Irrist-irri, Andoaingo patinatzaileak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko mar. 17a, 01:00

Patinatzea gogoko duten Andoaingo zenbait herritarrek talde bat osatu dute berriki. Ondarreta ikastetxeko patioan biltzen dira asteartero eta ostegunero, 20:00etatik 21:30etara. Elkarrekin ondo pasatzea eta kirola praktikatzea beste asmorik gabe jaio da taldea. Irrist-irri jarri diote izena taldeari.

Elena Audikana kideetako batek adierazi duenez, izenak ondo islatzen du gogoko duten filosofia: “patinak jantzita zelaian ibiltzea, umorea eta irribarrea inoiz galdu gabe”.
Andoainen gero eta zaletasun handiagoa dago patinak jantzi eta irristaka ibiltzeko, Andoaingo kirol patronatuak antolatu izan dituen ikastaroetan ikusi ahal izan den bezala. Gauzak horrela, Irrist-irri taldeak gonbidapena luzatu die horiei guztiei, Ondarretako patiora hurbil daitezen, beldurrak eta lotsak uxatuta. “Zaletasuna partekatu nahi dugu herrikideekin, eta esku zabalik hartuko dugu etortzen den edonor”.
Taldeak ikastarorik ematen  ez duela zehaztu nahi izan dute. Alde horretatik, patinak hartzeko gogoa sortu zaion horri gomendatzen diote izena eman dezan eskualdean kirol patronatuek edo eta patinatzaileen taldeek antolatzen dituzten ikastaroetan, gutxieneko nozioak ikasi ditzan.
Ondarretako patioan maila guztietako patinatzaileak biltzen dira asteartero eta ostegunero. “Hasi berriak eta trebatu samarrak, denetik gaude. Baita adin ezberdinetakoak, zaharrenak 69 urte ditu, egin kontu”. Eskarmentua hartzeko denetariko ariketak egin ohi dituzte: orekaren lanketa, oztopoak gainditzea, frenatzen ikastea...
Astegunetako bi hitzorduez gain, asteburuetan ere bildu ohi dira: “igandeetan geratzen gara, Goierri edo Donostia aldeko bidegorrietan ibiltzeko. Bizpahiru orduko irteerak izaten dira eta gozatu ederra hartzen dugu, oso lagun giro politean ibiltzen gara”.
Irrist-irri taldea osatzen duten patinatzaileak oso pozik daude leku egokia topatu dutelako eta alde horretatik jarritako erraztasunagatik eskerrak eman nahi dizkiete Andoaingo Udalari, Allurralde patronatuari eta Ondarreta ikastetxeari.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!