Mikel Goenaga apaiza zendu da

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko mar. 17a, 01:00

Mikel Goenaga (Antigua, 1958) apaizak Andoaingo parrokian eman zituen bere lehenbiziko urteak (1984-1996). Burubelarri inplikatu zen orduan Andoaingo gizarte arazoetan, eta oroitzapen ona utzi zuen harrez gero bertan. Bart hil da gaixotasun larri baten ondorioz. Bihar, ostirala, Astigarragan egingo da hileta elizkizuna.

Hemeroteka, Goenagari elkarrizketa:

[2009ko azaroaren 27a, 216 zenbakia]

Mikel Goenaga apaiza 1984an etorri zen Andoainera, bertan emanez bere lehen meza. 1996an Oiartzungo Arragoa auzora destinatu zuten. Astigarragako erretorea da orain, andoaindarren oroimenean jarraitzen duen apaizak.

Andoainen batik bat drogomenpekotasunaren prebentzioan murgildu zinen, Askagintzaren eskutik.
M.G.:
Oso garai gogor eta nahasian iritsi nintzen Andoainera. Goiko parrokiko etxetik ikusten ziren yonkiak arkupetako koskan, egunero. Arazoa begibistan geneukan. Ni Andoainen izan nintzen bitartean, 60tik gora lagunen hiletak egin ziren Sorabilla, Santa Krutz edo San Martinen. Gaindosiak, HIESa... Soldaduskatik libratzeagatik hepatitisa pasa zuen lagunaren odola txertatzearen eraginez hil zirenak ere ezagutu genituen. Eta 60ko zerrenda horretan ez dira sartzen beste makina bat hildako, herritik kanpo hildakoak, alkoholak hildakoak…  
Askagintzatik Udalari plangintza eskatzen genion, ez bakarrik prebentzio lanean baita tratamendu eta gizarteratzearen arloan. Problematika latza zela eta neurriak hartu behar zirela adierazten genuen, baina gehiegikeriatan ari ginela erantzuten ziguten. Ez zegoen asmo txarrik erantzunean, baina nola errealitate hori ez zen datu ofizialetan islatzen, ez zen existitzen! Esku hartzea gainera, deserosoa gerta zitekeen botoa Jainkoaren pare jarri ohi duten alderdientzat.  

Sorabillako erretoretxea harrera etxe gisa antolatu zenuen…
M.G.:
Gizakia Helburutik pasa ziren heroinazale ohiak, osasun mentalak edo alkoholak eragindakoak… 12-15 bat lagunek komunitatea osatu genuen bertan. Nahiko berritzailea zen formula: hezitzaile eta euren artean hitzarmena egiten zen, arazoetatik irten eta normaltasunera iristeko konpromisoak hartzen ziren, egunerokotasunean betetzeko. Andoaingo herritar askoren inplikazioa lortu genuen, gizarteratze prozesua errazteko.
Egitasmoa, hala ere, pikutara joan zen. Labur esanda, zera gertatu zen: etxeak sakoneko erreforma eskatzen zuen, eta Udalak hondamena deklaratu zuen. Gotzaitegia sartu zen tartean orduan, eta Caritasekin konpontzera derrigortu gintuen. Elkarte horrek aurretik lortu zen elkarbizitza ezinezkoa bihurtzen zuten baldintza batzuk jarri zituen; nolabaiteko pultsua gertatu zen eta gu irten ginen galtzaile. Setien buru zuen gotzaitegiak, ondoren, Oiartzunera bidali ninduen, inongo arrazoirik adierazi gabe.     

Zure joanak indiferentzia ez beste edozer sentimendu eragin zuen herritar askorengan…
M.G.:
Pentsatzen dut izango zirela tristetu zirenak; baina aldi berean, baita poztuko zirenak ere. Azken horien artean, adibidez, Udaletxeko jendea edo herriratu bezain pronto kargua hartuz niregana hurbildu zen jauntxo txiki edo “notableen” kuadrila bat; nonbait, nire janzkera, ibilerak, konpainiak… ezin zitezkeen apaiz batenak izan.   

Zer balorazio egingo zenuke Andoaingo egonaldiaz?
M.G.:
Nire apostu eta konbentzimendu batzuk errealitate bihurtzeko aukera eman zidan. Egia da bidean zoazen heinean gauzak ikasten zoazela, eta alde horretatik orain zenbait ahalegin ez nituzke modu berean bideratuko. Inguruko jendearekin ez nuke berdin jokatuko; izan ere, jendea inplikatu nuen egitasmo erakargarri batean, eta gero zer da eta Andoaindik atera nindutenean, hor geratu zen “–honek liatu gaitu eta gero joan egin da”, esanez bezala.    
Bestalde, orduko erromantizismoa aberasgarria izan zen arren, indar hori dena jaten duen sistema asistentzialista batean bizi gara, eta hori kontutan izanda jokatu behar dela iruditzen zait.

