Aiztondoko liburutegi berria diru laguntzeko eskaera egin dio EH Bilduk EAJ eta PSEri

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko mar. 17a, 01:00

EAJk eta PSEk ezezkoa iragarri diote Eusko Legebiltzarrean liburutegi berria laguntzeko proposamenari eta EH Bilduk Aiztondoko liburutegia diruz babestea eskatzen die:

Zizurkilen kokatuko den Aiztondoko liburutegia azken urteetan landutako proiektua izan da. Aurreko legealdian sortu zen proiektua eta 2014an Gipuzkoako aurrekontu parte hartzaileetan Tolosaldean aukeratuetako bat izan zen: 250.000 euroko diru laguntzarekin. “Diru laguntza horrek ahalbidetu zuen proiektua benetan martxan jartzea”, gogoratu du Leire Zubeldia orduko parte hartze zinegotziak.

Gipuzkoako aurreko Aldundiari egin zitzaion moduan, Eusko Jaurlaritzari ere aurkeztu zitzaion ideia. Bilera bat baino gehiago egin ziren bi aldeen artean, Joxean Muñoz kultura sailburu ordearekin eta Imanol Agote Liburutegietako zuzendariarekin. “Irungo udal liburutegia egiteko Jaurlaritzak 800 mila euro jarri zituela ikusirik, Aiztondoko liburutegirako diru laguntza bideratzeko eskaera egin genuen. Baina segituan itxi zuten aukera hori, Irungoa PSOE eta EAJren arteko akordio politiko puntual baten ondorioz etorritako partida bat izan zela adieraziz. Dena den, ekipazio teknologikora bideratutako urteroko partidatik diru laguntza jasoko genuela ziurtatu ziguten. Azkenean, hori ere ukatu egin digute eta legebiltzarrera jotzeko proposatu ziguten”, nabarmendu du Maite Amenabar alkate ordeak.

 

EAJren jarrera

Horrela, Udalak Eusko Legebiltzarrera jo zuen eta baita egitasmoa aurkeztu ere alderdi nagusiei. “Hitz onak jaso genituen eta EH Bilduk diru laguntza emateko proposamen osatua landu zuen. Martxoaren 22an legebiltzarreko kultura batzordea eztabaidatuko da proposamen hori. Nabarmendu behar da gure Udaleko EAJko eta PSEko bozeramaileak une oro jakinaren gainean izan ditugula, eta bi alderdietatik hasieran esperantzak eman arren, azkenean ezezkoa bozkatuko dutela iragarri dute EAJk eta PSEk”, azpimarratu du Amenabarrek.

Bereziki salagarria da Zizurkilgo EH Bildurentzat EAJren jarrera. “Udalean bertan, aurreko legealdian, proiektua aho txikiarekin babestu arren, edoizein dokumentu onartzeko garaian aurka bozkatu edo abstenitu egin ziren. Horrez gain, Jaurlaritzan agindutakoa ukatu egin digute eta Eusko Legebiltzarrean ezetz esango diote Zizurkilgo egitasmoa laguntzeari. Herri handien eta euren interesen mesederako politika da, eta hor Zizurkilgo bozeramaileak eurekin bat egiten du ezer esan gabe”, salatu du Zubeldiak. PSEk EAJk baino indartsuago erakutsi izan du aldeko jarrera, eta EH Bilduren ustez, tristea da orain, EAJk eskatuta, ezezko botoa emango dutela sozialistek, liburutegia finantziazio gabe utziz.

Erabaki honek Udalarengan utziko luke liburutegiko lanen kostuaren zati handi bat. “Eta Udalak jarriko du dirua zerbitzu horretan sinesten dugulako. Baina era berean, berriz ere deia egiten diegu jeltzaleei eta sozialistei erabakia birpentsatzeko. Zizurkilgo EAJ eta PSE alde badaude, badakite zer egin behar duten euren alderdietan”, nabarmendu du Maite Amenabar alkate ordeak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!