Berdintasunaren puzzlea urtez urte osatzen ari da

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko mar. 10a, 01:00

Omenaldia jaso zuten lau emakumeen adierazpenak, jarraian:

Jendetza bildu zen Bastero plazan. Izendatuen familiak, adiskideak, herrikideak..., inork ez zuen hutsik egin nahi izan. Eguraldi txarra dela eta bertan behera geratu zen jada tradizio bihurtu den diztira handiko kalejiira. Horren ordez, plazatik Ondarretako ikastetxera doan bide laburra egin zuten. Omenduen artean adinez helduena den Milagros Sorarrainek eraman zuen lekukoa, Batukada feministak jarri zuen doinu biziaren erritmora.
Jone Larrañaga aurkezleak banan bana izendatu eta beren ezaugarriak definitu zituenean iritsi zen ekitaldiko unerik hunkigarriena. Carmina Dominguez “lan gogor eta konstantearen eredu” da; Marga Oyarzun “artistaren itzalean ari den beste artista handia”; Beatriz Garcia “aitzindaria emakumeen futbolean eta Añorga taldearekin egundoko arrakasta lortutako jokalari ohia”; Ixiar Arin “itzalean gehienetan, euskara bultzatzen ahalegin nekaezinean aritu zen frankismoko urte latzetan”; Juanita Ikutza “jendeari laguntzea betidanik barrutik atera zaion pertsona”; Milagros Sorarrainek “52 daramatza Donostiako San Martingo merkatuan baserriko pruduktuen saltzaile gisa, hori da bere bizimodua”; Tere Otamendi eta Itziar Gorostegi ama-alabak “14 urte daramate Saharako herriari elkartasuna erakutsiaz eta Hurria-Sahara elkartean lanean”. Azkenik pala taldea: “bere baitan gazteak eta helduak astero biltzen dira Arraten, sekulako giroan”.
 

{{IMG-34551}}

MILAGROS SORARRAIN, nekazaria
“Oso polita izan da jaia. Pentsatzen jarri eta emakumeak oso gutxitan aitortzen gaituzte egiten dugunagatik, eta zer arraio, beharrezkoak ikusten ditut horrelako ekitaldiak. Jende ezaguna eta jatorra ikusi dut antolaketan eta ikusle bezala etorri den jendearen artean, eta poza ematen du horrek.
Asteartetik larunbata bitarte joaten naiz San Martingo postura baserriko produktuak saltzera. Gaur kale egin behar izan dut; bezero asko ditut, eta astean zehar etortzen zaizkidanak jakinaren gainean jarri ahal izan ditut, Andoaingo jai hau zela medio. Baina baditut gazteagoak, batez ere larunbaterako ohitura hartuta daukatenak, eta igual haserretu egingo zitzaizkidan gaur ez azaltzeagatik.
Asteasun bizi nintzela, oso gaztetan hasi nintzen baserriko produktuekin zamatu eta Donostiarako bidea hartzen. Gero urtetara, nahiz eta Andoainera ezkondu, San Martingo postuarekin segitu izan dut. Aurtengo ekainean berrogeita hamabi urte egingo ditut.  
78 urte ditut eta gazte sentitzen naiz, pozik joaten naiz merkatura, oso jatorrak baititut bai bezeroak eta baita ondoko postuetako lankideak ere. Semeek produktuak prestatzen eta Donostiarako joan etorria egiten laguntzen didate, eta San Martin azokako postutik bidaltzen ez nauten bitartean, hantxe segitzeko asmoa daukat”.

{{IMG-34550}}

BEA GARCIA, kirolaria
“Egiatan, ezustean eta ilusioarekin hartu nuen ni izendatuetako bat izatea. Ez naiz etorri urduri ekitaldira, baizik eta antolatu diguten guztiarekin gozatzeko asmoz. Geure garaian ondo pasatzeko jardun genuen futbolean, ez genuen beste pretentsiorik. Baina adierazi didate nahiko aitzindariak izan ginela eta ez diet ukatuko hala izan ez zenik. Ez ginen heroi batzuk, gazteak eta emakumeak ginen, eta soilik gehien gustatzen zitzaiguna egitera irteten ginen futbol zelaietara. Hori bai, denetik entzun behar izaten genuen armailetako ikusle gizonengandik; etxeko zulora eta sukaldeko lanera bildatzen gintuzten askok. Kuriosoa da, baina horrelako perlak Madrilen eta Bartzelonan entzuten genituen batez ere; geure inguruan, ordea, sekula ez nuen sumatu halakorik.
Oiartzun eta Añorga -gure taldea- izan ziren bidea ireki zutenak emakumeen futbolaren arloan, Gipuzkoan. Añorgak egundoko palmaresa lortu zuen; nik ere hamar urtez Espainiako selekzioan jokatu nuen, baina gero, esate batera prentsan, albiste labur baterako mugatzen zen egiten genuen guztia. Egoera izugarri aldatu da, onerako; makina bat talde dauzkagu gaur egun, eta komunikabideek, direktiboek, futbol zaleek... arreta gehiago jartzen diete. Jada futbol femeninoa ez da geure garain bezain exotikotzat hartzen. Nolanahi ere, egoera normalizatzen ari den arren, pauso asko dago emateko oraindik”.

