"Gabon Txirrita" irailean Urnietan eta Donostian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko mar. 10a, 01:00

Xabier Letek idatzi eta 1982. urtean Buruntza antzerki taldeak taularatutako "Gabon Txirrita" obra berriro ikusteko aukera izango da  irailean Urnietan eta Donostian. Mikel Laskurain, Miren Gojenola, Jaione Jauregi eta Maribel Tardiok osatutako lantaldea arduratuko da antolakuntzaz eta zuzendaritzaz. Aktoreak, ia guztiak, "Marizulo", "Urnieta 59" eta "1936" obretan aritutakoak izango dira.

Joxe Manuel Lujanbio Retegi "Txirrita" bertsolaria, 1860ko abuztuaren 14an jaio zen Hernaniko Ereñotzu auzoko Latze baserrian. Gurasoak, Bautista Lujanbio Ganborena hernaniarra eta Juana Josefa Retegi Iraola oiartzuarra izan zituen. Zazpi anai-arreben artean zaharrena izan zen eta hamahiru urterekin, Errenteriako Txirrita baserrira joan zen bizitzera, familia osoarekin batera. Garai artako "Bertsolariya" aldizkariko bertso emaile nagusia izan zen, eta bat-bateko jardunekin batera, bertso jartzailerik oparoenetakoa. Bertsolaritzaren historiako figurak handi eta ezagunenetakoa. 
Kanturako beti zegoen prest. Eskolatu gabea izan arren, irakurtzen bazekien, eta herritar soil baten buruan arrotz ziren izenak eta erreferentziak zeuzkan, hala nola, erromatarren historia, Foruen galerako pertsonaiak, eta abar. Alde horretatik Txirrita bertsolari klasikorik politikoena izan zen.
1935 urtean, Euskal Herriko I. Bertsolari txapelketan, Baserri txapeldunaren atzetik,txapeldunorde izan zen, 75 urte zituela. Eta hurrengo urtean, II. Txapelketako txapela berari eman zioten, bertsolaritzari egindako ekarpenagatik omenaldi gisa. 
Bere azken urteak Donostiako Altza auzoko Gazteluene baserrian igaro zituen, arreba baten etxean. Bertan eman zuen azken arnasa, 1936ko ekainaren 3an, Gerra Zibila hasteko hilabete eta erdi falta zela. Zahartzaroan bertso batean honela zioen:
Gazte gazterik hasi nintzan,
eta oraindaño bitartian,
zenbait umore eder jarri det
Kantabriako partian,
pixka batian ez naiz ahaztuko 
sartuagatik lurpian,
nere aipamenak izango dira
beste laurogei urtian.

URNIETAN ETA DONOSTIAN 
Eta Donostia 2016, aurtengo Europar Kultur Hiriburuak, Txirrita bertsolariaren heriotzaren 80. urteurren horrekin bat eginez, "Gabon Txirrita" antzezlana berreskuratu eta eszenaratzea proposatu du. Urnietako Udalaren laguntza du proiektu honek. Urnietan azken urteetan egin diren hiru ikuskizun handietan parte hartu duten 30 aktoretik gorako taldea martxoaren hasieratik lanean ari da buru-belarri, Miren Gojenola eta Mikel Laskurain aktore eta zuzendari ezagunen zuzendaritzapean. Bi emanaldi aurreikusten dira, biak irailean, eta biak kalean. Urnietakoa, Sanmiel jaien bueltan egingo da herriko plazaren batean, eta Donostiakoa ere irailean izango da, Trinitate plaza ezagun bezain mitikoan.

1982 URTEAN TAULARATUA
Xabier Letek idatzitako antzerki obra hau, jada taularatua izan zen Urnietan eta beste hainbat herritan1982 urtean. Lourdes Iriondok sortutako Buruntza antzerki taldea arduratu zen horretaz. Xabier Letek, obra idazteaz gain, berak zuzendu eta aktore lanetan ere jardun zuen, obrako hainbat paper berak eginez. Urnieta eta Hernaniko hamalau aktorek taularatu zuten "Gabon Txirrita" antzezlana, eta kasu gehienetan, pertsonaia bat baino gehiago errepresentatu beharra izan zuten, lan bikaina burutuz, garaiko prentsan irakurri litekeenez. 
Orduko hamalau aktoreak honakoak izan ziren: Maritxu Larzabal, Bartolo Orkaizagirre, Lourdes Ayensa, Joxi Lizeaga, Nekane Goñi, Jokin Izagirre, Kontxi San Sebastian, Joxe Manuel Kortajarena, Gabriel Mujika, Xabier Lete, Julian Melero, Joxe Manuel Lajas, Gotzon Nazabal eta Juanjo Donoxti. Argietan Jesus Fraisoli aritu zen, dekorazioan Periko Barrisoeta, pianoan Antton Valverde eta apainketaz Elixabete Unanue arduratu zen.
1982 urteko emanaldietarako prestatu zuten esku-programak azaltzen ditu obraren zergatiak eta pista batzuk eman ere bai obraren nondik-norakoaz: "Txirrita zenari auzi bat asmatzea bururatu zitzaigun. Euskal Herriko antzerki zaharrean egiten zen gisan. Karroxa, asto-laster edo tobera- munstra deitzen ziren adierazpenetan, gaia edo aitzakia horrelakoa izan ohi zen gehienetan: pertsona berezi baten bizitzako pasadizoak kontatzea, era xelebre batean, jakina.
Era horretako errepresentazioak fartsa giroa hartzen zuten sarri. Dena zen xelebrea: gaia, aktoreen imintzioa, gertakizunen karakterizazioa.
Horrek ez du esan nahi, hala ere, zenbait aldiz hura guztia auzitara eramana zen pertsonarentzat mingarria izan ez zitekeenik. Euskal herri teatro zaharrean badago halako moral kutsu estu bat; ez beti, jakiña, baina bai sarri.
Eta zergatik guk horrelako istilu bat Txirritari buruz asmatu? Atsegin zaigulako, jakina. Txirrita bera, pertsona eta pertsonaje bezala atsegin zaigulako (ez baizen aingeru bat, noski). Eta atsegin zaigulako, nunbait, bizitzari fartsa aldetik bere trazak hartzea ere.
Ez gera gauza handi eta garrantzitsu bat egitera joan. Txirritari buruz istorio bat kontatzera gatoz, eta, ahal balitz, zuei ikusleei farre pixka eginaztera. Horrela, bidenabar, guk ere ongi pasako dugu. Guk asmatutako Txirrita hori atsegin bazaizue, ontzat hartu; bestela berriz..., gaizki esanak, aldrebes esanak barkatu..., fartsa hastera doa. Gabon Txirrita."

PARTE HARTZEA ZABALIK DAGO
Norbaitek antzezlenean parte hartu nahi badu, horretarako aukera izango du. Harremanetarako:
gabontxirrita@gmail.com 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!