Kartzeletako pastoraleko kide zara…
M.G.:
Astean behin Martutenera eta hilean behin Langraitzera joaten naiz, Astigarraga, Urnieta, Hernani eta Andoaingo presoekin egotera. Harremana lantzen eta ahal dugun moduan laguntzen saiatzen gara. Une honetan Urnietako bi eta Andoaingo zazpi preso daude.
Asko aldatu da presoen tipologia. Orain %20a baino ez daude droga delituengatik. Inmigranteak, genero edo droga trafiko delituak nagusitzen doaz. Argi dagoena da kartzelak masifikatuta daudela. Barrura joanda ohartzen zara sistema politiko honek iraun dezan laguntzen duten piezetako bat dela. Alegia, 70.000 mila preso, beste hainbeste politiko profesional, beste hainbeste polizia...

Egunotan zabaldu den berriaren arabera, Jose Ignacio Munilla izango da hurrengo Gipuzkoako Gotzaina.
Mikel Goenaga:
Hala dirudi, ze hiru hautagai izendatzea izaten da lehen urratsa, baina prozesu hori gainditu eta ikusi da Munilla dela hautagai ofiziala Rouco eta Cañizaresena ez ezik Vaticano berarena ere.

Nola baloratzen duzue hautaketa hori Gipuzkoako eliza osatzen duzuenok?  
M.G.:
Balorazio ezberdinak jaso litezke, noski, bati ala besteari galdetuz gero. Argi dagoena da Uriartek borroka galdu egin duela, Madrilgo elizaren boterearen mesedetan. Munilla ondo ezagutzen dugu Zumarragako apaiza izan zen garaitik; ez zuen batere parte hartzen pastoraltzako dinamiketan. Gero Palentziako gotzain izendatu zutenean ere, oso urrun jokatu zuen hango eliza osatzen zuten apaizengandik eta sinisdunen komunitatearengandik.
Bera hor jartzeak bi helburu ditu, bata politikoa eta bestea dotrinalagoa. Gipuzkoa ere “espainiartu” nahi da, eta gainera, elizaren ideologiarik kontserbadoreena ezarri nahi da gaindituta zeuden praktikak berritzeko (latinez eman mezak, aitormenak bakarka egin…).

Esan izan da Roucoren estrategia osatzeko, Gipuzkoa “konkistatzea” geratzen dela.
M.G.:
Hori argi dago. Pasadizu adierazgarria gertatu zitzaidan Astigarragan orain bi urte: hemengo Valde-Espinako markesaren lehengusua Fernando Altolagirrek, Astigarragan bertan eman zuen bere lehen meza. Donostiako aristokraziako kide eta autoritate zibil ugari bildu zen. Altolagirrek bere sermoian lehenbizi, eta mezara joandako askok gero, gauza berbera errepikatzen ziguten: ni bezalakoak “gainditu beharreko akats historikoak” ginela Elizaren barruan; Uriarte laster zela jubilatzekoa eta orduan “Normandiako lur hartze” modukoa gertatuko zela akatsak gainditzeko.     

Errepresalien beldurrik ez, hain garbi hitzeginda?
M.G.:
Ez dakit zer esan… Lehendik ere ezagutu izan baititugu kargugabetzeak. Barajaseko atentatuaren ostean zenbait apaizek agiri bat kaleratu genuen, esanez elkarrizketari eutsi behar zitzaiola nahiz eta sufrimendua hor egon. Niri egokitu zitzaidan bozemailearena egitea. Martutenetik Andoainera bitarteko herriak hartzen dituen elizako arduradun nintzen orduan, bozketa bidez hautatuta. Bada, Uriartek kargugabetu egin ninduen, ez omen nuen publikoki hitz egin behar.
Egia esan, apaizak ez gaude soberan Gipuzkoan une honetan, eta egoera ez dago inor baztertzeko.

Kanpotik hartua den erabaki horrek, ez ote du haserretuko Gipuzkoako kristau komunitatea?
M.G.:
Ikusteko dago. Gerta liteke jendea Elizarengandik oraindik gehiago urruntzea, edo bestela, kontrako erreakzioa sortzea eta hurbiltzea, antolatzea (pentsatuz posible dela beste eliza bat osatzea lekuan leku)...

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!