"Argi geneukan antzezlana urnietarrekin egingo genuela"

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko mar. 21a, 01:00

Miren Gojenola (Lekeitio, 1968) eta Mikel Laskurain (Bergara, 1965) Urnietan eta Donostian irailean taularatzeko prestatzen ari diren “Gabon Txirrita” antzezlanaren zuzendariak dira. Obrak eskatzen duen aktore multzoa Urnietako herritarrekin osatu ondoren, asteartetan eta ostegunetan ari dira entseguak burutzen. 

Noiz murgildu zineten antzerki munduan?

Mikel Laskurain: Institutuko antzerki tailerrean hasi nintzen; ni baino zaharragoak zirenak Donostiara joan ziren antzerkia ikastera, eta neu ere animatu egin nintzen. Donostian egin nintuen hiru urte antzerki eskolan eta azken kurtsoan geure talde propioa sortu genuen, “Hika Antzerki Taldea”. Hikarekin ia urtean ikuskizun bat egiten genuen. Hamabi urte egon ginen taldean. Eta gero beste talde batzuetan, telebistan, zinean, argi teknikari bezala, denetik pixka bat eginez, baina gehienbat, antzerkiari lotuta aritu izan naiz. 

Miren Gojenola: Ikastolan urte batean egin nuen tailerren bat, baina, 18 urterekin Donostiako Antzerki Eskolara etorri nintzen, eta hiru urte bertan egon ondoren, Hika Antzerki taldearen sorreran parte hartu nuen. Mikelek eta biok ibilbide berdina egin dugu. Goenkalen hamabi urtez aritu nintzen, Amaia pertsonaia interpretatzen, ondoren, entseguetako zuzendari moduan jarraitu nuen, eta azkenik, paper txiki bat eman zidaten, moja bat interpretatzeko. Goenkaleko esperientziaren ondoren, antzezteaz gain, zuzendari laguntzaile bezala aritu izan naiz, eta antzerki tailerrak zuzentzen ere aritzen naiz.

Zer duzue gogokoago, jendaurrean antzeztea edo telebistan interpretatzea?

M.L.: Jendaurrean aritzen naiz errazago, uste dut gehiagotan egin dudalako izango dela. Beste erritmo bat da, gehiago entsaiatzen da. Seguruago joaten zara. Telebista azkar doa, gainera, behin egin eta betiko ahaztu egiten da, ez baituzu berriro errepikatuko gauza bera. Antzerkia nahiago dut.

M.G.: Antzerkia asko gustatzen zait, baina telebista ere bai, uste dut paperak zeresan handia duela.

Aktore, gidoilari, zuzendari... zer duzue gustukoagoa?

M.G.: Berez, aktore lanetan gusturago aritzen naiz, baina azkenaldian asko ari naiz zuzentzen, tailerrak ematen ditut, kanpotik lan asko eginez. Eta gustura nago, hor aurkitu baitut argi ez neukan lan ildo bat.

M.L.: Ni ere gustuena aktore moduan. Zuzendari bezala ez naiz askorik aritu, gehiago teknika eta ekoizpen lanetan, eszenografiak egiten, asmatzen, argi teknikari moduan...

Gogoan duzuen une polit bat esango al zeniguteke?

M.L.: “El hijo de la novia” antzezlanarekin estatu osoan zehar gabiltza, produkzio handi batekin. Jerez de la Fronterako emanaldiaren bukaeran jendea txaloka hasi zen, eta zutik bukatu zuten, eta palmak joaz. Berezia izan zen, izan ere, andaluziarrak oso espresiboak dira.

M.G.: Ez nuke momentu bakar bat aipatuko, ikustera jende asko etorri delako, edo txalo zaparrada handia jaso dugulako, une bereziki ederrak hainbatetan izaten baitira.

Irailean taularatuko den "Gabon Txirrita" antzezlana zuzentzen ari zarete. Nolatan murgildu zineten egitasmoan?

M.G.: Joxan Goikoetxea musikariaren ideia bat da, eta Donostia 2016tik etorri zitzaigun eskaera. Lan hau eskaini zigutenean, ikusi genuen, nik zuzendaritza eta Mikelek arlo teknikoa eramanez, biok bat eginda, eramangarria zela guretzat. Duela 34 urte Xabier Leteren eskutik egindakoaren ahalik eta antzekoena egitea izan zen enkargua. Hasieratik argi genuen ikuskizuna Urnietako jendearekin aurrera eraman behar genuela, eta horretan ari gara.

M.L.: Herri antzerkian, bolondres moduan, askotan parte hartu izan dugu. Hernanin, Bergaran, Lekeition..., deitu izan diguten bakoitzean prest egon izan gara. Beraz, badugu eskarmentua kaleko jendearekin lan egiten. Gertukoa egiten zaigu, ez zaigu batere kostatzen.

Asko kosta al zaizue antzezteko prest dauden herritarrak aurkitzea?

M.G.: Aurretik Urnietan egin ziren hiru herri ikuskizunetan parte hartutakoei eta antzerki tailerretakoei egin genien deialdia lehendabizi, eta erantzun ona jaso genuen.

M.L.: Bai, pozik gaude erantzunarekin, aktore multzoa osatuta dago, dagoeneko ia dena lotuta daukagu, eta gainera oso sentsazio onekin.

Balorazio positiboa egiten al duzue Urnietan topatutakoaz?

M.G.: Antzezlanaren irakurketara jende asko etorri zen, eta etorritako guztiak baiezkoa eman ziguten. Ardura gehien jende guzti hori guztia nola batu edota ordutegia egokitzeak sortzen zidan, bakoitza bere zereginetan ari delako, baina printzipioz, badirudi dena arazorik gabe doala, jendeak oso serio hartu baitu. Beraz, balorazioa oso positiboa da. 

M.L.: Gainera, etorri den jendeak badauka esperientzia pixka bat, badaki zer nolako konpromisoa eskatzen duen honek. Baiezkoa eman dutenek badakite non sartu diren eta orain arteko entsaioetan jarrera on hori nabaritu dugu.

"Gabon Txirrita"ren duela 34 urteko bertsioa aipatu dugu. Orduko emanaldiekin parekatuz aldaketa asko aurreikusten al dituzue?

M.G.: Ahalik eta fidelenak izango gara testuarekin. Xabier Lete berak ere jatorrizko testutik gauza batzuk kendu eta beste batzuk erantsi egin zituen. Guk ere, dena osatuta daukagunean erabakiko dugu. Gero, 1982an eta 2016an ezin litekeela berdina izan konturatu behar dugu. Garaian garaikoa. Horrela, emakumeen parte hartzea handiagoa izango da, atrezzoa aldatuko da, estetika aldatuko da, eszenatokiko mugimenduetan aldataketak izango dira, musika aldatuko da..., hau da, kanpoko itxura aldatu egingo da, testua mantenduz.

M.L.: Orduan baino bitarteko gehiagorekin ari gara lanean, esate baterako, foko gehiago sartuko ditugu, Letek ez zituen sartu, ez zeuzkalako, izan balitu hark ere sartuko zituzkeen.

"Gabon Txirrita" zer antzerki mota den galdetzen duenari zer erantzungo zeniekete zuek?

M.L.: Egunerokotasun bat erakusten duen komedia bat dela. Sagardotegi mundua eta abar. Txirritaren bizitzari errepaso bat da, umoretik.

M.G.: Duela 80 urte hil zen Txirritaren bizitza da. Datorren ikusleak, iruditzen zait, Txirrita nolakoa zen jakiteko kuriositatea eduki beharko lukeela.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!