Erraustegiaren aurkako mugimendua etenik gabe lanean ari da, bereziki Andoainen. Duela gutxi, Ipar Haizea plataforma sortu eta ekitaldi sorta egingo zutela iragarri zuten. Eta horretan ari dira. “Arduraren aldeko giza katea” antolatu zuten otsailaren 20an, eta ondoren otsailaren 28an Zubietara egindako erraustegiaren aurkako martxan parte hartu zuten. Bertan eskualdeko eta Gipuzkoa osoko bi mila lagun inguru bildu ziren. Han bertan iragarri zuten Andoainen larunbat honetarako deitu duten manifestazioa.
Eskualdeko eta Gipuzkoako elkarte gehiagok ere bat egin dute larunbat honetako manifestazioarekin.
Deialdia egiteko deitu zuten prentsaurrekoan, errausketak osasunean sor dezakeen kaltean sakondu zuten. Berriki GEIS medikuen plataformak eman dituen datuak aipagai izan zituzten, eta euren ondorioen arabera erraustegiaren gunetik gertu dauden gizakiengan ondorio latzak sortzen dira, hala nola, malformazioak edota minbizi kasuen areagotzea.