Maite Barandiaran: 'Behin erraustegia egindakoan berandu izango da'

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko mar. 17a, 07:38

Maite Barandiaran erizainak erraustegiak osasunean sor ditzakeen kalteei buruz hitz egin du. Pozarren legoke, elkarrizketa honek irakurleren batzuk pentsatzera bultzatuko balitu.

Erraustegiek osasunean duten eraginari buruz egin diren ikerketetan oinarrituta, zein ondorio nabarmenduko zenuke?

Erraustegiak, egiaztatutako eta frogatutako arrisku dira, bereziki haingatik gertuen bizi diren pertsonentzat. Zehaztasun zientifiko handienekinen egindako mediku ikerketek, erraustegiaren ondorioekin lotutako patologiak antzeman dituzte errauste plantatik 10 kilometrora bizi diren pertsonengan ere. Hondakinak errausteak, besteak beste, dioxinaz, furanoz edota metal pisutsuz osatutako gasak sortzen ditu eta bai dioxinak nola furanoak minbizia sortzen duten elementuak dira. Gizakiarentzat ez dago elementu horien gutxiengo maila toxikorik; kaltegarriak dira gutxi edo asko, bere osotasunean. Dudarik gabe, haurrak dira eragin zuzen eta kaltegarriena jasotzen dutenak, haiek baitira errauskailuaren eraginpean denborarik gehien egoten direnak eta ondorioak hainbat urte eta gero ezagutu ohi dira, dagoeneko berandu denean.

Hori gutxi balitz, uraren, airearen eta lurraren bidez, sustantzia toxikoak zabaltzea litzateke erraustegiaren beste ondorioetako bat; horrek zuzeneko eragina izango luke, noski, ingurumenean, elikagaietan eta gizakiarengan.

Osasunari begira, zein kalte edo eragin nagusi izango lituzkete, beraz, herritarrengan?  

Pertsona helduen kasuan, besteak beste, azaleko, gibeleko edota arnas-bideko arazoak (asma, alergiak, bronkitis kronikoa), minbizia edota hormona arazoak sor ditzakete, baita inmunodepresioak edo neuropatiak ere. Haurren kasuan, berriz, ume goiztiarrak jaiotzea, entzumen arazoak, heltze atzerapenak... 

2004. urtean egindako ikerketaren arabera, minbizi kasu ezberdinak antzeman ziren erraustegiaren ondorioz: urdailekoak, hesteetakoak, gibelekoak edota biriketako minbizi kasuak. Haurren kasuan, linfomak eta leuzemiak, sortzetiko malformazioak edota aldaketa hormonalak...

 

Erizain gisa, zer diozu ikerketa horien emaitzak ezagututa?

Badaezpada inork ez dugu erraustegirik ondoan nahi, baina eragiten dituen kalteak ezagututa, ez genuke urrutian ere nahi izan behar. Erraustegitik 10 edo 20 kilometro urrunago bizi arren, errautsak lurrera edo uretara erorita, nahiz airearen bidez ere zabaldu egiten dira haren ondorio kaltegarriak. Kate bat da guztia eta elementu toxikoak barazkietara irits daitezkeen bezala, behiek jan dezaketen belarretara ere irits daitezke eta, ondorioz, haien haragira edota esnera. Eta kutsatutako elikagai horiek eragina dute gero gure osasunean. Gero eta alergia kasu gehiago entzuten da, gaixotasun berriak ere bai. Horrek guztiak erabateko lotura du jaten dugunarekin, zalantzarik gabe.

Gu, profesional sanitario gisa eta gure kode deontologikoak adierazten duen bezala, gaia aztertzera eta herritarrei informazioa ematera behartuta gaude, osasunarekin lotutako beste hainbat gomendio luzatzen dugun modu berean. Alde horretatik, oso garrantzitsua iruditu zait Osasuna eta Errausketaren Ikerketarako Taldea (OIET) sortu izana. Medikuntza ikuspegitik egin diren ikerketa sakon eta zehatzenak aztertu ondoren, herritarrei erraustegiek osasunarengan sortzen dituzten kalteen berri jakinaraztea da euren helburua. Gipuzkoako 500 medikuk sinatu dute taldeak osatutako agiria.

