Herritarren txokoa

Arantxa eta Izaskun Amiano ahizpak, billabonatar petoak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko mar. 30a, 02:00

Arantxa eta Izaskun Amiano Sasiainbarrena ahizpak, Villabonako Kale Nagusiko 65. zenbakian jaio ziren. Bertan bizi dira egun ere. Iraganaz eta orainaz hitz egin dute.

Otsabi auzoko mojen eskolan ikasi zuten eta oroitzapen politak gordetzen dituzte garai haietaz. “Txalet moduko etxea zen, oso dotorea. Laugarren batxilergora arte ikasi nuen nik. Orduan hasi ziren mojak batxillergoa Villabonan ematen eta 18 urtera arte aritu nintzen ikasten”, zehaztu du Arantxak. Gustura ibili ziren, nahiz eta Izaskunek esan bezala, protestak ere izaten zituzten tarteka, bereziki, igandetako musika bandaren emanaldira dantza egitera uniformearekin joaten uzten ez zietelako. Izan ere, igandetan ere, bezperetara aurrena eta gero mojekin paseatzera joaten ziren Amasa edo Otsabira eta handik inor plazara dantzara joaten bazen, kastigua jartzen zieten, “pikoterak izaten baitziren”. Mojetako ikasleak astegun nahiz asteburuz ibiltzen ziren uniformez jantzita. Bi uniforme zituzten: Soineko beltza astegunetarako, erremate gorriekin. Igandetarako, berriz, soineko beltz pleguduna eta almidoi txuriko lepoa. “Gerora leporako plastiko txuriak atera zituzten. Aurrez plantxadorarengana eraman behar izaten genituen plantxatzera, lepo gogorrak edukitzeko”, adierazi dute. 

Besteak beste, kontabilitatea eta kaligrafia ikasi zituzten mojetan, baita frantses pixkatxo bat ere. Ikasketak amaitu bezain laster, Villabonako Larburu botikan hasi zen lanean Arantxa. “Hamalau urte egin nituen botikako saltzaile bezala, ezkondu arte”, azaldu du. Izaskun, berriz, mojetako ikasketak bukatu eta zer egin nahi zuen erabaki arte, josten ikasten aritu zen Encarna Gurrutxaga herritarrarekin, “orduan emakume guztiek josten jakin behar zutela esaten baitzen”. Gerora, estetizista ikasketak egin zituen Donostian irakasle frantziar batekin eta Madrilera joan zen titulua ateratzera. Berrogei urte pasatxo egin zituen langintza horretan Villabonan bertan. “Argi neukan Villabonan eskaini nahi nuela zerbitzua. Hiriek bakarrik ez, herri txikiek ere denetarik izan behar dutela uste izan dut beti”, azaldu du. 
 

Herriko ekintzetan buru-belarri

Maitea dute Villabona. Billabonatar peto-petoak dira eta jaioterria topera defendatu behar dela uste dute, Arantxak bereziki. Eurak umetatik hasi ziren herriko ekintzatan parte hartzen. “Gaztetxo ginela mojekin ateratzen ginen aurrena Gabonetan abesten. Gero zentro parrokialarekin urte luzetan, Cuevas maisuak erakusten zigun abesten”. Orduan ere ekimen ugari antolatzen zela diote eta, besteak beste, antzerkia ere egiten zutela katekisitik Gurea zineman. Arantxak Amabirjinaren papera eta Izaskunek artzain nahiz soldaduarena bete zituztenekoa ekarri dute gogora, ez daukate inondik ere ahaztuta. On Epifanio apaizak Kale Nagusian, –egun euren dendaren parean–, lehen solairuan zine mutua eskaintzen zuela ere gogoratu dute eta oso txikiak izanagatik, joan zirela inoiz amarekin filmaren bat ikustera, “zine mutua zenez tutu luze bat hartu eta haren laguntzaz azaltzen zuen parrokoak filma”, argitu du Izaskunek. Gainerakoan, gazteago zirela, Santa Ageda bezperan kalez kale ibiltzen ziren kantuan. Zentro parrokialeko hamaika ekintzatan hartu zuten parte, besteak beste, “herritar askoren artean, guk ere galtzak josi genituen katekesiko danborradarako”. Loatzo mendi elkarteko kide ere baziren eta negu partean behintzat astero joaten ziren haiekin mendira. “Festak non ziren begiratzen genuen, mendian ibili eta gero, festa giroa aprobetxatzeko”. Herrian ekimen ezberdinak antolatzeko desiatzen egoten zirela aitortu dute bi ahizpek, “gaur baino ekintza gutxiago izaten zen, baina parte hartzea handiagoa. Giroa sanoa zen, konfiantzazkoa, eta saltsa guztietan ibiltzen ginen”. Zer esanik ez herriko jaietan, “urte batean, Santiotako dantza suelto txapelketarako herritarrik ez zegoela ikusi eta eguerdi hartan bertan, herriko bi bikotek eman genuen izena. Ni Inazio Bravorekin batera aritu nintzen. Ez genuen kanpotik etorri zirenen mailarik eman, baina gustura aritu ginen”, gogoratu du Arantxak.

 

Amaiur lurrin-denda

Orain 32 urte zabaldu zuten Kale Nagusian kokatzen den Amaiur lurrindegi eta osagarrien denda. Ausartak izan zirela diote eta ilusio handiarekin eman zutela pausoa, “orduan ez zegoen Villabonan gurearen antzeko dendarik. Kanpora joan beharrik gabe, herrian bertan denda espezializatua eskaini nahi genuen”, adierazi du Izaskunek. Urtero-urtero, hutsik egin gabe, dendarako produktuak zuzenean aukeratzera joan ohi dira lau txandatan Madrilgo feriara, “32 urte daramatzagu, etenik gabe Madrilgo feriara joanez. Errepresentanteak ere etortzen zaizkigu, baina guri hara joan eta eskaini behar duguna zuzenean aukeratzea gustatzen zaigu, ez baita berdina zuzenean ikusita edota katalogotik aukeratzea. Madrildik ez ezik, Frantziatik ere ekarri ohi dugu arropa”, argitu du Izaskunek. Bizi egiten dute euren lana eta oso gustura aritzen dira Amaiur dendan. Pena bat dute, ordea. “Etorkizun iluna dute denda txikiek. Merkatalgune handiek nahiz Internetek min handia egin diote komertzio txikiari eta zaila izango da horri aurre egitea. Guk zuzeneko tratuaren alde egiten dugu eta ilusioz beteta jarraitzen dugu aurrera. Hori bai, lehen bezala: boligrafo eta paperarekin”.

{{IMG-34499}}
Izaskun eta Arantxa, gaztetxotan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!