Esperientzia gazi-gozoak emakumezkoen ibilbidean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko mar. 16a, 01:00

“Emakumeak goi mailako kirolean: atzo, gaur eta bihar” mahai-ingurua izan zen pasa den astean Urnietan. Ainhoa Ostolaza txirrindulariak, Idoia Esnaola atletak, Marijo Sardon judoka eta harri-jasotzaileak, Maider Mendizabal pilotariak eta Nahikari Garcia futbolariak hartu zuten parte Ainhoa Azurmendik gidatutako solasaldian.


Bakoitzak bere esperientziatik, emakume izateagatik jasandako egoerak kontatu zituzten. Maiderrek adierazi zuenez, askotan mespretxatu izan dituzte emakume pilotariak, gizonezkoak baino indar gutxiago edukitzeagatik, pilotarako balio ez dutela sentiaraziz. Horren aurrean, Mari Josek uste du gizonezkoen munduan sartu direla: “Pilota eta herri kirolak, betidanik gizonezkoen kirolak izan dira, eta beraien eremuan sartu garela dirudi”. Ondorioz, diskriminazio egoerak jasan izan dituzte: emakumeentzako aldagelarik ez edukitzea, baliabide falta, dopin froga egiterakoan emakume medikurik ez egotea…
Futbolari dagokionez, ordea, aurrerapauso handiagoak eman direla uste dute. Nahikari Garciak, kirolarietan gazteenak, bestelako mundu bat ezagutu baitu: “Ez dut horrelako egoerarik jasan, izan ere, hori guztia eboluzionatuago dagoen garaian harrapatu nau ni. Egoera honetara iristeko ibilbide bat egon da aurretik eta norbaitek lan egin du horretan”.
Hala eta guztiz ere, oraindik borroka handia dagoela egiteko eta gainontzeko kiroletan aldaketa gutxi ikusten dutela azaldu zuten.  Oihartzun mediatikoa ere hizpide izan zuten eta emakumeen presentzia eskasaz hitz egin zuten: “Gaur egun, sare sozialek indar handiagoa hartu dute esparru honetan prentsa idatziak edo telebistank baino, Twitter eta Facebook bidez zabaltzen baitira horrelako albisteak”, azpimarratu zuen Ainhoa Ostolazak. Garai batean, kirola gizonezkoekin lotutako ariketa bat bazen ere, gaur egun emakumeen esparrua ere izatea lortzen ari direla ondorioztatu zuten. Dena den, ez dute uste aurrera egin izana ospatu beharreko zerbait denik. Ez daude konforme eta etorkizunera begira parekidetasuna lortzeko ahaleginean jarraitu beharra dagoela aldarrikatzen dute.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!