Udalak “Oporrak bakean” egitasmoa aurkeztuko du

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko mar. 11a, 01:00

Hurria Sahara elkarteak eta Andoaingo Udalak herriko familiak “Oporrak bakean” proiektuan parte hartzera gonbidatu dituzte. Informazio osoa eskainiko dute datorren asteartean -Martxoak 15- Udaletxeko batzar aretoan arratsaldeko 18:30ean hasiko den hitzalditxoan. Bertan udal ordezkariak eta aurreko urteetan haurrak etxeetan hartu dituzten familiak esperientzia azaltzen arituko dira.

Ana Carrere alkatearen iritzi artikulua:

Hiru eguneko egonaldia Saharako kanpalekuetan

ANA CARRERE • ANDOAIN

Berrogei urtetik gora dira Marokok Saharako lur aberatsak inbaditu eta lapurtu zituenetik. Saharako herriak desertura ihes egin behar izan zuen, herriarekiko harrotasuna eta duintasuna bidelagun bakartzat harturik. Europak, eta bereziki, Espainiak, deus egin gabe. Denbora tarte horretan  promesa handiak entzun dituzte herrialde garatuetatik eta Nazio Batuen erakundetik, arrazoia eurei emanez eta Marokori kenduz. Eutsi, horixe da geroztik egiten dutena. Sahara Okzidentalean seme-alabak euren lurren jabe izango diren itxaropenez. Noizbait justizia egingo delakoan.

Gaur egungo errealitatea honakoa da: Herri osoa desertuaren erdian dago. Ezertxo ere ez dute. Han ez dagoelako ezer. Ez dago bizitza egiteko modurik, ez dago itxaropenik. Etorkizunik ez. Gauza bakarra dute: Duintasuna.

Saharako herriak ez du laguntzen menpekotasunera makurtu nahi, ez du karitatetik jasotakoagatik bizi nahi. Euren lurretara itzuli nahi dute.

Injustizia gehiago zerrendatuko nituzke, nazioarteak ahaztu dituela edota egunerokotasunean pairatzen duten sufrimendua eta mina. Itxaron dezatela esaten dieten bitartean, mugitzen ari dira. Horregatik nahiago dut hango jendeaz hitz egitea, hutsetik hasita sortu duten gizarteaz. Ziurrenik akats askorekin, nork ez ditu akatsak egiten? Eskuekin eta ezerezatik gizarte egitura eraiki dute, Afrikako toki askotan baina azpiegitura hobeak lortuz.

Nabarmendu daitekeen alorretakoa hezkuntzarena da. Espainiako kolonizazio garaian alfabetatze maila hutsaren hurrena zen. Gaur egun %99koa da alfabetatze maila. 3 eta 16 urte bitarteko haur eta gazte guztiak eskolara doaz. Denek eskolara joateko betebeharra dute, eta dohainik da. Haurtzaindegiak dituzte 1-3 urte artekoentzat. Heziketa berezia behar duten neska-mutilentzat ere gelak dituzte. Lehen hezkuntza, bigarren hezkuntza, heziketa profesionala eta unibertsitate mailako ikasketak egin ditzakete lankidetza hitzarmenak dituzten Kuba edota Argelia herrialdeetan. Helduen heziketarako eskola eta emakumeen eskola ere badaude.

Osasun arloa da nabarmendu beharreko beste alorretakoa. Daira edo herrialde bakoitzean oinarrizko osasun etxea eta farmazia bana dute. Kanpaleku edo Wilaya bakoitzeko ospital bat dago eta azkenik Rabouni kanpalekuen hiriburuan ospital nagusia dago. 

Nazioartetik iritsitako elikagaien kudeaketa ezagutzeko aukera izan dugu, orain egun gutxi egin dugun bisitaldian. Frente Polisarioak gardentasunari garrantzia berezia eman nahi dio eta kamioiak iritsi orduko jasotako laguntza informatizatu eta kontrolatu egiten dute.
Hamabostean behin, bertako telebistan hamabost egunetarako pertsona bakoitzeko banatuko den janaria zein izango den iragartzen dute. Banaketa beti ere jasotakoaren araberakoa izaten da.

Berdintasunik gabeko gizarte justurik ez dago. Horregatik hango emakumeen lana nabarmendu nahi dut. Saharar errepublikako gizarte eta ekonomia mailako egituratan, emakumezkoak berdintasuna lortzeko borrokan ari dira. Hango eta hemengo emakumeok lan asko egin behar dugu alor horretan. Orain arte egindakoa asko izan da. Nahiz eta hango asko musulmanak izan, Saharako herrialdea akonfesionala da. Garrantzia handikoa da hori. Emakumea Wilaya delako kanpalekuen antolakuntzaren erdigunean dago. Erantzukizun handia hartzen dute hekuntza eta osasun mailan. UNMS Saharako emakumeen nazio batasuna elkartea ezagutu genuen (euren webgunean sartzea aholkatuko nizueke). Boteretzean eta berdintasunean sakontzeko gunea da. Emakumeekin eta emakumeen arteko eztabaidarako tokia da. Bere eskubideen aldeko kontzientzia hartzeko eta erakunde politiko modura erantzukizuna hartzeko baliagarria. Nola ez, gune horren bitartez berdintasunean parte hartzea eskatzen ari dira.

Emakume haiekin eztabaidatzeko aukera izan genuen, euren helburuak eta egiten duten lana ezagutzearekin batera. Aurrez hitzartutako ezkontzak gutxienekoak dira. Dibortziorako aukera badago. Noski, ez gaude denean ados eta ikuspegiak ez dira beti berdinak izaten. Galdera zehatza eginez, biolentzia matxista ez zela arazo bat zioten. Ia kasurik ez zegoelako. Harridura handia sortu zuen horrek gugan. Gure jaimara itzulita, gure gidariarekin eta familiarekin tea hartzen genuen bitartean, horri buruz hizketan hasi ginen. Harridura azaldu zuten, bazituztelako ezagunen artean genero indarkeria jasandako kasuak. “Hori esan al dute?” izan zen haien erantzuna. Denuntziarik ez da izango, baina kasuak egon badaude. Lan handia dago egiteko: planifikazio familiarra, genero indarkeria, gizonaren ardura familian, emakumezkoaren parte hartzea bizitza publikoan eta politikoan (ez dugu ahaztu behar Europako herrialdeetan hautes zerrendetan emakumezkoen parte hartzea ziurtatzeko lege bat ezarri zela) baina hori guztia non adierazi eta eztabaidatzeko askatasun osoa dago. Munduko emakume askok ez dituzte aukera horiek.

Hiru eguneko egonaldia egin dugu, intentsitatez beterikoak. Kanpalekuetan bizimodu gogorra izan arren, Saharako emakumezko eta gizonezkoek duten guztia eskaini ziguten. Abegikortasuna, hitza, duintasuna eta indarra. Horixe da duten guztia, eta guk ez genuen gehiago behar.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!