Boteluzea mahai-jokoa, plazako jokoen transmisioa sustatu asmoz

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko mar. 18a, 01:00

Daniel Carballok frontoitik plazara atera nahiko luke pilota jokoa berriro. Eta tesia idazten diharduen bitartean, Boteluzea izeneko mahai-jokoa asmatu du. 

D

aniel Carballo zumaiarra da. Arkitektoa lanbidez, eskolak ere ematen ditu unibertsitatean. Pilotari buruzko tesi bat idazten ari da. Eta azterketa honi esker konturatu da frontoiak irentsi duela pilota jokoa, boteluzea, errebotea eta antzeko plaza-jokoen kalterako. 

Paretaren kontra jokatu izan da beti pilotan. Daniel Carballo zumaiarrak ere hori uste zuen. Baina idazten ari den tesiarekin konturatu da pilotaren sustraiak bestelakoak direla. Plaza irekian jokatzen zen, boteluzean edo errebotean egiten den bezalatsu. “Madrilen, Italian eta Europako leku pilo batean erreferentzia antzekoak zituzten duela hainbat mende. Jokoa berdina zen, arraiak eta kintzeak markatzen ziren…”. Denborarekin, toki bakoitzean modu ezberdinean joan zen pilota jokoa garatzen. 

Tesiarekin ari zinela otu zitzaizun mahai-joko hau egitea…

Tesirako bilaketak egiten hasi nintzenean, jendeak aurretik egindako lan batzuk aurkitu nituen. Baztanen adibidez, jokoa bizirik dago oraindik, eta bertako Tiburtzio Arrastoak liburu batzuk pasa zizkidan. ‘Pilota Plazan’ izena zuen liburuetako batek, eta hirigintza eta pilotaren arteko harremanaren berri ematen da bertan. Ordura arte ez nekien boteluzean jolasten zenik ere, ezta Europa mailan zabaldua egon zenik ere. 

 

Pilota, egun indarrean den pilota jokoarekin lotzeko joera dugulako?

Hori da. Aztarnen bila hasi ginenean konturatu nintzen horretaz. Beti paretaren kontrakoarekin lotzen dugu pilota, jakin gabe boteluzea eta antzekoak lehenagotik zabalduta zeudela gure herrietan.

Galdera horri lotuta dago nire kezka. Nola lortuko nuke boteluzearen jokoa neure seme-alaben memorian txertatzea? Bada, partxis edo oka-jokoa bezain erakargarri eginez. Baina boteluzea ikusten ez badute, nola trasmititu?

 

Horregatik ekin al zenion mahai-jokoa osatzeari?

Egia esan, txantxetan hasi nintzen honekin. Eskuz marrazteko ohitura dut eta eguberri batzuetan ebakigarri bat egin nuen: “Boteluzea, pilota-joko eramangarria. Eraman ezazu zure boteluzea” leloa ipini nion eta Facebooken zabaldu nuen. Jendea xaxatzeko batez ere.

Eta era berean, semearekin eta alabarekin hasi nintzen esperimentatzen. Jokoaren araudia banekien eta hori dado jokora egokitu nuen. Oinarrizko arau batzuetara egokitu dut, baina nahi izanez gero zertxobait zaildu daiteke.  

 

Plazako jokoak bezalaxe, plaza irekia ere galzorian al da?

Ezker pareta errudun. XIX. mendean, pilota jokoaren jabe egin ziren enpresa gizonak. Profesionalizatu egin zen, plazetako herri desafio horien kalterako. 

Hori baino lehen, bi talde aritzen ziren, bi herri, baina profesionalizazioarekin idoloak agertu ziren arte. Txikito de Eibar eta horrelako pertsonaiak. Jende asko erakartzen zutenak. 

Desafio horiek garatzen joan ziren, eta enpresa gizonek bista handiarekin formato berri bat eman zioten pilotari. Ategorrietan Jai Alai frontoia eraiki eta negozioa formalizatu egin zen. Sarrera ordaindu egin behar zen eta apostua jarri zen. Erregina Donostiara etortzen zen, eta aristokraziaren artean arrakasta izan zuen formula horrek. Hori dena bertako kirolaren kalterako izan zen. Plazako kirola zenaren kalterako. 

Herri guztiek nahi zuten ezker pareta bat eraiki. Amezketako pilota plazak errebotea zeukan. Baina XIX. mende bukaeran ezker pareta eraiki zuten, etxe baten aurrean. Ermuan ere bai. Adierazgarriena Otxandiokoa da. Eliza baten aurrean eraiki zen ezker pareta. Nork onartuko luke horrelakorik? Bada, pilota jokoak lortu zuen. Pentsa zer nolako arrakasta izan zuen. ‘Euskal Herria’ aldizkarian kronika batzuk agertzen dira, eta denek pilota joko berria nahi zuten bere herrian. Errebote paretak desagertu eta ezker pareta bihurtu zituzten. XIX. mende bukaeratik XX. mendera bitartean, pilota plaza asko desagertu zen.