 

Eraginak hain kaltegarriak eta agerikoak izanik, zer gertatzen da?

Zaborren gaiarekin bada gaizki eman den pauso bat; guztiz politizatu egin dela. Kasu honetan, dudarik gabe, adituek erabaki beharko lukete zein den arazoari irtenbidea emateko biderik egokiena eta ez herriak. Izan ere, zenbat herritar dago alderdi politiko baten edo besteren alde egin gabe, halako tamainako erabaki bat hartzeko adina informatuta? Nik ez daukat zalantzarik, osasun publikoari eragiten dioten gaietan, –tabakoaren legea kasu–, adituek hartu beharko lituzkete erabakiak. Eta gai honetan zehazki, adituak ez dira politikariak. Adituek erraustegiak saihesteko modurik onena zaborra birziklatzea dela esaten dute eta atez ateko sistemaren bidez birziklatzen dela gehien. Hiri handi eta txikiagoetan arazorik gabe martxan da sistema hori, besteak beste, baita Ameriketako San Frantziskon ere. Zergatik ez da posible hemen? Atez atekoak saiakera pixka bat eskatzen dio herritarrari, baina oso emaitza onak ematen ditu. Behin sistema hori martxan jartzea lortu dugunean, atzerapausoa iruditzen zait bertan behera uztea. Berriz diot, erabaki horrek ez luke politikoa izan behar, adituena baizik.

 

Ahalik eta gehien birziklatzea al litzateke erraustegiari aurre egiteko modua?

Bai. Ahalik eta zabor gutxien sortu eta ahalik eta gehien birziklatzea. Datu on bezala, %60ko tasa jarri ohi da, baina oraindik eta gehiago birziklatzen saiatu beharko genukeela uste dut, ahalik eta guztia: %90a. Oso zabor gutxi litzateke birziklatu gabe geratuko litzatekeena eta birzikla ezin daitekeen horri soikik eman beharko litzaioke irtenbidea.

Ez genuke geure buruaz bakarrik pentsatu behar, aurrerago begiratu eta etorkizunean zein kalte eragingo lituzkeen aztertu beharko genuke. Gure esku dagoena egin behar dugu, argi eta garbi baitago erraustegiak kalteak sortzen dituela. Balantzan jarri behar da merezi ote duen kalte horien menpe jartzea. Zein onura ekarriko lukeen.


{{IMG-34617}}
Aiztondoko Erraustegiaren Aurkako plataformaren aurkezpena, otsailaren 18an.

 

Aiztondoko Erraustegiaren Aurkako plataformarekin herritar ugarik egin duzue bat. Zein izan beharko luke plataformaren eginbeharra? 

Eskerrak, badago kontzientzia duen jendea! Oso beharrezkoa da hori. Plataformako kideek erraustegiaren inguruko kalteen informazioa zabaldu behar dute. Gero bakoitzak bere aukera egin dezan. Aukera egin aurretik, ezinbestekoa da herritarrak informatuta egotea. Nire iritziz, ikastetxeek zuzenean inplikatu beharko lukete gai honetan eta gazteei informazioa zabaldu, –ez bataren edo bestearen alde egin–, informatu bakarrik. Aiztondo plataformak antolatuta, Xabier Mitxelena medikuak hitzaldia eskaini zuen martxoaren 16an Gurea antzokian. Herritarrak informatzeko modua izan zen eta bide horretatik egin behar da aurrera. Izan ere, arazoak etorri arte itxaron behar al dugu, gero damutzeko? Behin erraustegia egindakoan berandu izango da, era batera edo bestera kalteak gizartera zabaldu egingo baitira.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!