Ondare istorikoa ezagutuz Belkoainen barrena

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko mar. 20a, 01:00

Aita Larramendi ikastolako DBHko ikasleek Belkoainen barrena ibili ziren joan den ostiralean, bertan dagoen ondarea ezagutuz Burdina taldeko kideen eskutik.

Besteak beste, Erramuetako karobia, Zumalakarregiren gotorlekua, 1936ko gerrako lubakiak eta Belkoaingo trikuharria. Manu Izagirre, Txanka Arruti eta Joxe Ramon Berrondok azalpen ugari eman zizkien ikasleei, elementu historikoen gainean: zenbateko balio historikoa daukaten, nola berreskuratu diren...

Burdinako kideak metalen detektagailu batekin abiatu ziren, eta bidean, gerrako lubakietatik gertu, munizio zaharra topatu ahal izan zuten.

Burdina elkarteko kideak oso gustura agertu dira egindako bisita gidatuarekin eta ikasleek erakutsitako arretarekin, eta adierazi dutenez, taldea prest legoke antzeko txango gehiago egiteko, horrela eskatuz gero herriko edozeinek, izan ikastetxeak, izan beste eratako elkarteak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!