“Goizeko 04:30etan jaikitzen ginen egunkarien bila joateko”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko mar. 18a, 01:00

Oso ezaguna da Carmina Dominguez ‘Periodista’ egunkari-saltzailea Andoainen. Martxoaren 5ean, ‘Martxoak 8 emakume’ ekimeneko omenaldia jaso zuen beste hainbat herritarrekin batera.

Egunkari banatzaile eta saltzailea zara gaztetxotatik. Nola ekin zenion bideari? 

Gurasoek Andoaingo parkeko kioskoa hartu zuten orain 50 bat urte eta bost anai-arrebok laguntzen genien eskolara edo lanera joan aurretik. Goizeko 05:00etan, lehenengo trenean ekartzen zituzten egunkariak. Goizeko 04:30etan jaikitzen ginen karroa hartu eta haien bila joateko eta kioskoan utzi beharrekoak antolatu ondoren, bakoitzak banaketa egin behar genuen guneko egunkariak hartzen genituen, oinez abiatu aurretik. Aita Etxeberrietara joaten zen, nik Kaletxiki eta goialdea egiten nituen… Gero anaiak gidabaimena ateratakoan, berak gerturatzen gintuen bakoitza gure banaketa-gunera. Idazkaritzako ikasketak 17 urterekin amaitu eta gero, gidabaimena atera eta banaketa kotxez egiten hasi nintzen. Punta batetik bestera zeharkatzen nuen herria, baina askoz ere errazago moldatzen nintzen kotxearen laguntzaz eta herri guztiko banaketa neronek egiten nuen orduan. Orain askoz ere gutxiago banatzen dut, izkina guztietan eskaintzen baitira egunkariak. Etxe pare bat mantentzen ditut eta taberna, denda eta zerbitzu ugaritan ere uzten ditut. Banaketa bukatuta, dendan izaten naiz 06:45etarako.

 

Aurretik Andoainen ba al zen kioskorik?

Bai, Ruiz de Larrinaga ahizpek izan zuten kioskoaren ardura gure aurretik eta haiek erakutsi ziguten lanaren berri. Esaterako, aste osoa kobratzen zitzaien hartzaileei orduan eta eskura eramaten genien egunkaria, igogailurik ez zen garaian. Franco hil zen arte kioskoak soilik bana zezakeen egunkaria herrian. Oso erraza zen orduan salmenta, oso aukera gutxi baitzegoen Franco hil aurretik: La Voz de España eta Diario Vasco. Arratsaldetan, Unidad eta astelehenetan Hoja de lunes. Franco hil ondoren izugarri zabaldu zen aukera eta denetarik edukitzen dugu; udan bereziki, aukera zabalagoa izaten dugu, kanpotik gerturatzen diren pertsonei zuzenduta.

 

Aita izan zen kioskoaren arduradun urtetan. Zerorrek hartu zenion lekukoa gero…

Aita hil eta gero kioskoaren ardura hartu nuen. Kioskoa itxia zen, leiho txiki bat zuen jendeari egunkariak, aldizkariak, komikiak, goxokiak edo izozkiak saltzeko. Lehen urteetan ia 24 orduz edukitzen genuen zabalik. Egunkaria saltzen zuen gune bakarra zen Andoainen eta goiko parkean izugarrizko jende piloak biltzen zirenez, mugimendu handia izaten zen. Garai hartan ez zegoen beste parkerik herrian, ezta egunkari edota aldizkariak saltzen zituzten beste punturik ere. Gerora, parke ugari egin zuten auzoetan eta liburu-denda eta papertegiak zabaldu zituzten haietan. Andoainen egunkari eta aldizkarien eskaintza asko zabaldu zenez, ate berriak zabaldu nahian, ogia saltzeko baimena eskatu nion Udalari, kioskoa Andoaingo Udalaren jabetza zenez. Bost bat urte izango dira kioskoa denda bihurtu genuela eta espazio gehiago dugu orain. Kioskoko leihatilatik ezingo genuke ogirik saldu, ez legoke erosleari ogia emateko lekurik.

 

Ez zara geldirik egotekoa emakumea izan… Oso gaztetxotatik gainera!

Eskolara joan eta egunkariak banatzearekin batera, lan ezberdinak egiten nituen gaztetxotan: Ezkerranea etxe-tabernako kideei enkarguak egiten nizkien eguerdian, eskolatik ateratakoan. Garai hartan etxeetan telefonorik ez zenez eta kalean telefono kabinarik ere ez, Andoaingo Kale Nagusian telefono zentralita bat zegoen eta arratsaldetan telegramak banatzen nituen herriko lantegietara. Igandetan, berriz, Rich gozotegiko pastel eta tartak banatzen nituen erosi ahal zitzaketen andoaindarren etxeetara. Saiatua izan nintzen, ez gelditik egotekoa. Hori bai, 20 urteak bete arte ez nintzen gauez atera –eta hasitakoan ere etxetik gertu egoten ginen, amaren begiradapean–. Oso goiz esnatu izan naiz beti banaketarekin hasteko. Baita orain ere, baina ohituta nago horretara dagoeneko. Oso mugitua izan naiz, aktiboa. Lehengo erritmoarekin alderatuta, hala ere, oso lasai nabil azken urte hauetan. Denda 13:00etan itxi eta arratsaldea libre izaten dudanez, inoiz baino denbora gehiago dut niretzat.

 

Carmina edo Periodista zara herritarrentzat?

 ‘Carmina la Periodista’ moduan ezagutzen naute gehienek herrian. Jendez inguratuta aritu izan naiz lanean eta hitz egiteko norbait izan dut beti aldamenean. Horregatik izango nahiz agian hain hizlaria.

 

Garai berriotan aldatu al da egunkari-saltzailearen lana?

Azken bi urteotan bereziki, –asteburuetan izan ezik–, izugarri nabaritu da egunkarien salmentaren beherakada. Izugarri, eta egunkari guztietan gainera! Gure belaunaldiko askok papera behar dugu irakurtzeko, baina gazte jendea, oro har, teknologia berriei lotuta bizi da eta haien bidez jakiten dute gertatutako guztia. Herritar batek zioen bezala, “hiltzen den pertsona heldu bakoitzeko, saltzen den egunkari bat gutxiago”. Egia borobila da hori. Gazteek ez dute egunkaririk erosten.

Eta egunkarietan bezala, aldizkarietan ere izugarrizko jaitsiera nabaritu da. Bere garaian izugarri saltzen ziren aldizkari arrosak bakanago saltzen dira orain. Egia esan, orain gai espezializatuetan aldizkarien aukera oso zabala da eta bakoitzak bere gogokoetara jotzen du.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!