Andoaingo udalaren eta Salkinen hitzarmen berria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko mar. 17a, 01:00

2016 urteari begirako hitzarmena sinatu dute Andoaingo udalak eta Salkin Andoaingo komertzianteen elkarteak. Jon Zulueta Enplegu, Sustapen ekonomiko eta Gazteriako zinegotzia eta Luis Angel Orte Salkineko presidentea izan dira sinatzaileak.

Udalaren eta elkartearen arteko elkarlana indartzea, eta herriko komertzioen du helburu hitzarmenak. Hiru mila euroko laguntza jaso du Salkinek azken urteetan, baina zazpi milarainoko igoera izango du urtengoan.

Zuluetak aipatu duenez, “egia da aurtengoa testuinguru berezian sinatzen dugula hitzarmena: izan ere, Andoaingo komertzioak sufritzen ari dira azken urtetako krisiaren eraginez; baina bestalde, esan behar dugu egoera hori iraultzen saiatzeko hausnarketa dexente egiten ari garela guztiok ere, eta 2015ean abian jarri genuen Andoain Txartela izan daiteke emaitzetako bat”. 

Hain zuzen ere, Andoain Txartelaren sustapenerako kanpaina berriari buruzko azalpenak eman dituzte ekitaldi berean. Martxoaren 31n amaitzen da lehenbiziko fasea, herritarrek eskura dezaten txartela. Bigarren kanpaina apirilaren 1ean abiatuko dela iragarri du Zuluetak: “hamar euroko mila bono jarriko dira txartela ateratzea erabakitzen duten herritarrein esku; hamar euroko bonoa pertsona bakoitzeko. Era horretan, diru kopuru hori ere Andoaingo komertzioetan inbertitu ahal izango da”.

Udalak, Salkin elkarteak eta Rural Kutxak jarraituko dute txartela bultzatzen, orain arte egin den bezala. “Iruditzen zaigu inflexio puntua izan dela txartel honen sorrera; alegia, tresna eraginkorra dela Andoaingo komertzioak sustatzeko eta indartzeko”.

Azkenik, Zuluetak deialdi bikoitza egin du; batetik Salkinen sartuta ez dauden Andoaingo komertzioei elkarte horretan bazkidetu daitezen gonbidapena luzatu die, “ona delako komertzianteek elkar lanean jardun dezaten”. Andoaingo herritarrei egin die bigarren deialdia, txartela oraindik atera ez dutenei, "anima daitezen, onura pertsonalez gain herriko ekonomiari laguntzen diotelako era horretan”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!