EAJ alderdia, Zubimusuko lanen inguruan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko mar. 18a, 01:00

Joan zen asteazkenean egindako prentsa agerraldian,  Zubimusu inguruko lanei buruzko informazio falta salatu zuen EH Bilduk. EAJ alderdiak salaketa horiei erantzun die prentsa ohar baten bidez:

EAJ-PNVko alkate eta zinegotziek ez dugu ulertzen EH Bilduren jarrera Uraren Euskal Agentzia (URA) Oria ibaian zehar burutzen ari den obren inguruan. Beraien adierazpenetan salatzen dutenez, udal gobernuak, zehazkiago Iban Aguirre alkateak, obra horiek baimendu ditu horretarako proiekturik egon gabe.

Gauzak argitzearren, URAk aurreko legealdian aurkeztu zuen Udalean proiektua “VILLABONA-ZIZURKILEN ORIA ETA ASTEASU IBAIAK UBIDERATZEKO ETA HAIEN UHOLDEETATIK BABESTEKO PROIEKTU ALDATUA. BIGARREN FASEA. LEHEN SEPARATA” tituluarekin, politikariak zein udal teknikariak egingo ziren lanen jakitun izan zitezen. Jendaurrean egon zen zegokion denboraldian eta ondoren onarpena eman zitzaion. Orduz gero proiektua hirigintza alorrean dago, interesa duen edonoren eskura.

Horretaz gain, oposizioak jakin beharko luke udalak ez duela eskumenik URAk burutzen dituen obretan (ekainaren 23ko 1/2006 Legea). Lanak iragan den udan hasi ziren, 7 hilabete daramatzate abian, proiektua jarraituz burutzen ari dira… ez dugu ulertzen salaketak zertara datozen.

Azkenik, lerro hauek erabili nahi ditugu herritar guztien izenean eskerrak emateko gure udalerrian burutzen ari diren inbertsio guztiengatik, uholdeek eragiten dituzten kalteak, hein handi batean, ekiditearren eta gure asebetetzea adierazi nahi dugu orain arte egindakoarekin. Aldi berean, geratzen diren faseak ahalik eta azkarren burutzea eskatzen dugu, gure udalerriaren hobe beharrez, azken euriteekin argi geratu den bezala.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!