Zesta puntako jokalarien iragana eta oraina, Andoain herrian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko mar. 14a, 01:00

Luis eta Fernando Urbistondo anaiak, Igor Lizasoain eta Jon Barrondo Andoaingo zesta puntako pilotariak Jai Alai Blues dokumentalaren ostean ikusleen galderei erantzuteko prest agertu dira. 

"Jai Alai blues". 19:00. Bastero.
Martxoak 15, asteartea.

Solasaldia:

Aiurri astekariak hitzordua heldu aurretik bildu ditu, zesta puntaren iraganaz eta geroaz aritzeko. Arrate pilotalekuan elkartu da laukotea. Zesta puntako saskiak eskuan hartu orduko, partida jokatzeko prest agertu dira, sasoiko sentitzen baitira. Partida baterako laukote perfektua izango litzateke: bi atzelari abiltasun handikoak (Fernando eta Jon) eta beste biak aurrelari erregularrak (Luis eta Igor). Ez lukete ikuskizun kaskarrik eskainiko, baina zesta bazterrean utzi eta jardunean eman zituzten lehen pausoak gogoratuz tertuliari ekin diote.

Arrateko pilotalekurik ez zegoenean, Kontzejupean hasi ziren Urbistondo anaiak, Rafael Elizondo irakaslearekin. Oso gaztetatik eduki zuten garbi Ameriketan amaituko zutela, hori zen euren itxaropena behintzat, Luisek adierazi duen bezala: “Oso gaztetan hartzen zen profesioanaltasunaren bidea, ikasketak edo zesta punta aukeran jarri eta gero. Ikasketan kili-kolo ibiltzen ginenontzat nahiko irteera bideragarria izaten zen zesta punta. Anaia eta biok jada Markinako eskolan ari ginela ikusi genuen normalena zela handik Ameriketarako jauzia egitea. Gogoa eta ilusioa sentitu genuen abentura berriari ekiteko. Gainera, bagenuen anai bat puntista izan zena Miamin, gero hogei urterekin istripuz hil zena; hari esker mundu haren ezagutza genuen”.
Jon Berrondok aitortzen du ez zuela hautatu beharrik ere izan ikasketa edo zesta puntaren artean. “Nahiko kaskarra nintzen ikasketetan, eta aitari ere ia berdin zitzaizkion notak. Hura ondo-ondoan eduki nuen profesionaltasunean murgil nedin”. 

Nahiko bitxia izan zen Barrondoren kasua, 16 urterekin debuta egin eta berahala hasi baitzen beteranoekin jokatzen, Bolivarko Txikitorekin eta antzekoekin.
Geurean betidanik eduki izan dute indarra pilotari euskaldunei eta zesta punta profesionalari lotutako mitoek. Patrikera bete diru eta parrandaz parranda ibiltzen zirela esan izan da. Luisek hartu du hitza, zati handi batean uste guzti hori desmitikatzeko: “Guk ere entzuten genituen horrelako istorioak, guere aurreko pilotarien belaunaldiengandik. Haiekin akaso gertatuko zen hori. Baina gutxiago gurekin. Egia da pilotaria etxetik urrun bizi denean, gaztea dela, ezkongabea, dirua daukala poltsikoan, etxekorik ez ondoan kontrolatzeko... eta orduan tentazioa eduki dezakeela bizimodu arin samarra egiteko. Baina aldarte horretan beteranoek funtzio garrantzitsua jokatzen zuten: hasieran markatzen zizuten bidea, eta hortik aurrera zeuk erabaki behar zenuen nondik segi, nondik ez... Bestalde, hau ere esan beharra dago: igandean ez gainerako egunetan jokatzen genuen, eta gauean ez genuen denborarik edukitzen ezertarako. Gure garaian hasi ziren AEBtan arauak, poliziaren kontrola, ordutegiak... jartzen”. Barrondok gehitu duenez, “legez, goizeko 02:00etarako dena isten zen eta 21 urte arte ezin zen edan... baldintza horiek kontuan hartuta, nik ez nuen gauez ateratzeko aldarterik eduki ia ia”.
 Euskal pilotariak fama handi samarra edukitakoak dira AEBtan. Luis, Fernando eta Jonek aparteko kategoria sozialeko partaide izate hori ezagutu zuten, nahiz eta gainbehera hasia zen ordurako. “Partida edo funtzioen aurretik autografoak sinatzeko tartea antolatzen zuen enpresak, eta jende asko hurbiltzen zen guregana sinadura edo argazkia lortzekotan. Tarteka, jarraitzaileen gutunak jasotzen genituen. Prentsak ere elkarrizketaren bat edo beste egiten ziguten...”.
Hollywoodeko artistez inguratuta bizitzea ere izan da indar eduki duen beste mitoetako bat. “Hori iraganeko kontuak dira, izatekotan ere. Egia da gure partidak ikustera eta dirua jokatzera aktoreak, kirolari famatuak eta bestelako pertsonai publikoak hurbiltzen zirela. Orduan enpresarioek beren negozioa promozionatzeko probesten zuten: sariak ematera jartzen zituzten edo eta aldageletara jaistera gonbidatzen zituzten gurekin argazkia atera zezaten. Nolanahai ere, ez pentsa hainbestean gertatzen zenik hori. Nik oraintxe gogoan Paul Newman eta Roberto Duran boxeolaria dauzkat, ez besterik”.
Frontoi industrialetan dirua barra-barra ibiltzen zela egiaztatu du Jonek, hiru pilotari ohien izenean hitz eginez: “Soldatari dagokionez, oraingo pilotariek baino gehiago irabazten genuen; baina ez jendeak uste duen adina”. Dirua benetan erruz, apustuetan jokatzen zen, nonbait, Luisek adierazi duenez: “Guk ezagutu izan ditugu egunak, non orduko milioi bat dolar jokatu zirenak. Halako egunetarako, enpresak jatetxe batekin akordioa zeukan egina: milioi batetik aurrera, txanpana, otarrainak eta abarrak jaisten zizkiguten aldageletara!”.
Hamar mila pertsonez jositako frontoitan jokatu izan dute hirurek ere. “Bilbokoak hiru milako kapazitatea dauka eta betetzen denean, hango burrunba egundokoa iruditzen zaigu. Bada egin kontuak Ameriketan zer izaten zen!”, dio Jonek. Fernandok, bere aitak sentitu zuen harridura galanta dauka gordeta memorian, Ameriketara semeak ikustera joan zenean behin: “Euskal Herriko frontoiak eta zezen plazak ondo ezagutzen zituen, baina sartu zenean frontoian, hau zer da! atera zitzaion barru-barrutik”. 

