Informatika ikasketak eginda, Wukron hiru hilabeteko egonaldia egin duzu irailetik abendura. Zein izan da zure lana?
Ioritz Paulis. Irakasle lanak egin ditut; goizez eta arratsaldez. Batetik, oso oinarrizko informatika nozioak erakutsi dizkiet: sagua mugitzen, idazten, Word tresna irekitzen… Bestetik, ordea, unibertsitate ikasketak edo goi-mailako moduluak egindako ikasleak nituenez, informatika ikasketak praktikan jarri genituen.
Zer erakutsi zenien zehazki?
I.P. Gauza erabilgarriak egiten erakutsi nien: zituzten baliabide urri horiek konpontzen, berrerabiltzen, balio ez duten ordenagailuetatik baliozko piezak ateratzen… Oso dibertigarriak izan ziren klaseak, joko asko ematen zutelako. Goizetako klaseetan, aldiz, oinarrizko pausoak ere zailak egiten zitzaizkien. Hemen oso ohituta gaude teknologia berrietara eta instintiboki jokatzen dugu. Beraiei, ordea, hasiera-hasieratik azaldu behar izaten nien dena, eta horrek lehenengo pausoa zein izaten den pentsaraztea eragin zidan.
Zer moduzko harrera egin zizuten hirian?
I.P. Ohituta daude boluntarioak ikustera. Segituan nabaritzen dute kanpotarrak garela eta ongi etorria ematen digute, ilusioarekin. Han egin dugun lanarekin aurrerapen handiak etorri direla ikusi dute eta hori eskertu egiten dute.
Gogorra egin al zitzaizun bertara ohitzea?
I.P. Nik banekien baliabide gutxi izango genituela, baino oinarrizkoenak edukitzea espero nuen. Ura eta elektrizitatea bagenituen, baina ezin da egunero horiekin kontatu, batzuetan, joan egiten direlako. Bat-batean, argindarra joan daiteke; bost minuturako edo bost asterako. Hau da, oinarrizko baliabide gabe gera zaitezke edozein momentutan.
Urik gabe egon zineten hiru astez.
I.P. Bai. Ur edangarririk ez genuen, dendetan erosi behar izaten genuen. Ez nuen uste horren luzerako jo zezaketenik arazoek, baina joan aurretik banekien horrelako egoerak lasaitasunez hartu behar nituela eta, beraz, beraien bizimodura egokitzen ikasi nuen.
Zer izan zen zailena?
I.P. Hizkuntzaren arazoa. Zonalde horretan Tigriña erabiltzen dute komunikatzeko; ondorioz, nirekin ingelesez komunikatzen ziren. Baina beraientzat, ingelesa hirugarren hizkuntza da eta gutxi gora-behera moldatzen diren arren, hitz egitea zaila da askorentzat.
Aldaketa handia sumatuko zenuen, hemendik joanda. Zerk harritu zintuen gehien?
I.P. Bitxia iruditu zitzaidan eskua emateko zuten ohitura. Hemen ez bezala, mutilak elkarren artean eskua emanda ibiltzen ziren. Hemen, orain arte behintzat, ez da oso ondo ikusi izan. Asko gustatu zitzaidan hori; hemen ere normaltasunez egin beharko genituzke horrelako keinuak, zentzu erromantikorik gabe.
Hiru hilabetetan, ezeren hutsunerik nabaritu al zenuen?
I.P. Komunikatzeko zailtasunak nituenez, lagunekin edo familiartekoekin hitz egitekoa. Bestalde, hemengo janariaz edo nire oheaz ere gogoratu nintzen. Izan ere, inoiz faltan botako ez nituela uste nuen zenbait gauzen hutsunea nabaritu nuen; urarena eta elektrizitatearena, adibidez.
Itzuleran zein hausnarketa egiten duzu bi bizimoduak alderatuta?
I.P. Konturatu naiz hemen txikikeriengatik kezkatzen garela. Wukron egonaldia eginda, ikusi dut bertan arazo larriagoak dituztela eta, hala ere, moldatzen direla oztopoak gainditzeko. Ikuspegia aldatu zait eta ikusi dut behar dugun guztia daukagula; ez zaigu ezer falta eta ez daukagu kezkatuta egoteko arrazoirik.
Zure jarrera aldatu egin al da itzuli zarenetik?
I.P. Baietz uste dut. Lasaiago hartzen ditut gauzak eta jarrera positiboagoa daukat orain. Badakit denborarekin hemengo bizimodura egokituko naizela berriro. Garrantzitsua da tarteka kanpora joatea.
Itzuliko al zinateke?
I.P. Bai, egonaldi baterako joango nintzateke. Bizitzeko filosofia lasaia dute, eta ez dago hemen dugun estresik. Bere abantailak ditu, kezka gutxiago izaten dituzulako. Urnietarrak horrelako esperientzia bat bizitzera animatuko nituzke.
Zein arrazoi emango zenieke?
I.P. Ez dute sekula horrelakorik biziko. Aukera hau aprobetxatu beharra dute, bestela ez baitute edukiko. Bekaren baldintzak oso onak dira, gastu propioak izan ezik, gainontzeko guztia ordainduta dagoelako. Beraz, bi aldiz pentsatu gabe, Wukrora joatea animatuko nituzke. Ez dira damutuko.