{{IMG-34552}}

CARMINA DOMINGUEZ, dendaria
“Oso polita eta hunkigarria izan da ekitaldia, ez nuen uste hainbestekoa izango zenik. Zorionak eman nahi dizkiet antolatzaileei, bere balioa daukalako herriko emakumeak ikustararaztea. 
Hasieran, harridura eragin zidan izendapenak. Pentsatzen nuen, nire artean: zertara ote dator ni bezalako pertsona anonimoak nabarmentzea, milaka gara eta emakume langileak? “Zure urtetako ibilbideagatik merezi duzu”, erantzun zidaten, eta tira, onartu egin behar! 
Gaurkoa egun berezia zela eta, zetorrenarekin gozatzea eta gero seme-alabekin bazkaritara joatea erabaki nuen agudo.
Esango nuke bizi guztia daramadala egunkariak saltzen, hamahiru urte betez geroztik, aitak zera agindu zidanetik: “hartzazu makutoa eta hasi banatzen egunkariak!”. 
1966ko ekainean izan zen hori; Berrogeita hamar urtetara doa beraz! Parkeko kioskoa familiaren negozioa izan da beti eta horri eutsi izan diot; baserria aurrera eraman beharko bagenu bezalatsu. Kiosko hutsa izan zen lehenbizi, baina denda bihurtu da geroztik, udalari horretarako baimena eskatu eta gero. Gogorra da, eguneroko ardura eskatzen duen eginkizuna da, baina gehienek “periodista” gisa ezagutzen naute herrian, eta halaxe jarraituko dut osasunak laguntzen nauen bitartean”.

{{IMG-34553}}

JUANITA IKUTZA, ekintzailea

Juanita Ikutza andoaindarra omendutako 8 emakumeetako bat da, betidanik laguntzeko erakutsi duen prestutasunagatik. Haurrak zaintzen, josten erakusten, erizain lanetan edo herritarrei laguntzerakoan erakutsi duen eskuzabaltasuna eskertu nahi izan diote. 

Zer sentitu zenuen herritarrek aukeratutako emakumeen artean zu zeudela esan zizutenean?
Egia esan, omendua izateak poztu ninduen arren, martxoaren 5ean egin beharrekoek izutu egin ninduten. Ez zait protagonista sentitzea gustatzen eta, hasiera batean, ezezkoa esan nuen. Horrelako ekintzak taldean egiteko gai naiz, baina bakarka lotsa handia ematen dit. Gero, ordea, nire izena jarri zutenei mespretxu egitea zela pentsatu nuen. Familiakoek animatuta, baiezkoa eman nuen. Hala ere, ez dut horrenbesteko meriturik horrelako omenaldia jasotzeko.

Denek diozue ez duzuela merezi.  Benetan bihotzetik atera zaizuelako izango da, ezta?
Omenaldian eskertu nahi izan dizkidaten gauza horiek guztiak gustura egin ditut eta ez dira inolako esfortzua izan niretzat. 

Beti egon zara besteei laguntzeko prest eta eskuzabaltasun hori omendu nahi izan dizute, ordea.
Bai. Norbaitek laguntza eskatzen badit, beti prest agertzen naiz. Baina ez da meritua, esfortzurik suposatzen ez didalako. Dena den, nire izena proposatu dutenei eskerrak eman nahi dizkiet. Gainera, Andoaingo Udalean orain emakumeen izenak ere egongo dira erregistroan gordeta eta hori garrantzitsua da. Aspaldidanik egon dira meritu handiko emakumeak herrian eta bada garaia horiek guztiak izendatuta geratzeko. 

Caritasen josten erakusten daramatzazu hiru urte. Gustura aritzen al zara?
Izugarri gustura aritzen naiz. Talde oso polita dugu eta giro aparta dugu geure artean. Hiru emakume aritzen gara laguntza ematen eta, egia esan, laguntza eskaintzeak niri ere asko ematen dit. Andoaingo Gudurako arropak josten ere oso pozik sentitu naiz, barre asko egin baitugu gure artean. Gainera, kalean arropak oso politak geratu zirela ikustea pozgarria izan zen. Zaldi gainean gure arropak ikustean sentsazio polita sentitu nuen. 

Erizain ikasketak heldua zinela egin zenituen. Esfortzu handia egin zenuen, ezta?
Erizain laguntzailea izateko ikasketak egin nituen Donostiako politeknikoan. 50 urterekin konturatu nintzen ez nuela ikasketen inongo dokumenturik. Hala, graduatua ateratzeko informazio bila joan nintzenean, erizaintza egin behar nuela erabaki nuen. Sakrifizio handia izan zen baina, era berean, gustura egiten nuenez, ondo moldatu nintzen.   

Euskararen alde ere lanean aritu zara.
Betidanik euskaltzalea izan naiz eta, debekatuta zegoen garaian, Ixiar Arinekin batera, irakasten aritzen ginen. Bolada batez haur txikiekin aritu nintzen eta oinarrizkoena erakutsi nien. Ahal nuen moduan laguntzen nuen. 

Hori guztiagatik, larunbatean omenaldia egin zizuten. Zer sentitu zenuen protagonista izanda?
Onartu beharra dut omenaldiari esker egun ederra igaro nuela. Paperean sartu nintzen eta beste pertsona bat nintzela sentitu nuen. Oso-oso ondo pasa nuen. Ezagunak gerturatu zitzaizkidan merezi nuela esatera eta, azkenean, neronek sinetsi egin nuen. Gauean oraindik zorion mezuak jaso nituen. Beraz, pertsonalki oso positiboa izan da, gertukoak poztu egin direla ikusita. 
Pena izan zen eguraldiagatik ikusgarritasuna galdu zuela, baina kalejirak lotsa apur bat ematen zidanez, eroso eta gustura sentitu nintzen. Gainera, herriko jende ugari gerturatu zen, omenaldian jende askok parte hartu zuen… Oso polita izan zen. Gero bazkaria egin genuen eta egun borobila igaro nuen. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!