Zubimusu zubiaren inguruan uholde arriskua jaisteko egiteko lanak hasi zituzten duela hiru hilabete. Ur Agentziak du ibaia berbideratzeko lanen ardura. Labordek azaldu duenez, "Obra honen bidez, ibaiaren zabalera handitu eta Villabonako herri-guneak duen uholde arriskua asko murriztuko da eta beraz, honakoa interes publiko ukaezina duen obra garrantzitsua da. Hori horrela izanda, EH Bildutik oso argi utzi nahi dugu ez dugula obra honen martxa oztopatu edo geldiarazteko inolako borondaterik, alderantziz, obrak ahalik eta azkarren bukatzea nahi genuke, obra hauek hainbat herritarri eta bereziki inguruko negozioei sortzen dizkien eragozpenak amaitu daitezen".
Ibaia berbiderateko lanez gain, ordea, Zubimusu zubiaren inguruan ere ari dira lan ezberdinak egiten, eta obra horien inguruko informazio eza da EH BIlduk salatu duena: "Amasa Villabonako EH Bildutik gaur gaurkoz, obra hauen inguruko inolako informaziorik ez dugula salatu nahi dugu. Oso larria iruditzen zaigu gure herriko espazio esanguratsu bati eragingo dion obra hau martxan dagoen une honetan, ez Udaleko hirigintza sailak eta ezta udaleko oposizio politikoak ere, inolako informaziorik ez izatea. Zertara dator sekretismo edo ilunkeria hau? zerbait al dago ezkutatzeko?"
Martxoaren 7an informazio eskaera formala egin zion EH BIlduk Iban Agirre alkateari. Eskera hori "udalean erregistratzea erabaki genuen, modu horretan erantzuna izango genuen esperantzan, baina ez dugu inolako erantzunik jaso", adierazi du Xabat Labordek.
Amasa-Villabonako EH BIlduk "jokabide trakets eta arduragabe hauekin amaitzea" eskatu dio Udal gobernuari.