Aundiko Bernardo Arregi, aurtengo txapelduna

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko mar. 17a, 01:00

Isilean lan egitera ohituta dago Bernardo Arregi zizurkildarra.
Aurtengo Txapela egunean, ordea, protagonista izatea egokitu zaio. 

Zizurkilgo Aundi baserrian jaio zen Bernardo Arregi eta bertan bizi da gaur egun ere. Sorpresaz eta lotsa pixka batez hartu zuen Txapela eguneko omendua izateko gonbita,  baina nolanahi ere, gogotsu jaso dau herrikideen omenaldi goxoa. “Aurtengo txapela niri jartzeko proposamena egin zidatenean, egun batzuk eskatu nizkien erantzuna emateko. Ez zait gustatzen protagonista izatea. Herrikideak nirekin gogoratu izana, ordea, ohore handia da eta baiezkoa ematea erabaki nuen”. Hogeita hirugarren edizioa izan da aurtengoa, eta ia denetan parte hartu izan du Bernardok: “Oso egun berezia izaten da, xarma berezia duena. Oso giro polita sortzen da arratsaldeko ekitaldietan zein afarian. Aurten, beste modu batera bizitzea egokitu zait eta hori ere polita izan da”. 

 

Eskola garaiak

Gogoan ditu Bernardok ume zeneko garaiak: “Orain baino etxe gutxiago zegoen herrian, baina handiagoak izaten ziren familiak. Sei urte nituela hasi nintzen eskolara joaten. Garai hartan halaxe hasten ginen, eta izaten zen geroago hasten zenik ere. Erdara hutsean ziren eskolak eta hasieran, nahikoa lan izaten genuen, tutik ere ez baikenekien erdaraz”. Eskolatik itzuleran, baserriko lanetan laguntzen zien gurasoei: “Ganaduarentzako jatenak etxeratzen laguntzen genuen, besteak beste. Soro handia egiten genuen etxean; babarruna, artoa, arbia..., eta baratzea ere dezentea egiten genuen. Hantxe aritzen ginen aita eta amari laguntzen”. Udazkena zen beretzat garairik gustagarriena. Gaztainak, babarrunak, intxaurrak..., bilketa garaia baitzen eta ikaragarri gozatzen zuen. “Haiek salduta lortutakoarekin erosten genuen behar genuena; arropak eta bestelakoak. Beste balio bat ematen genion orduan diruari. Lagun guztiak elkartzen ginen intxaurrak edo gaztainak biltzera joateko”. 

Donostiako Bretxara joaten zen Bernardoren ama, etxeko generoa saltzera. “San Millan baserriko Rafael Bengoetxeak arraindegia zuen eta furgonetan joaten zen Donostiara, goizean goiz. Furgoneta hartan eramaten zuen Bretxara Zizurkilgo emakumeen generoa. Emakumeek trenean egiten zuten Donostiarako joan-etorria”. 

 

Lanera, gazterik

Hamalau urterekin eskola amaitu, eta lanean hasi zen Bernardo. Zizurkilgo ‘Tresna’ enpresan egin zituen lehendabiziko lan urteak. “Krisialdiarekin bat, enpresa itxi egin zen eta langabezian geratu nintzen. 1981 urtean, baserriz baserri ganaduari kanpaina egiten hasi nintzen. Jexux Garin aritzen zen lan horretan beste lagun batekin batera. Lagun hark utzi zuenean, niri egin zidan proposamena eta baiezkoa eman nion. Hiruzpalau urtez aritu ginen elkarrekin eta nik horretantxe jarraitzen dut gaur egun ere”. 

 

Lanbide aberasgarria

Lanbide horretan daramatzan urteotan aldaketa handiak sumatu ditu Bernardok. “Asko jaitsi da ganadua duten baserrien kopurua. Garai batean pasatzen genituen baserrien erdia pasako dugu gaur, gutxi gora-behera. 2000 eta 2008 urteen artean Goierriko baserri guztiak pasatzen genituen, baserri asko”. Hernialdetik hasi, eta Usurbil arteko zonaldean ibiltzen da gaur egun, “eta zenbait herritan, lehen ganadua zuten baserrien hirutik bat geratuko da orain”. Patxi Otegi herritarra aritzen da Bernardorekin batera, baita Amaia Barandiaran andoaindarra ere. 

Jende asko ezagutzeko modua eman dio ganadu kanpainen lanbideak. “Baserri bakoitza mundu bat da. Lan egiteko modu ezberdinak, ohiturak..., asko ikusi eta ikasi dut urte hauetan zehar. Oso lanbide aberasgarria izan da zentzu horretan”, azaldu du Bernardok. 

 

Elkartasuna eta borondatea

Herrigintzan ere bide luzea egin du Bernardo Arregik. “Joakin anaiak errefuxiatu egin behar izan zuen eta orduan ekin nion herrigintzako ibilbide horri. Herri txikia izateko, borondate eta elkartasun bidean lan egiteko prest dagoen jende asko biltzen du Zizurkilek. Festa batzordean aritu nintzen gaztetan eta ondoren, atzetik etorri diren gazteei utzi diet lekua. Nolanahi ere, ahal dudan gauzetan laguntzeko prest nago”. Bide horretan, zailtasun handiko momentuak bizitzea egokitu zaio Bernardori: “Ilegalizazioen garaian, besteak beste, ez zen erraza zenbait ekitaldi antolatu ahal izatea. Nolanahi ere, beti bilatu izan ditugu bide berriak. Eragozpen horiei aurre egin eta lanean jarraitzeko modua egin dugu”. 

 

Txupinazoa

Abuztuan ere protagonista izatea egokituko zaio Bernardori, Txapela eguneko txapeldunak izaten baitu jaien hasierako txupinazoa botatzeko ardura. “Momentu polita izaten da jaien hasierako hori, barnetik bizitzen dena. Oilasko biltzen ibili diren gazteak plazara gerturatzen direnean botatzen da jaien hasiera iragartzen duen txupinazoa. Plazatik Iriarteko balkoira begira egon izan naiz beti, baina aurten niri egokituko zait balkoi horretan egotea”.


Txapela egun bikaina

Giro paregabea sortu zen aurtengo Txapela egunean. Zizurkildarrek ez dute berehalakoan ahaztuko aurtengo edizioa. Bernardo Arregi herritarra izan zen aurtengo omendua eta une hunkigarriak bizitu ziren ekitaldi nagusian.

Arratsaldeko 16:00etan hasi zen pizten festa giroa, mus txapelketarekin. Txapela buruan, Zentroko mahaien bueltan eseri ziren muslariak, lehiari ekiteko. Bernardo Arregik eguneko lehen txapela janztea lortu zuen, Pello Garinekin bikote osatuta, txapelketako garaile izan baitziren. Bukalai dantza taldeko kideek saio ederra eskaini zuten pilotalekuan. Harmailak jendez lepo zeudela, bikain aritu ziren dantzari gazteak. 

Ondoren, trikipoteoak alaitu zituen plaza inguruko bazterrak, afalordua iritsi arte. Zentroan batu ziren orduan herritarrak. Bernardo Arregi izan zen protagonista. Malli Usabiaga zena omendu zuten iaz eta bere arreba Arantxik jarri zion txapela Bernardori. Pozik eta hunkituta bizitu zuen momentua Bernardok, eta baita ekitaldia jarraitu zutenek ere. Amaia Agirre eta Haritz Mujikaren bertsoek jarri zioten hitza eta doinua gauari. Ondoren, goizaldera arte luzatu zuten festa zizurkildarrek.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!