Bidegorriak lotuko ditu Sorabilla eta Aduna

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko mar. 18a, 01:00

Urtea amaitzerako egingo dituzte Aduna eta Andoain batuko dituen bidegorriko lehen lanak. Epe ertainean, bi herrien arteko bide osoa oinez edo bizikletaz egiteko aukera izango da. 

Andoaingo Sorabilla auzoaren ingurutik hasi, eta Adunako erriberaren hasieraraino luzatuko da bidegorriaren lehen fasea. Bigarren eta hirugarren faseak egiten dituztenean, Adunako zubira iritsiko da eta horrek, Amasa-Villabonarekin bat egiteko aukera eskainiko du.

Segurtasun handiagoa

Gaur egun, Aduna eta Andoain batzen dituen errepidea ez da batere segurua oinez edo bizikletaz ibili ahal izateko. Josu Amilibia Adunako alkatearen hitzetan, “zenbait gunetan errepide estua da, espaloirik gabea. Gainera, ibilgailu mugimendu handia izaten da egunero. Ez da segurua bizikletaz edo oinez bertatik ibiltzea, horregatik izango da hain garrantzitsua bidegorria egitea”.

Etorkizuneko bidegorriko lehen metroak egiten hasiko dira urtea amaitu baino lehen. Agustin Alberro Andoaingo Udaleko zinegotzia da. Andoainen ere gustura hartuko dute bidegorri berria: “Gaur egun, Mendiola enpresaren parean amaitzen da Andoaingo herrigunetik datorren bidegorria. Urte amaieran egingo diren lanekin, bidegorri horri jarraipena eman eta Aduna aldera luzatuko da. Lanak guztiz amaitzen direnean, aukera polita eskainiko dio zonalde guztiari”. 

 

Nondik nora

Errepidearen eskubi aldetik joango dira bidegorriaren lehen metroak. Hala azaldu du Josu Amilibiak: “Inquitex enpresaren inguru horretan, espaloia dagoen aldetik joango da bidegorria ere. Espaloiaren eskubialdean, ezponda edo taluda kendu eta bi metroko zabalerako bidegorria egingo dute”. Balastrain industriguneko bidegurutzea pasa, eta metro batzuk aurrerago, errepidea gurutzatu eta ezkerraldetik jarraituko du oinezkoentzat nahiz bizikletatentzat egokitutako guneak.

 

Errepidea ere zabalago

Adunako Bentaren parean, oso estua da errepidea gaur egun. Lan handiak egingo dituzte puntu horretan. “Bentako atearen parean bi metro zabalerako espaloia eta beste hainbesteko zabalera izango duen bidegorria egingo dituzte. Errepidea ere zabaldu egingo dute. Bentaren pareko txabola bota, eta mendiari metro dezente kendu beharko diote lan horiek egin ahal izateko. Puntu arriskutsua da hori gaur egun, eta lanak amaitutakoan, oso ondo geratuko dela uste dugu”, azaldu du Josuk.  Foru Aldundiak izango du lan horiek egiteko ardura. Adunako Bentako inguru horretatik aurrera, berriz, industrigune berria egiten ari diren sustatzaileek jarraituko dute bidegorria egiteko lanekin. “Ondoren, Foru Aldundiarena izango da bidegorriaren mantenimenduaren ardura, baina industrigunea egiten ari diren enpresek ordainduko dituzte eraikitze lanak”, azaldu dute Agustin eta Josuk. 

 

Industrigunean barrena

Adunako Bide-ondo baserriaren aurretik pasata, Amunde etxearen parean, Oria ibairuntz biratuko du bidegorriak. “Irizar kooperatiba egiten ari den lantegi berriaren aurretik igaroko da bidegorria eta araztegiaren ondotik pasata, Uparan industriguneraino joateko aukera eskainiko du”, argitu dute. 

Adunako industrigunea garatzen joaten den heinean garatuko da bidegorria ere. Hala jakinarazi du Josu Amilibiak: “Ezin dugu eperik zehaztu. Urte amaiera inguruan lehendabiziko metroak egingo dituzte; bai Foru Aldundiari dagozkionak, baita industrigune berriko lehen faseari dagozkionak ere. Ezin dugu zehaztu hortik aurrera lanak nola joango diren. Industrigunearen bigarren eta hirugarren faseak egiten direnean amaituko dira bidegorriko lanak ere”. Bidegorria egiteaz gain, errepidea zabaltzeko lanak ere egingo dituzte. Urte amaierarako, Benta parean ez ezik, Urtaki poligonoaren pareraino ere berritu eta zabalduko dute errepidea.

Oinez zein bizikletaz ibiltzeko aukera berria zabalduko du bidegorriak. “Zalantzarik gabe, mesede handia egingo du. Bidegorria erabat bukatu eta Amasa-Villabonakoarekin bat egin bitartean, oinezkoek nabarituko dute onurarik handiena”, azpimarratu dute. Lanak erabat amaitzen direnean, txirrindulariek ere segurtasun osoz ibiltzeko aukera izango dute. 

 

Adunarekin bat

Adunako herrigunera doan bidegorri mistoarekin ere bat egingo du etorkizuneko bidegorriak. 2014ko otsailean inauguratu zuten errepide berritua eta bidegorri mistoa. “Jende asko ibiltzen da Adunara gora eta behera oinez. Bidegorri mistoa, ordea, amaitu egiten da Hidronorreko bidegurutzera iristean. Etorkizunean, Andoaindik etorriko den bidegorri berriarekin bat egingo du”, azaldu du Josuk. Errepidea modu seguruan gurutzatzeko babesguneak jarriko dituzte eta Adunako zubian bat egingo dute bi bidegorriek. Adunako herrigunetik Amasa-Villabona edota Andoain aldera joateko aukera izango da modu horretan. 

Josu Amilibia eta Agustin Alberro gustura ageri dira bidegorri berriak eskainiko duen aukerarekin: “Inguru guztirako oso ona izango da. Andoain, Aduna, Amasa-Villabona, Zizurkil, Asteasu..., eskualdeko herriak batuko dituen bidegorri sarea osatzeko pauso garrantzitsua eta beharrezkoa izango da. Jendeak gustura hartuko du bizikleta modu seguruan erabiltzeko aukera hori”. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!