Erakusketa egileak berak bizi izan duen esperientzia pertsonalaren ondorioa da. Bi haurren aita den aldetik hamar urtetan etxeko espazioan hartu izan dituen ardurek inspiratu dute. Argazkiez, eskulturez eta ikus-entzunezkoez baliatu da horretarako. “Efimeroak diruditen etxe barruko ekintzatan edertasuna ere topa daitekeela erakutsi nahi dut”, adierazi du Pello Ulaziak. Isileko lanak dira, erakusketaren izenburuak dioen moduan.
Gizartean nagusi diren ereduen inguruko hausnarketa bultzatuz, erakusketak genero berdintasunerako eta maskulinitate eredu berri baterako jarrera aldaketa proposatzen du. Azken batean, gizonaren jarrera aktiboagoa aldarrikatu nahi du, “aldarrikapenaz haratago, praxiaren konpromisotik ordena estetiko-politiko berriak ezartzeko asmoz”.
Denetik ikus daiteke erakusketa gelan: plantxatutako jantziekin osatutako zutabe galantak, otorduekin betetzeko zain dauden sukaldeko ontziak, etxeko objekturik hutsalenak argazki artistikoetara eramanak, aita bere buruz biluztuari argazki ateratzen...
Bizipen ezberdinak islatu nahi izan ditu argazkiekin, eskulturekin eta bideoetan. Estetikaren atzean etika egon ohi dela gogorarazi dute elementu horietako askok, Ulaziak zehaztu duen bezala.
Ikus-entzunezkoetan, esate baterako, sukaldeko suaren garbiketa nahiz garbigailuaren prozesuak ageri dira, plano sekuentzian. Ulaziaren esanetan, sukaldea garbitzen ari zarela, hipnotizazio prozesu batean murgiltzen zara, eskuak egiten dituen marrazkiak automobilismoko zirkuitua dirudi. Garbigailuari begira-begira jartzen bazara, berriz, etxe barruko lasaitasuna atenporala sentitzen duzu.
Azken batean, ekintza askok, nahiz eta errepikakorrak eta astunak gertatu, badaukate bere edertasuna. Erakusketa gelako beste tarte batean jarrita dagoen pantailan, aita eta seme edo alaba baten arteko jolasa islatzen dituzten irudiak ageri dira. “Ohikoa da eszena jakin bat: ikastetxetik atera ohi den haurra korrika doa bere zain daukan aitarengana; txiribuelta da elkarri diosala adierazteko lehenbiziko ekintza. Harreman afektiboa erakusten da horrela, baina bestetik bizitzaren metafora islatzen da: aitak bi besoekin eta gorputzarekin euskarria jartzen dio, baina gero bizitza honetan aurrera egiteko ahalegina haurrari egokitzen zaio”.