Aizkardiren 48. Ibilaldi neurtua izango da igandean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko mar. 17a, 01:00

Martxoaren 20an izango da Aizkardi mendi taldearen 48. Ibilaldi neurtua. Ehundaka mendizalek eman du izena dagoeneko. 

Urtetako esperientzia metatuta daukate Aizkardi mendi taldeko kideek eta hori nabarmena izan ohi da ibilaldiaren antolakuntzan. Antolakuntza txukuneko ibilaldia izatearen fama du Aizkardikoak eta parte hartzaile asko gerturatu ohi da urtero, eskualdetik bezala, Gipuzkoa nahiz Euskal Herri osotik.

Aurten ere bi ibilbide izango dituzte aukeran parte hartzaileek: Luzea (43 km, 2500 m-ko desnibelarekin) eta motza  (24 km, 1000 m-koarekin). Villabonatik abiatuta, Berastegi inguruko mendatea zeharkatuko dute ibilaldi luzeko kideek, bide laburragoa egingo dute motzekoek, baina paisaia eta bide ederrez gozatzeko aukera izango dute guztiek ere. Goiztiar abiatuko dira ibilaldi luzekoak, goizeko 06:30etan Malkar plazatik. Ordu eta erdi geroago, ibilaldi motzekoak. Inor oraindik izena eman gabe balego, oraindik ere badu aukerarik; egunean bertan, abiatu aurretik. Jan-edanak norberak eraman beharko ditu eta ohi denez, bukaeran, dutxa zerbitzua izango da Olaederra kiroldegian. Antolakuntzak, gela bat prestatuko du koltxonetekin bezperan bertan lo egin nahi dutenei zuzenduta. Zerbitzu hori erabili nahi dutenek, ordea, aurrez antolakuntzako kideei jakinarazi beharko diete 649 717 182 telefono zenbakira deituta edo ibilaldia@aizkardi.com helbide elektronikora mezu bat bidalita. Bestalde, ibilaldia bukatzen duten eta bertan aurkitzen diren partaideen artean, mendiko tresnaz osatutako opariak zozketatuko dira arratsaldean.

 

IBILALDI MOTZA

Luzera: 24 Km. Desnibela: 1.000 m. Iraupena: 6 ordu (ggb). Irteera ordua: 08:00etan

Ibilbidea: Villabona (61m) - Otsabi (110m) - Komizar (200m) - Meaka (530m) - Belabieta (675m) - Ibingo Langa (611m) - Belabietatxiki (744m) - Urdelar (857m) - Mugaga (685m) - Olantzako Borda (656m) - Kiriko Harkaitza (536m) - Ibarrolako Erreka - Urdausurbilgo Borda (410m) - Kanal Handia (300m) - Mandabideta (240m) - Lastur Parkea (175m) - Arratzain ikastetxea (115m) - Villabona (61m.)

 

 

IBILALDI LUZEA

(14 urtetik gorakoentzat)

Luzera: 43 Km. Nibela: 2.500 m. Iraupena: 10 ordu (ggb). Irteera ordua:  06:30etan

Ibilbidea:  Villabona (61m) - Otsabi (110m) - Komizar (200m) - Meaka (530m) - Belabieta (675m) - Ibingo Langa (611m) -Belabietatxiki (744m) - Urdelar (857m) - Mugaga (685m) - San Lorentzo(803m) - Gorosmendi (665m) - Ipuliño (929m) - San Anton (499m) - Uliko Borda (850m) - Arburu (780m) - Erroizpe (802m) - Berrobi (155m) - Uzturreko Gurutzea (665m) - Artxipiagako Langa (566m) - Loatzo (635m) - Villabona (61m).

 

 

IONE IGUARAN

Aizkardi mendi elkarteko kidea

“Aurreko edizioetako hutsuneak hobetzen saiatzen gara urtero”

 

48. edizioa aurtengoa. Bide luzea egin du Aizkardiko ibilaldi neurtuak dagoeneko… 

Martxa erregulatua esaten zitzaion hasieran. Ibilbide guztian zehar, denboraz erregularrena izaten zenak irabazten zuen proba; ez lehenengo iristen zenak. Kontroletik kontrolera batez bestekoak egiten ziren eta erritmo berdina mantendu zuenarentzat izaten zen lehen postua. Lehengo ibilaldi haiek ez dute gaur egungoarekin zerikusirik, ezta jende kopuruaren aldetik ere. Herrikoiagoak izango ziren orduan, dudarik gabe. Gu, orain 40 bat urte hasi ginen Aizkardi mendi taldean, Oinkari dantza taldea sortzearekin batera.

