EKUADORTIK ASTEASURA
Elsak bederatzi urte zituenean hil ziren bere gurasoak. Ahizpa zaharragoek hartu zuten gazteenen ardura eta batxillergora arte ikasteko aukera izan zuen. “Bai gurasoek, baita anai-arrebek ere, lan egiteko hezi ninduten, eta horixe egitea egokitu zait. Nolanahi ere, ez dut bizimodu zaila izan, gustura nago egin dudanarekin”, dio Elsak irribarretsu.
2003an, hogeita bat urte besterik ez zituenean atera zen Elsa bere jaioterritik. “Ezkonduta nengoen ordurako, eta alaba txikia ere banuen. Nire senarra Tolosako baserri batean ari zen lanean, eta koinata Asteasuko Iturriondo jatetxean. Haren bidez etorri nintzen hona; Asteasura zuzenean. Ikaragarri gogorra izan zen alaba txikia han utzita etorri beharra. Gaztea nintzen eta aurrera egitea lortu nuen, baina ez dakit orain hori egiteko gai izango ote nintzatekeen”.
Zopa beroa
Elsak ez du Asteasura iritsi zen eguna ahaztu. Hezurretaraino sartu zitzaion hotza egun hartan eta oroitzapen horixe etortzen zaio burura. “Hamahiru ordu pasa nituen hegazkinean. Ahizparen semea, zazpi urteko mutikoa ekarri nuen nirekin. Madrilen autobusa hartu, eta Donostiara iritsi nintzenean, gaueko 22:00ak izango ziren. Gose galantarekin geunden umea eta biok, baina dolarrak bakarrik nituen, euro bakar bat ere ez, eta ezin nuen ezer erosi”. Maiatza zen, eta beso motzetan zegoen Elsa. Hotz-hotz eginda, dardarka egon zen senarra bere bila noiz etorri zain. “Baserriko lanak amaitutakoan etorri zen, 23:00ak aldera”. Asteasura iritsitakoan, Iturri-Ondoko Karmenek eskainitako zopa beroa ez du berehalakoan ahaztuko.
Sukaldari
Euskal Herrira etorri zenetik, sukaldeko lanetan aritu da Elsa. “Nahiko erraz ikasi nuen hemengo platerak prestatzen”. Iturri-Ondoko sukaldean aritu zen lehendabiziko urtetan, eta Patxinen ari da orain. “Ia bederatzi urte daramat Patxinen. Eguneko menuak eta etxeko postre goxoak eskaintzen ditugu aste egunetan, eta plater berezixeagoak asteburuetan. Erritmo bizia izaten da sukaldekoa, eta ondo egokitu naizela uste dut”, azaldu du.
Alaba etxera
Alaba ekartzea lortu zuen eguna ere oso berezia izan zen Elsarentzat. Sei urteko neska koxkorra zen ordurako. “Azafatarekin egin zuen bidaia, zeharo beldurtuta. Hondarribiako aireportuan geunden zain, baina gu ere ez gintuen gehiegi ezagutzen. Aita gehixeago ezagutzen zuen, Ekuadorrera bisitan joan zitzaiolako, baina nik ez nuen ikusi oso txikia zenetik. Lehendabiziko egunak oso gogorrak izan ziren. Ez zuen lorik egin nahi izaten, eta negarrez pasatzen zituen orduak eta orduak. Nik ere negar saio ederrak egin nituen umea bere onera etortzen hasi zen arte. Zorionez, eskolako lagunek oso ondo hartu zuten, eta asko lagundu zioten moldatzen. Berehala ikasi zuen euskaraz eta pixkanaka, bere onera etorri zen gure etxeko martxa”.
Gustura bizi da Elsa Asteasun; ondo egokitu da bertako bizimodura eta herritarrekin ere ederki moldatzen da. “Lehendabiziko urteak gogorrak egin zitzaizkidan. Senarra Tolosan ari zen lanean eta bertan bizi zen. Bakarrik sentitzen nintzen hemen”. Pixkanaka, gauzak hobetzen joan ziren ordea. Senarra Asteasura etorri zen eta Elsak gidabaimena atera zuen. “Batera eta bestera mugitu ahal izateak askatasuna eman zidan”, azpimarratu du Elsak.
Herrikideekin bilduta
Oso maiz elkartzen dira Elsa eta bere familiakoak Ekuadortik etorritako beste herritarrekin. Eguberri, urte zahar, urtebetetze..., elkarrekin egon eta jaioterriko jakiak dastatzeko aprobetxatzen dute. “Aste Santuan izango dugu hurrengo hitzordua. Fanesca izeneko platera prestatu ohi dugu egun horietan. Menestraren antzeko platera da, baina oso landua. Ekuadorren, hildakoei eskaintzeko ohitura dute”. Pixkanaka, geroz eta ekuatoriar gutxiago biltzen dela azaldu du Elsak, krisiaren eraginez, asko eta asko jaioterrira itzuli baitira. “Gu ere noizbait itzultzeko asmoz etorri ginen. Ez dakigu noiz iritsiko den horretarako momentua, baina aukera hori zabalik dago”.
Ekuadorrera bisitak
Tarteka, jaioterrira joan eta etxekoei bisita egiten die Elsak, “baina ezin dugu oso maiz joan. Hegazkineko txartelak ikaragarri garestiak dira. Azken aldiz izan ginenean, ia 5000 euro behar izan genituen hiruon txartelak ordaintzeko. Denbora pixka bat behar izaten dugu dirutza hori aurreztu eta bidaia egin ahal izateko. Behin hara joanez gero, hilabeteko egonaldia egin behar da, gutxienez”.