Etorkizuna, ilun
Ia mila pilotari zenbatuko ziren 70 eta 80ko hamarkadatan Ameriketan. Ehunera ez dira iristen gaur egun. Zesta punta profesionalaren dekadentziaren hastapenak gertu-gertutik bizi izan zituzten hiruek ere. Fernandok faktore bat baino gehiago aipatu ditu, gainbehera ulertzeko: “Batetik, greba luze hark (1988-1999) ez zion batere lagundu zesta puntari. Ordurarte, diru apustuen panorama eta konpententzia nahiko urria zen: gogoratzen naiz Floridan, adibidez, kirol talde profesional bakarra zegoela, futbol amerikarrekoa zena. Baina orduz geroztik edo geroxeago hasi ziren kirol guztietan taldeak profesionalizatzen. Aldi berean, orduantxe jarri zen martxan lehenbiziko loteria, dolar batekin aberasteko aukera eskaintzen zizuna, eta lasterrera etorri edo zabaldu ziren beste mila aukera dirua jokatzeko. Bestalde, urtean zehar sei hilabetez bakarrik irekitzen ziren frontoiak; publikoari ez zitzaion betarik ematen ikuskizun berberarekin aspertu zedin”.
Etorkizun iluna ikusten diote zesta puntari profesional izan diren hiru pilotariek. Luisen arabera “hurrengo urtetan, munduan emerjenteak diren herrialdeetakoren batean (Brasil, Txina...) negozioa ikustearen poderioz ez badute bultzatzen, panorama beltza dauka zesta puntak”.
Profesionalismoaren harrobi izan den afizionatu mailak hegoak altxako dituen itxaropena dauka Igor Lizasoainek: “Xistera izeneko proiektua sortu dugu Euskal Herriko pilota elkarte guztiek, eta emaitzekin baikor gara. Pilota eskolak indartu nahi ditugu, kalitatezko txapelketak antolatu urte osoan... Gazteak erakartzeko orduan ikusten dugu zailtasunik handiena, eta horretarako zesta puntaren pruduktua ikusgarri, salgarri... bihurtu nahi dugu. Horretan, telebista ezinbesteko elementutzat daukagu. Euskal kultura munduan zabaltzen izugarri lagundu duen kirola, geure-geurea eta ezin ikusgarriagoa, ezin dugu bazterrean utzi”.  

Jai Alai Blues dokumentala
19:00. Bastero.
Martxoak 15, asteartea.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!