 

Antolakuntza oneko ibilaldia izatearen fama du Aizkardikoak… Zer diozue antolatzaileok?

Dudarik gabe, oso ondo baloratutako martxa da. Joan zen martxoaren 6an, hoberen markatutako martxaren saria jaso genuen Elgetan (Bizkaia) eta iaz parte hartzaileek ondoen baloratu zuten ibilaldiarena. Zirkuituko ibilaldi guztien artean lehenengoa izaten da gurea eta hala izateak ez dakit zenbateraino erakartzen duen jendea, baina egia da parte hartzaile asko izaten dela. Gu, gure aldetik, aurreko edizioetan ikusitako hutsuneak hobetzen saiatzen gara urtero. Arrakasta handiko martxa da, Bizkaia edota Arabatik ere jende ugari etorri ohi da. Proportzioan, herritarrak baino gehiago izaten dira kanpotik etorritakoak.

 

Lau ibilbide txandakatzen dituzue urtez urte. Azken urteetan aukera luzea edo laburra ere eskaintzen duzue…

Hasieran, ibilaldi luzearen aukera egiten zuen nabarmen gehiengoak. Baina urtez urte parekatzen joan dira luzea eta laburra. Amasar eta billabonatarren parte hartzeak, esaterako, gora egin du ibilaldi laburra antolatzen hasi ginenetik. Batzuek erronka moduan hartzen dute eta egun horretan deskubritzen dute herrian bertan daukaten ingurunea. 

 

Zein aurreikuspen duzue aurtengorako?

Bestela ere parte hartzea handia izaten da, baina aurten, XIV Orduko ibilaldia egokitzen denez, oraindik eta jende gehiago espero da. (Aldizkaria inprentara eraman aurretik 1000 lagunek izena emana zuten dagoeneko). Eguraldiak asko baldintzatzen du eta ea laguntzen duen; baita aurreko egunetan ere, mendia lehortzea komeni baita.

 

Gipuzkoa mailan doakoa den martxa bakarra da zuena…

Bizkaian bada besteren bat, baina Gipuzkoakoa bakarra da, bai. Aizkardiren filosofia horixe izan da beti. Halaxe hasi ginen eta horri eutsi nahi diogu. Herriko nahiz eskualdeko komertzio eta laguntzaileei esker, modu horretan aurrera egiteko aukera izan dugu eta eskerrak luzatu nahi dizkiegu kolaboratzaileei, euren laguntzarengatik. Parte hartzaileei zerbitzu ona ematen saiatzen gara, ezertxo ere kobratu gabe. Saldaz gain, hainbat jaki banatzen zaizkie ibilbidean zehar, baina bakoitzak bere janaria ekarri behar duela azpimarratzen dugu beti. Ibilaldia amaitu eta segidan ematen ditugu diplomak. Lehenengoetakoak izan ginen pausoak informatizatzen. Aurrez, eskuz egiten genuen lan guztia. Arratsaldeko zozketak ere oihartzuna hartu du. Mendiko material ugari eta jakiak zozketatzen dira ibilaldia bukatu dutenen artean eta hori ere babesleei esker bideratu ahal izaten dugu.

 

Zenbat jende aritzen zarete lanean maila horretako ibilaldia antolatu ahal izateko?

Berrogeita hamar bat pertsona. Egunean zehar ere bai, baina lanik handiena aurretik egiten dugu. Laguntzaile finkoak ditugu eta bakoitzak dagoeneko ondo ezagutzen du bere eginbeharra, ez dugu erakutsi beharrik izaten. Oso eskertzekoa da haien ahalegina ere.

 

Aizkardiko ibilaldiaren zein ezaugarri nabarmenduko zenuke?

