SOZIALISTEN GALDERAK
Consuelo Frutos PSE-EEko zinegotziak urtarrileko batzarraldian hainbat galdera egin zizkion alkateari, eta honek erantzunak idatziz emango zizkiola erantzun zion. Urte hasieran herritarrei bidalitako gutunari buruzkoa zen galderetakoa, beste bat partaidetzari buruzkoa eta hirugarrena kiroldegiko tabernari buruzkoa.
Sozialisten bozeramaileak erantzun horiek astearteko plenoa hasi aurretik jaso zituelako kexa agertu zuen. Mikel Pagolak araudia betez jokatu zuela erantzun zion.
Frutosek bi hilabeteko denbora tarte horri buruz bere iritziari heldu zion. Hari erantzuteko EAJ-PNVko bozeramaile Maribel Vaquerok hitza hartu zuen: “Pleno honetan, komunikabideen aurrean, plazaratzen ari garen arazoak ez du errealitatearekin bat egiten. Hiru galdera xume dira eta kiroldegiari buruz alkateak une horretan bertan ez zuen informazio nahikorik emateko. Galderak Antolaketa batzordean egingo bazenituzte, eta denbora tarte honetan bi egin dira, erantzunak hor bertan jasoko zenituzkete. Beraz, eskatuko genizueke intentzionalitate hori alde batera uztea”.
PSE-EEko bozeramaileak batzordeetan eta plenoetan galdera egiteko eskubideari eutsi zion.
EH BILDUREN HASERREA
Ika-mika hori amaituta, Mikel Izagirre EH Bilduren izenean haserre agertu zen kiroldegiaren esleipenak lehendik zegoen enpresa berdinaren eskuetan jarraitzen duelako. Larria iruditu zitzaion hori: “Kiroldegia kudeatzeko lehiaketa berria ireki zen bere garaian. Esleipena ere martxan jarri zen. Gaia bukatutzat eman genuen, eta asteburu honetan udaletxetik kanpo jakin dugu oraindik ere kiroldegiaren kudeaketa lehengo enpresak daramala. Tartean alegazioak egon direlako. Prozedura administratiboa ezabatu eta esleipena galdu zuenak kiroldegia kudeatzen jarraitzen du. Bilera asko egin ditugu, Foru diputatua ere kiroldegian izan dugu eta ez dugu inongo informaziorik jaso. Gai hau isilpean gordetzeko gobernu taldearen jokabidea auzitan jartzen dut. Jakin nahi nuke zein arrazoi dauden isilpean jarraitzeko”.
Mikel Pagolak eman zion erantzuna, neurri batean arrazoia emanez: “Gobernu taldetik ez dizuegu komunikatu, eta akats hori aitortzen dugu. Baina ez da ezkutatzeko asmoa zegoelako. Jadanik prozedura osoa Udalaren wegbunean publikatuta dagoelako. Beraz, gaizki komunikatu dugula onartzen dizut baina ez ezkutatzen saiatu garelako”.