Ikasleen bisita gidatua

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko mar. 11a, 01:00

Pello Ulazia artistak "Isilean" erakusketa zabalik du Basteron. Gaur goizean zehar ikasleen bisita jaso du. Etxeko lanen dimentsio politikoa erakusteko asmoz, Ulaziak etxe barruko lanak azaleratu ditu, argazki, bideo, arropazko dorre eta zapata zuriekin osatutako obraren bidez:

 

“Zoritxarrez, oraindik ez da ohikoa gizonezko batek horrelako lan bat hartzea”. Arte munduan ibili izan da betidanik Pello eta, oraingoan, etxeko jarduerak duten dimentsio politikoa islatu nahi izan du. “Gizonezkoek egiten duten lana orain arte ikusgarriagoa izan da, kanpoan egin izan dutelako; baina etxe barrukoa ere erakutsi beharra dago”, azaldu zuen.
Erakusketatik abiatuta, aitatasunaren eta gizonezkoaren paperaren inguruko mahai-ingurua egin zuten Pellorekin batera, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak, Angel Toña Jaurlaritzako sailburuak eta Haizea Barcenilla arte kritikariak. Izaskun Landaidak Andoaingo Udala zoriondu zuen Pello Ulaziaren lana erakusgai jartzeagatik. “Interesgarria iruditzen zait martxoaren 8ko programarako gizon batek egindako erakusketa hautatzea. Zentzu horretan, Andoaingo Udala zoriondu nahi dut erakutsi duen jarreragatik”.

Aldaketa pixkanaka
Haizea Barcenilla kritikariak balioekin lotu zuen erakusketa: “Beti esaten dugu balio aldaketaren beharra dugula, egunero egiten ditugun gauza horiek beste era batera egin ahal izateko. Hemen balio edo kultura aldaketa bat egon dela uste dut”. Oraindik zaintza lanez arduratzen direnak batez ere emakumeak direla adierazi bazuen ere, belaunaldiz belaunaldi gizonen papera aldatzen joan dela aitortu zuten hizlariek. Horren aurrean, Angel Toñak adierazi zuen gaur egun etxeko lan banaketa bien artean egitea posible dela: “Garai batean, gizonezkoa zen etxetik kanpo lanera joaten zena, zuzenean; orain, ordea, haurren zaintza bien artean adosten den zerbait da”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!