Egungo martxak ezagututa, ibilaldi luzea ere laburra iruditzen zaie askori. Jendea erronka berrien bila dabil eta oso ibilaldi luzeetan ibiltzen denak entrenamendu gisa hartzen du gurea. Aizkardiko kideok gure ibilaldia oinezkoa izatea nahiko genuke, baina galdutzat jotzen dugu borroka hori. Zenbait martxatan kontroletan itxaronarazi egiten diote korrika dabilenari, baina guk ez dugu horretara iritsi nahi. Gure ibilaldia ez da berez korrika ibiltzekoa, baina ezin dugu halakorik debekatu. Gaiari garrantzia kentzen saiatzen gara, baina pena iruditzen zaigu batzuk paisaiaz edo inguruaz jabetu ere ez egitea, beren erronka beste bat delako.

 

Datari eta ordutegiari begira, aurtengo edizioak badu aldaketarik…

Martxoko azken asteburuarekin batera izaten da Aizkardiko ibilaldia urtero, negutik udaberrirako ordua aldatzen den asteburuan. Aurten, ordea, azken asteburuak Aste Santuekin bat egiten duenez eta jende ugari kanpora aterako dela pentsatuta, astebetez aurreratu egin dugu ibilaldia, martxoaren 20ra. Egun horretan ordu aldaketarik ez denez, orduerdi lehenago abiatuko dira ibilaldi luzeko kideak. Goizeko 07:00etan beharrean 06:30etan izango da irteera. Lasaiago ibiltzeko aukera izango dute horrela. Laburrekoak beti bezala, 08:00etan abiatuko dira.


MENDIZALEAK  MINTZO


{{IMG-34619}}
Kontxi Alustiza

1.- Zein iritzi duzu Aizkardiko ibilaldi neurtuaren inguruan?
Aizkardiko kidea naiz eta asteburuko irteeratan ez ezik, ibilaldi neurtuetan hartu izan dut parte urtetan. Lau ibilaldiak eginak dauzkat behin baino gehiagotan. Asko gustatzen zait Aizkardiko ibilaldia; gogor samarra izanagatik, oso giro polita sortzen delako. Federazioko lehen martxa da, doako bakarra eta ibilbideko saldaz gain, amaieran ere beti izaten da zerbait. Opari sorta zozketatzen dute arratsaldean, gainera! Jende asko biltzen da beti, baina aurten gehiago izango da, XIV Orduko ibilaldia egokitzen delako.

 

2.- Zein aukera egin duzu aurten?
Izugarri gustatzen zait mendia eta asko ibili izan naiz beti; gutxiago azken boladan, adinak ez baitu barkatzen. Hala ere, herrikoari eusten saiatzen naiz eta ibilaldi laburra egingo dut aurten. Inguruko mendiak eta paisaiak ezagutzeko oso aukera polita da. Dudarik gabe, merezi du, eta ahal duten guztiak animatuko nituzke parte hartzera.


 

{{IMG-34618}}
Beñat Luloaga

1.- Zein iritzi duzu Aizkardiko ibilaldi neurtuaren inguruan?
Oso antolakuntza oneko martxa dela esango nuke. Villabonara bizitzera kanpotik etorri nintzenez, inguruko mendiak ezagutzeko aukera polita iruditu zitzaidan eta halaxe hasi nintzen parte hartzen. Batzuek mendi ibilaldietan errekorrak egin nahi izaten dituzten arren, niri bazterrak ikusiz joatea gustatzen zait. Gozatu egiten dut mendian eta korrika baino, mendi  martxak oinez ibiltzeko direla iruditzen zait.

 

2.- Zein aukera egin duzu aurten?
Ibilaldi luzea egingo dut. Aurrez bi alditan egina dut, hirugarrena izango da aurtengoa. XIV Orduko ibilaldian parte hartzekoa naiz maiatzean eta ibili beharra dago horretarako. Hala ere, nire helburua ez da XIV Ordukoa egin eta geratzea, gerora ere aukera dudan ibilaldi guztietan parte hartzen jarraitzeko asmoa baitut. Aizkardikoarekin hasi eta irailera arte izaten da aukerarik Gipuzkoa, Bizkaia nahiz Nafarroan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!