 

Tesia aurreratuta duzu. Zertan oinarrituko zara?

Idazten hasia naiz. Batetik, jaso dudan material guztia antolatu nahiko nuke. Aurkitu ditudan aztarnak eta erreferentziak antolatu eta erakutsi. Eta bestetik, pilota jokoa nola gaur eguneratu plazan. Horretan oinarritu nahi nuke tesia.

Garai batean, eremu publikoa erabileraren arabera eraldatzen zen. XIX. mendetik hona ordea, eraikinetan espezialdu gara. Pilota pribatizatu egin da, kirol eraikinak altxa eta espazio publikoa galdu egin da. Eta ni espazio publikoa ixtearen kontra nago. 

Baztanen herri txikiak dira, hirigintza handirik ez dutenak, espazio publiko horiek mantentzen asmatu dute. 

 

Aterperik gabe, eguraldiak baldintzatuta daude boteluzea edo errebotea bezalako jokoak… 

Badakit artisautzaren eta ohituraren kontra dagoela, baina hemen erabiltzen diren materialak, xistera, larrua edo pilota ez dira euritara ondo egokitzen. Gaur egun material sintetiko pilo bat dago. Beisbol eta softboleko pilotak eta bateak guztiz sintetikoak dira. Inork ez du inbertituko, eta ez du inbertitu nahi izango ere garapen horretan. Baina erreminta egokia izanez gero, eta euria ez bada egundokoa, errebotean jolastu daiteke. 

 

Baina jokalariarentzat irristakorra izan daiteke, ezta?

Pilotarentzat ere ez da ona euria. Baina garatu beharko genuke pilota egokia. Begira, urte batean bi final jokatu behar izan ziren. 2013koa euriarengatik atzeratu egin behar izan zuten hainbat aldiz. 2014an jokatu behar izan zuten. Urte horretan bi final jokatu ziren! Kontua da nor dagoen horretan inbertitzeko prest. Unibertsitatea edota HirikiLabsen modukoak baliatu beharko lirateke horretarako. Gero sustraituko den edo ez, hori beste kontu bat. Gustuko duenak hartuko du eta besteek ez. 

 

Arkitektoa zara eta Zubietako pilota plaza berritu zenean, zuregana jo zuten iritzi eske…

Kirol Patronatuaren helburua pilota plaza berritzea zen eta hormigoizko pilota plaza bat egitea aurreikusten zen. Azkoitiko Oteizaren plazaren antzera. Baina pilota azkarregi joaten da. Eta erreboteko jokalariak aukeran asfaltoa nahiago dute. Hartxintxarrak asko frenatzen du pilota eta errebotean pilota pixka bat moteltzen joaten da, horregatik asfaltoa erosoagoa da jokatzeko.  Asfaltoak gainera beste abantaila batzuk ditu. Koloreetan esperimentu asko egin daitezke. Berehala lehortzen da, eta atxikidura ona du. 

Azken finean, plaza bizirik mantentzen dutenei erraztasunak ematea da helburua. Hori bakarrik falta da! Ez badute erabiltzen, ondarea hor izango dugu baina jokatzen dutenei esker mantentzen da ondarea bizirik.

 

Plaza mantentzeaz gain, taldea ere mantentzen du oraindik… 

Gipuzkoan horrelako hiru adibide baino ez daude. Amasa-Villabonan, Zubietan eta Oiartzunen. Horiei esker mantentzen da jokoa bizirik. Iparraldeko taldeek esan izan didatenez, garai batean jokoa Gipuzkoan eta Nafarroan indartuta zegoen eta, aldiz, Iparraldean galbidean. Iparraldekoak hona etortzen ziren jokoa berpiztu asmoz, eta orain alderantziz gertatzen da. Gipuzkoan herri askotan ez da jokatzen eta Iparraldean, nahikoa larri bada ere, hemen baino talde gehiago daude han. 

Akaso han modalitate guztiak gehiago errespetatzen dituztelako. Plaza libreetan jokatzen segitzen dute: paretaren kontra, errebotean, paxaka, trinketean, xarean… Eta gurean galtzear dira denak eta eskuzkoa bakarrik mantentzen da, telebistan hori ematen dutelako eta gazteek erreferentzia hori baino ez dutelako. 

Elkarrizketa: Noaua aldizkaria.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!