutiko eduki ditut nik etxean”, jakinarazi zuen Tere Otamendik.

Dena den, egunerokotasunean, etxekoekin gertatzen den bezala, beraiekin ere tirabirak egon daitezkeela azaldu zuten, are gehiago haurra lehen aldiz etorri bada. “Mundu hau oso ezberdina eta arrotza egiten zaie. Ez daude ohituta iturrian erabat ura edukitzera, kaleko argietara, etxe altuetara… Pentsa, oinetakoak janztea ere kosta egiten zaie”, azaldu zuen aurkezpenera gerturatutako gazte sahararrak.

Kultura ezberdintasunak balore ezberdinak izatea dakar, eta ondorioz, hemengo ohituretara egokitu behar izaten dutela esan zuten: “Segituan egokitzen dira hemengo martxara”.

Informazio osoa gizarte zerbitzuetan

Programa honengan interesa duena edo informazio gehiago nahi duena harremanetan jar daiteke:

943 304 343

gizarte-zerbitzuak@andoain.eus

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!